euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Necocheako Euzko Etxeak 70 bete ditu gaur, plaka eta ekitaldi batekin oroiturik, jai nagusia astebururako utziz

2015/04/15

Necocheako Euzko Etxearen sarrera nagusia artxiboko irudi batean, Korrikaren aurreko edizioan
Necocheako Euzko Etxearen sarrera nagusia artxiboko irudi batean, Korrikaren aurreko edizioan

PUBLIZITATEA

Necocheako Euzko Etxeak 70 urte beteko ditu gaur. Historikoki Argentinako euskal etxe handienetako bat den honek instalazio zabalak eta pisu handia dauka, izena ere euskal jatorrikoa duen Necochea Buenos Aires probintziako hegoaldean dagoen kostaldeko hirian, Mariano Jose Necochea guraso nafarren generalarengandik hartua. Urtebetetze eguna gaur izanik, ekitaldi sinboliko bat eta plaka desestaltzea egingo da egoitzako hall-ean, baina festa ekitaldia asteburura pasatu da.

Necochea, Argentina. Urtebetetze biribila kari, Necocheako Euzko Etxeari buruzko artikulu luzea eman zuen argitara atzo bertako Ecos Diarios egunkariak eta hortik laburbilduko ditugu hona 1945ko apirilaren 15ean euskaldun talde batek sortarazi zuen euskal elkarte honen datorren aipu sortako datuetako batzuk. Esan dezagun lehenik gaur, efemeridea ospatzeko antolatu den ekitaldia euskal egoitzako hall-ean egingo dela eta eguna markatzen duen plaka bat desestatzea izangi duela funtsa, elkarteko eta euskal komunitate buruak eta hiriko eta gizarteko ordezkariak lagun.

Ospakizun nagusia, berriz, larunbatera pasatu da, ahalik eta jende gehien biltzearren, eta egun horretan, apirilaren 18an, 22:00etan, afari eta festa egingo da, hitzak eta ohorezko aipu eta dantzak, eta seguruenik emozio eta hunkipena, daudak eta joandakoak gogoan.

Antonio Alustiza da une honetan elkarteko Zuzendaritza Batzordeko presidentea. Berak dakar gogora Euskal Herritik, Francoren altxamenduak ekarri zue gerlatik ihesean etorritako jende ekimentsu eta engaiatuak eraginik sortu zela 1945ean euskal etxea, hiriak hamarkadak aurretik euskaldunak eta euskal jatorrizko komunitate nabaria bazeukan ere. Geroztik segitzen du euskal etxeak euskaldunen zenbait belaunalditako partaideen biltoki eta elkargune, horretarako instalazio zabalak, ugariak, ongi kokatuak eta arras aktiboak dituela Necochean, fisikoki zein bestela ere herrian txertatuak.

Txertatze horren isla da baita ere Euzko Etxetik ez urrun, Dardo Rocha plazan gotor eta sendo hazten den Gernikako Arbolaren kimua, euskal festa eta egun seinalatu guztietan lore-sorta jasotzen duena, euskaldunen eta euren atxikimenduen adierazle sinboliko.

Zenbait aldiz izan da Necochea eta bertako Euzko Etxea Argentinako Euskal Aste Nazionalaren egoitza, herrialde osoko eta Euskal Herriko ordezkarien biltzaile eta sostengatzaile. Hurrengoa, urrunago joan gabe, datorren urtean bertan, 2016an.

Bere instalazioetako parte dira kirolari eskainitako zelai estaliak, pilotalekua eta saski-baloia barne. Dantza taldeak ere baditu, euskara eskolak, kantu taldeak, musikariak, eta Euskal Herriko jai eta festak bertako bersioan biziarazten dituen egitarau osatua.

Gazteen partaidetza ere suatatzen du eta Hator Hona programa, duela hamar urtedanik Euskal Herriko eta bertako gazteen lotura eta harremanbide den ekimena arrakastatsu ari da Euskal Herritik hona zein hemendik Euskal Herrira, 2015erako deialdia deitu berria dela.

70. urteurrenari ekin dion Zuzendaritza Batzordea honakoek osatzen dute, Antonio Alustiza buru:

-Lehendakari, Antonio Alustiza
-Lehendakariorde: José Picardi
-Idazkari, Ricardo Esnaola
-Diruzain: Horacio Giacomini
-Diruzainorde: Sebastián Laborde
-Emakumeen azpibatzordeburu: Adriana Bilbao (hala dute ezarria, hala idatzi dugu)

Alustiza lehendakariak gogora ekartzen du elkarteko egoitzak 3.000 metro koadrotik gora dauzkala, eta mantenimenduari behar bezala eusten zaiola.

Aldi berean, etxeko jatetxeak kontsezio moduan funtzionatzen duela, ondo funtzionatu ere, eta ekarpen polita egiten diola erakundearen martxari.

Etxeak eta hasierako jabegoak bi mila bat metro koadro zeuzkan eta eraikina 1946 eta 1951 bitartean egin zen, 58. hiribidea beta 65. kaleen artean, Cleto Garate erosle.

Lehenengo Zuzendaritza Batzordea honakoek osatu zuten:

-Lehendakari: Cleto Garate
-Lehendakariorde: Juan Bilbao
-Idazkari: Francisco Zubillaga Iturralde
-Idazkariorde: Alfredo Bilbao
-Diruzain: Luis Muguerza
-Diruzainorde: Pedro Zabala Beitía
-Batzordekide ziren Pedro Arozarena, Ignacio Larraza, Leoncio Iriberri etaq Gregorio Zubillaga.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia