euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

La Platako Udalbatzak Euzko Etxea Euskal Etxeko Itsuen Futbol taldea saritu zuen ‘kirol arloko eredu izateagatik’

2016/09/07

Euzko Etxeako Itsuen Futbol Taldea, La Platako Udaletxean
Euzko Etxeako Itsuen Futbol Taldea, La Platako Udaletxean

PUBLIZITATEA

FPV-PJ alderdi politikoko Fabian Lugli zinegotziak aurkeztutako proiektu baten ondorioz, kirol arloko ‘pertsona eredugarriak’ izendatu zituen La Platako Udalbatzak Euzko Etxearen baitan sortutako Itsuen Futbol taldeko jokalariak. Buenos Aires probintziako hiriburuko euskal etxeko itsuen futbol talde osoak hartu zuen parte batzarrean. Futbolariek domina bana jaso zuten.

La Plata, Argentina. Aho batez onartu zuen La Platako Udalbatzak (hemen Concejo Deliberante deitzen denak) Fabian Lugli zinegotziak aurkeztutako dekretua eta Hiriak merezitako omenaldia egin zien Euzko Etxeko Itsuen Futbol Taldeko jokalariei. Abuztuaren 24an egindako batzarrean burutu zen omenezko zeremonia eta Martin Marelli zuzendari teknikoa eta Emilio Nahuel Saenz eta Hugo Nelli koordinatzaileak lagun, egun taldeko parte dien jokalariek --Lelio Sanchez, Walter Mendoza, Carlos Juarez, Pablo Villegas, Jonatan Gutierrez eta Matias Baldez-ek-- txalo beroak jaso zituzten euren sariak jaso zituztenean.

Lugli zinegotziaren esanetan, “talde honen sorrerak oso eragin ona izan zuen hiriko itsuen artean, asko hurbildu baitira futbolean hastera. Itsuen gizarteratzeko helburu argiak ditu taldeak: aktibitatea zabaltzeko futbol erakusketak antolatzen ditu; kontzientizazioaren aldeko ekimenak egiten ditu hezkuntza zentroetan; eta futbola bera laguntasuna, konfiantza eta ziurtasuna bultzatzen dituen kirol bat denez, euren lekua aurkitzen dute taldera hurbiltzen diren guztiek”, azpimarratu zuen dekretuaren arduradunak.

Bileran domina oroigarri bana jaso zuten jokalariek. Taldearen izenean, Lelio Sanchez kapitainak esker beroak adierazi zizkien mandatariei eta integrazioaren aldeko mezu engaiatua utzi zien bildutakoei.

EuskalKultura.com-i helarazi dionez, Euzko Etxea Euskal Etxea harro dago honetaz guztiaz eta zorionak luzatu nahi dizkio taldeari, komunitate osoarekin konpartituz hain garrantzitsua den ekintza honen babeslea izatea eta momentu honetan sentitzen duen harrotasuna.

(La Platako Euzko Etxeko Itsuen Futbol Taldearen berri sare sozialetan topa daiteke: Facebooken, Centro Basko – Futbol Ciegos izenpean; Instagramen, berriz, fubolciegocb idatziz)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia