euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Izaskun Kortazar: "Euskal Herrian gera zaitezke, baina ez bazara ateratzen ezagutzera, gauza asko gal ditzakezu"

2015/02/19

Boisen bizi da Izaskun Kortazar sondikarra, sei urtez NABOko euskara koordinatzailea izana. Datorren uda Brasilen emango du bolondres eta euskara tailerrak emanez Rio Grande do Suleko euskal etxearen eskutik.
Boisen bizi da Izaskun Kortazar sondikarra, sei urtez NABOko euskara koordinatzailea izana. Datorren uda Brasilen emango du bolondres eta euskara tailerrak emanez Rio Grande do Suleko euskal etxearen eskutik.

PUBLIZITATEA

Boise State University-ko (BSU) bere bulegoan hartu gaitu Izaskun Kortazarrek. 38 urte dauzka eta 12 dira Estatu Batuetan bizi dela. Sondikarra, gaztetxo zela ikasi zuen Izaskunek euskaraz Bilbon eta hizkuntza menperatu ondoren ingelesari ekin eta irakaskuntza ikasketak egin zituen. Azken urteotan NABO edo Ipar Ameriketako euskal elkarteen federazioko Euskara koordinatzaile ere izan da. Uda honetan Brasilera joateko asmoa dauka bolondres, eta hasia da dagoeneko portugesa ikasten. Munduko eskalduna da doaike.

Joseba Etxarri/Boise, AEB. Ez da geldirik egoten den horietakoa. 2004an ezagutu genuen, Idahora hilabete batzuk aurretik etorria zela, eta lehenik gaztelania irakasle ibilia zen Idahoko Unibertsitatean, Moscow-en, ondoren Boisera pasatzeko, bertako ikastolara. Gero beste bi urte egingo zituen Unibertsitatean Washington estatuan, Espainiar Literatura titulua atera arte, eta segidan beste urtebete atzera Boiseko Ikastolan. Ondotik, NABOk berak proposatutakoa egitasmoa onartu eta federazioko lehenengo Euskara koordinatzailea izan zen, Martin Goicoechea arduradun, sei urtez. Ikaskun Kortazar emakume kezkaduna da, dinamikoa, erritmo azkarrean lan egitera ohitua. Ametsak dauzka eta gogor saiatzen da gauzatzearren, ahaleginak beti merezi duelakoan.

-Euskaldunberria zara.

Hamahiru urte neuzkala ikasi nuen euskara nire bi ahizpekin --hirukiak gara--, Maitane eta Estitxu. Uda hartan euskara eskolak hartu genituen eta hurrengo ikasturtean buru-belarri sartu ginen institutuan euskaraz, erabat euskaldundu arte.

-Euskal Herrian zeundela, lan bolondresa egin zenuen presoekin.

Espetxe Pastoralarekin izan zen, asteburuetako taldean. Badaude noizbehinka kalera ateratzeko eskubidea daukaten presoak eta ezin dutenak sistema fido ez delako. Gure lana, beraz, bergizarteratzeari lotua zegoen, astialdia nola bizi eta bizitzari modu positiboan nola ekin erakusten genien, hasierako irteeretan lagundu egiten genien, atera aurretik eta ondoren analisiak egiten zizkietela, drogarik hartu al zuten neurtzeko. Ondo joan ezkero, eskubidea zeukaten familiarekin ateratzeko. Normalizazio bidean laguntzen genien. Nire ustez, talderen bat badago erabat baztertua gure gizartean, espetxeetako jendea da. Eurei buruz "hor badaude zeozer egingo zuten" edo "merezi dute" bezalakoak entzuten dira, baina espetxeetako bizimodua ez da trataera duina, txarto tratatu eta eskubide gehiegi ukatzen zaizkie. Denok gara sentiberak umeen aurrean edo Afrikan goseak daudenen kasuan, baina presoen kasuan jendeak ez dauka gutxieneko errespeturik, eta askotan erabat baztertzen ditugu, baita kartzela atzean utzi dutenen kasuan ere.

-Magisteritza ikasi zenuen, ingeleseko adarrean...

Bai, baina Euskal Herriko ingeles maila nahikoa ez zenez udan Londresera joan nintzen hobetzera eta gero beste bi uda eman nituen Eskozian jatetxe batean eta handik ia-ia jarraian etorri nintzen Estatu Batuetara.

-Nola izan zen hura?

Irakurria nuen artikulu bat Boiseko Ikastolari buruz Magisteritza juxtu hasia nuenean, baina pentsatu nuen hobe nuela lehenik ikasketak bukatu eta ondoren planteatzea. Lau urtez ibilia nintzen Gasteizen euskara-irakasle eta erronkek erakartzen ninduten; euskara nahi nuen irakatsi, baina egoera eta inguru zailago batean. Banekien Ameriketan euskaldunak zeudela eta jakinda ikastola zegoela, Boisek deitu zuen nire arreta. Hogeita sei urte neuzkan eta urte hartan zazpi beka eskatu nituen eta horietatik hiru eman zizkidaten, bat Londrese, eta ezezkoa eman nion, beste bat USAC programaren bidez espainola irakasteko Idahoko Unibertsitatean, Moscow-en, eta beste bat Boiseko Ikastolan aritzeko. Beraz, lehenik Moscow-ra joan nintzen eta gero sei hilabete Boiseko Ikastolara, 2003-2004an.

-Master bat ere atera zenuen Pullman-en, Washingtongo Unibertsitatean, eta halako batean NABOri proposamen bat luzatu eta elkarte honek bere lehenengo Euskara koordinatzaile izendatu zintuen.

Orduan zenbait euskal etxetan euskara eskolak ematen ziren eta pentsatu nuen merezi zuela lan hori hartu eta irakasleen sostengu lana egitea. NABOk oso ondo hartu zuen ideia. Gauzak sistematizatu, nolabait homogeneizatu eta material egokiz hornituta laguntza tekniko eta didaktiko baliagarria ematea zen erronka, Estatu Batuetara eta ikasle ingelesdunei moldatuta. Nire ustez inportantea da oso irakaslea lagunduta sentitzea, sare bateko partaide, kezkak nori azaldu izatea, euskara irakasleak gustura eta egoki mantentzen baditugu eraginkorragoak izango baikara. Sei urtez ibili nintzen horretan eta eskarmentua polita izan zen. Leku gehiagotan abiatu genituen eskolak, zeudenak dinamizatu eta euskararen inguruan ekimenak ugaldu genituen, esaterako Korrika bera, Santa Ageda, Euskararen Eguna, barnetegiak... eta, batez ere, euskara prestigiatu eta berezko leku bat emanez NABO barruan eta federazioko jardueretan.

-Irakasle zara gaur egun BSUn.

Gaztelania eskolak ematen ditut hemen lanaldi osoz, eta tarteka euskara eta euskal kultura ikastaro eta tailerrak BSU bertako Euskal Ikasketa Programarekin eta Boiseko Euskal Museoarekin. Euskara eta euskal kulturari dagokionez uste dut inportantea dela lana ez mugatzea bakarrik euskal zirkuluetara eta kalera ateratzea, gizarteari zabalduta orokorrean, gure kulturak asko baitauka eskaintzeko hemengo gizarte osoari.

-Uste dut oraintsu parada hartu duzula Euskal Herrian egiten zenuen ekimenen bat berreskuratzeko.

Hala da. Espetxean kolaborazio lan batzuk garatzekotan nabil hemen presoekin. Eta datorren uda honetan, nire aspaldiko beste amets bat beteko dut, Estatu Batuetara etorri aurrekoa. Izan ere, hemen 12 urte badaramatzat ere, nire hasiera planak urtebete egon eta Brasilera joatekoak ziren, beti erakarri izan nauen herrialdea baita. Beraz, portugesa ikasten hasia naiz eta uda honetan bolondres joango naiz Brasilera eta denbora hartuko dut baita ere, euskal komunitatearen lankide, euskara ikastaro batzuk emateko, Rio Grande do Sul-eko Euskal Etxearen eskutik.

-Gure irakurleetako batzuek seguruenik egingo lizuketen galdera: Erraza al da gaur egun europar --edo esaterako hegoamerikar-- batentzat Estatu Batuetara etorri eta bertan legepean bizi eta lan egitea?

Ez. Hemen egin edo bukatu dituzun ikasketarik ez baduzu ez da batere erraza.

-Zein aholku emango zenieke atzerrian urratsen bat ematekotan dabiltzan gazte euskaldunei?

Nire ustez, norberak bere burua ezagutzeko ahalegina egin eta bilatu eta topatu behar du bere bidea. Ez dago errezeta finko eta unibertsalik, baina bai animatuko nukeela jendea, etxetik atera eta bidaiatzera, eta ez bakarrik lan bila edo lan-egoerak eraginda. Aire berriak arnastu eta besteen molde eta kulturak ezagutzea beti da sanoa. Bidaiatzen duzunean, Euskal Herrian geratuta sekula gertatuko ez litzaizkizun gauzak gertatzen zaizkizu, etxean geratuta gauza asko galtzen dituzu. Norberaren aukera da, baina uste dut bidaiatzea eta hizkuntzak ikastea pertsona batek bere buruari egin diezaiokeen oparirik onena direla.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia