euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Patxi Vidaurre jaio eta Salliqueló-ko Eusko Deya-k haritza landatu du, Pedro Azcaray gernikarrak emana

2015/10/15

Salliquelo herriak euskal haritza dauka hazten herriko berdegune batean, Patxi Vidaurre haurra kari.
Salliquelo herriak euskal haritza dauka hazten herriko berdegune batean, Patxi Vidaurre haurra kari.

PUBLIZITATEA

‘Ume bat, arbola bat’ izeneko ekitaldiaren 20. edizioan, aspaldiko amets bat bete du Salliqueló-ko Eusko Deya euskal etxeak: herrian euskaldunen ikurra den haritza landatzea, eta semea, Patxi, jaiotzari lotua egin du. Zuhaitza Pedro Azcaray gernikarrak eman du dohaintzan, eta BMX praktikatzeko eraikiko den berdegune batean egongo da. 

Salliquelo, Argentina. Azken urte hauetan aktibitate handirik izan ez duen arren, Eusko Deya Salliqueló-ko euskal elkarteak hor segitzen du eta oraingoan euskaldunen ondarearen marka utzi nahi izan dute beren herrian. Eta haritz bat landatu dute joan den urriaren 3an “Nace un niño, nace un árbol” (Ume bat jaio, zuhaitz bat jaio) izeneko ekitaldi ekologikoaren 20. edizioan.

Euskal Etxeko eledun den Marta Gorostidik Euskalkultura.com-i azaldu dionez, "herriko ekimen honen baitan, urtero landatzen dira arbolak, bana ume jaio berriko. Ekimena sortu zenetik nahi izan genuen parte hartu baina orain arte ez dugu aukerarik izan. Aurten ordea, euskal etxeko Juan Jose Vidaurrek umetxo bat izan du, eta horren harira egin nahi izan dugu". 

Kimua Eusko Deya-ren eta Patxi Vidaurre umetxoaren izenean landatu zen, eta euskaldunen arbolak beste 80 zuhaitzekin batera, Ituzaingo eta Juan Jose Moreda kaleetan dagoen berdegunea edertuko du.

Haritzaren alea Salliquelon bizi den Pedro Azcaray gernikarraren oparia izan da. "Berak kimu batzuk ditu bere zelaian eta bat eman digu hau guztia egin genezan". "Datorren urtean, urriaren 12an, Euskal Etxearen 30 urte beteko ditu eta zeremonia berezi bat antolatuko dugu, plaka oroigarria jarrita zuhaitzaren oinean" iragarri digu Gorostidek.

Zorionak Salliqueló-ko euskaldunei, antolatzaileei eta euskal etxeari, eta bereziki Patxi Vidaurre umeari. Seguru bere etorrerak gero, kolorea eta bizitza berria ekarriko diola bere inguruari, guraso eta familiari eta baita Eusko Deya-ko euskal familiari ere.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia