euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mendebaldeko Xake Prixaren lehen etaparen egoitza bihurtu zen General Rodriguezko Eusko Aterpea, 200 lagun partaide

2026/06/15

Gran Buenos Airesko mendebaldeko xakelariak, neska-mutilak zein helduak, Probintzia Arteko Finalerako txartela lortzeko lehian aritu ziren Eusko Aterpearen egoitzan. Buenos Airesko txapeldunorde Pilar Kratzerrek bere domina jaso du Kika Vicenteren eskutik
Gran Buenos Airesko mendebaldeko xakelariak, neska-mutilak zein helduak, Probintzia Arteko Finalerako txartela lortzeko lehian aritu ziren Eusko Aterpearen egoitzan. Buenos Airesko txapeldunorde Pilar Kratzerrek bere domina jaso du Kika Vicenteren eskutik

PUBLIZITATEA

General Rodríguez, Argentina. Gral. Rodríguezko Eusko Aterpea euskal etxeak harrera bikaina egin dio Prix del Oeste xake txapelketako lehen etapari. Zirkuitu hau Gran Buenos Airesko mendebaldeko haur eta amateurrentzako lehiaketarik garrantzitsuena da, baita probintziako harrobi nagusia ere. Ia 200 lagun bildu ziren bertan, jokalari eta lagunen artean, jokoa, ikaskuntza eta elkartasuna uztartu zituen jardunaldian. Topaketa General Rodríguezko Udal Xake Eskolak antolatu zuen, herriko hainbat erakunderen elkarlanari esker.

Hitzordua ekainaren 6an, larunbatean, izan zen eta eskualde osoko xakelariak hurbildu ziren bertara. Adin eta maila askotako partaideak aritu ziren lehian, 8 urtetik beherakoetatik hasi eta 16 urte arteko kategoriakoak, heldu zein profesionalentzako Kategoria Librea ahaztu gabe. Guztiek Tandilen jokatuko den Probintzia Arteko Ligako Finalerako txartela zuten jokoan. Xake tauletatik haratago, ekitaldia haur zein nagusien arteko topagune bikaina izan zen, besteak beste argitalpenak partekatu, munduko futbol txapelketako kromoak trukatu eta 3D inprimagailuz egindako joko zein material didaktikoak zozketatu baitziren. Buffeta bertako Vicente López y Planes Ospitaleko Elkarte Laguntzailearen ardurapean egon zen, eta bildutako diru guztia erietxearen beharrak asetzeko bideratu dute.

Komunitate osoari begira

“Interesgarria izan da oso. Biziki ongi antolatua egon da eta izena eman duten lagun kopuruak aurreikuspen guztiak gainditu ditu; arrakasta handia izan da”, adierazi dio EuskalKultura.eus-i Eusko Aterpea-ko lehendakari Francisca "Kika" Vicentek, euskal etxea mota honetako ekintzetara zabaltzearen esperientzia baloratzerakoan. Ekitaldiaren amaieran, Euskal Etxeko zuzendaritza batzordeko kideek sari banaketan hartu zuten parte. Kategoria bakoitzeko jokalarien —neska, mutil zein heldu— lana aitortzeaz gain, lehenengo topaketa hau komunitate osoarentzako festa egun bilakatu zuen talde-lana txalotu eta eskertu zuten.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia