euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Maru Maiztegui: “Euskal Etxean literatura, argazkilaritza eta elkartasuna nire euskaltasuna uztartzeko lokarri ditut"

2021/10/13

Maru Maiztegui-k Argentinatik, San Nicolaseko Euskal Etxetik garatzen du bere lana. Irudian, kamera eskuetan
Maru Maiztegui-k Argentinatik, San Nicolaseko Euskal Etxetik garatzen du bere lana. Irudian, kamera eskuetan

PUBLIZITATEA

San Nicolas, Argentina. Askok pentsa dezakete pandemiak etxeratu eta isolatu gintuela. Eta egia bada ere une gogorrak bizi izan ditugula eta oraindik bizitzen ari garela, aldi berean, konfinamenduan, teknologia berriei esker, inoiz baino konektatuago egon da euskal komunitate birtuala. Gizarte distantzia eta distantzia fisikoa nagusitu ziren, bai; baino horri aurre egiteko hain zuzen, munduko bazter askotako lagunek bat egin zuten proiektuen inguruan, pantailak lokarri. Horrela iritsi zitzaion Argentinako San Nicolaseko Maria Eugenia ‘Maru’ Maizteguiri Lapurdiko ‘Hatsaren Poesia’ 2021eko bilduman parte hartzeko aukera.

“Iaz, urte hasieran, nire poema bat zabaldu nuen sare sozialetan –azaldu dio San Nicolaseko idazleak EuskalKultura.eus-i– eta ‘Hatsaren Poesia’ bildumaren erreferentea den Ainara Maia Urrotzek eta Bego Tisera gure Euskal Etxeko irakasleak euskararatu egin zuten. Ainarak bazekien poemak idazten nituela eta horregatik gonbidatu ninduen aurten bilduman parte hartzera. Niretzat oso pozgarria izan da, harro egoteko zerbait!”.

Lanbidez berme-epailea da Maru; baina horrekin batera ibilbide oparoa du literaturan. “Nerabezaroan hasi nintzen idazten, eskolan. Hainbat tailerretan hartu nuen parte eta duela urte batzuk ni neu hasi nintzen literatur tailerrak ematen, tartean ‘Nuevas Voces’ izenekoa, beste bi idazlerekin San Nicolaseko Casa del Acuerdo-n. Sari batzuk ere irabazi ditut urte hauetan eta hiru liburu argitaratu: Voces Clandestinas (2000) eta Voces de un país en lluvia (2003), neronek sinatuak; eta Poemas bajo llave (1998), azken hau ‘Nuevas Voces’ tailerreko lagunekin”.


[Maru Maizteguiren olerkia irudikatzeko ‘Hatsa’ elkarteko zuzendari Auxtin Zamorak egindako artelana, udan ikusgai egon dena Senpereko Larraldean, Lapurdin]

Euskarazko bilduma bateko partaide izateak garrantzi berezia du idazle argentinarrarentzat. Izan ere, literaturak lotu zuen bereziki Euskal Etxera: “Euskal Etxera hurbildu nintzenean, Elkarteko erreferente den Javier Tisera idazlearekin euskal jatorrizko idazleen poesiak irakurtzeko izan zen. Urte batzuk pasa ondoren, estuago lotu eta Euskal Etxeko Literatur Tailerra hartu nuen nire gain”, azaldu digu Maizteguik.

San Nicolaseko Euskal Etxea ezagutzen dutenek argazkilaritzarekin ere lotuko dute Maru, bera baita elkarteko ‘argazkilari ofiziala'. Horri buruz galdetzean, berehala argitzen du ez dela profesionala baina argazkiak egitea bai dela bere zaletasun kutunenetako bat. “Argazki kamera eskuan, Euskal Etxearen eta Euskal Etxeko lagunen momentu ederrak harrapatu ahal izan ditut eta oso pozgarria da irudi horiek gorde eta, esaterako, Interneten banatu ahal izatea. Ederra da Euskal Etxekoen lana bildu eta lekukotasun hori munduratzea, ‘Buenos Aires Celebra’ bezalako jaialdi handietan adibidez”.

“Euskal Etxea elkargune bihurtu da niretat”, aitortzen du; “lurra, odola, historia bera dauzkagun lagunok biltzen gara eta nire kasuan, gainera, literatura, argazkilaritza eta elkartasuna batu ahal izan ditut bertan. ‘Euskal jendeak janaria prestatzen duenean, denek jaten dute’ dio hemen ezaguna den esaerak eta esango nuke denbora zail hauetan oso ondo adierazten duela gure euskal etxeak isurtzen duen elkartasun integratzailea eta jendearengan iristeko joera”.

-'Poema en fuga' (Poema Ihesean), hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia