euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Limako EEko kide Mónica Rojas harro, bere ipuin bat Euskal Herrian argitaratuko den antologia batean sartu dutelako

2021/06/16

Mónica Rojas Turpaud bere familiarekin, Limako Euskal Etxeak antolatutako 2015eko Korrikan
Mónica Rojas Turpaud bere familiarekin, Limako Euskal Etxeak antolatutako 2015eko Korrikan

PUBLIZITATEA

Lima, Peru. Mónica Rojas Turpaud-ek idatzitako “Un curioso observador” (Jakinmina duen ikuslea) ipuina 19 irabazleen artean geratu da Otxarkoagako Txirula Kultur Taldeak antolatzen duen 'Mugarik Gabeko Ipuin Lehiaketa’ko azken edizioan. Gogora dezagun lehiaketa Bilboko Otxarkoaga auzoko Umeen Jardunaldien baitan antolatzen dela eta testu irabazleekin liburu bat argitaratu ohi dutela. Aurtengo liburua urriaren 17an aurkeztuko da Bilbon. Baina lehenengo lan saritua ere, 'Koplaria', Diasporako beste kide bati dagokio, Mari Joxe Azurtza Sorrondegiri, kasu honetan euskaraz idatzia.

Mónica Rojas Turpaud-ek azaldu dio EuskalKultura.eus-i aspaldi hurbildu zela Limako Euskal Etxera, bere senarrak euskal arbasoak dituelako, Bizkaiko Sestaokoak hain zuzen. “Lehiaketaren berri Euskal Etxearen bitartez jaso genuen, eta semeak eta biok testu bana idatzi eta bidali genuen”, azaldu digu.

Euskal Etxera senarra medio hurbildu zen baina denboraren poderioz bere bidea egin du bertan Mónicak: “Euskara eta sukaldaritza klaseak hartu ditut; dantza taldean nago eta Aberri Eguna eta Korrika ospatzeko egiten ditugun ekitaldietan ere beti hartzen dut parte. Horretaz gain, oso aukera polita izan nuen senarrari Euskal Herrira, Euskal Gizataldeen Mundu-Batzarretara lagundu nionean”, adierazten du.

Eta, gauzak nola diren, gizataldearekiko lotura hasieran senarrak ekarri bazion ere, “behin euskal munduan sartuta nire zuhaitz genealogikoa ‘astindu nuen’ eta Aguirre abizeneko birraitona ‘erori’ zen”, kontatzen du umoretsu Monicak.

“Un curioso observador”

Bere ipuina ez dago oraindik Euskal Herrian irakurgai –Txirula Kultur Taldeak argitaratu eta urrian aurkeztuko du– baina egileak honela aurreratzen digu bere nondik-norakoa: “Istorioa kostaldeko herri batean gertatzen da; ipuinak ingurumena zaintzeaz eta elkarbizitzaz dihardu; suspensea ere badu eta amaiera adierazgarri bat”. Zorionak, Mónica!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia