euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Iruñerrian euskararen sokari eutsiz urte zailetan familiak euskaldun hazi zituzten emakumeak, sarituak

2005/05/26

Donata Urriza, Rosario Erro, Pilar Berezibar eta Felisa Urrozek Mikel Bujanda kazetariarekin hitz egiten dute atzo egindako agerraldian (DN argazkia)
Donata Urriza, Rosario Erro, Pilar Berezibar eta Felisa Urrozek Mikel Bujanda kazetariarekin hitz egiten dute atzo egindako agerraldian (DN argazkia)

PUBLIZITATEA

Iruñerrian, euren herrietatik hirira bildu eta frankismopean erdara nagusi zen giroan arbasoen suari eutsi eta familiak euskaldun hazi zituzten emakumeak omendu eta saritu ditu Iruñeko Euskalerria Irratiak Larreko Sariarekin. "Hemen ditugunak ez dira zine artistak, telebistan ez dira maiz ateratzen eta, baten batek esango lukeen bezala, akademikoak ere ez dira. Baina hizkuntza hemen erein dute orain baino urte zailagoetan. Gaizki ikusiak zeuden urte haietan euskarari eutsi, euskaldun izanik euskaraz mintzatu eta euskaldun izatearen suertea seme-alabei pasa diete. Eta sari honen bitartez egindako lana eskertu nahi diegu", adierazi zuen Bujandak atzo sariaren aurkezpenean, Ibai Fernandezen kronikak Diario de Noticiasen biltzen duenez.
Iruñerrian euskaraz egitea inoiz ez da erraza izan. Eguneroko bizitza euskaraz egitea utopia batean bihurtzen da askotan, zaila da kutxan, azokan edo tabernatan euskaldunak topatzea, eta gehienetan erdarara jo behar da nahi dena lortu ahal izateko.

Euskaraz bizi ahal izateko asko dira gainditu beharreko trabak, eta asko ere egin beharreko lana. Baina egungo egoera okertzat baldin badaukagu ere, hizkuntzak XX. mendean zehar Iruñerrian bizi izan duen egoera askozaz okerragoa izan da. Frankismo garaiak ziren, nazional-katolizismoa nagusi beraz, eta ausartenek baino ez zuten euskaraz egiten. Hizkuntza legez kanpo egoteaz gain, euskaldunek bizilagunen arbuioari ere aurre egin behar zioten.

Egoera beltza baino beltzagoa zen, baina Iruñerriak izan zituen euskara bizirik mantendu zutenak. Herri euskaldunetatik etorritako emakume eta gizon gazteak ziren, euskaldun peto-petoak, gizarte frankistari aurre egin eta euskararen transmisioa bermatu zutenak.

Ez zen dema erraza izan. Garaiko jendeak, baserri edo herri hizkuntza zela argudiatuz, euskara gutxiesten zuen eta ahalegin handia egin behar izan zuten bizirik mantentzeko. Baina orain heldu zaie esker ona. Epaimahaiak haiei eskaini diete aurtengo Larreko Saria. "Euskararen mesederako eta euskaldunen onerako egindako lana eta ahaleginak txalotu eta saritu nahi izan ditugu. Merezi duten bezala baloratzeko", azaldu zuen Euskalerria Irratiaren izenean Mikel Bujanda zuzendariak.

"Hemen ditugunak ez dira zine artistak, telebistan ez dira maiz ateratzen eta, baten batek esango lukeen bezala, akademikoak ere ez dira. Baina hizkuntza hemen erein dute orain baino urte zailagoetan. Gaizki ikusiak zeuden urte haietan euskarari eutsi, euskaldun izanik euskaraz mintzatu eta euskaldun izatearen suertea seme-alabei pasa diete. Eta sari honen bitartez egindako lana eskertu nahi diegu", adierazi zuen Bujandak atzo sariaren aurkezpenean.

HASIERA GOGORRA, Gizartearen mespretxua

Euskalerria Irratiak saritu dituen emakume gehienak txikitan heldu ziren Iruñera eta erdaraz hutseko giro batean hezi zituzten seme-alabak 50. eta 60. hamarkadetan. Garai gogorrak ziren haiek, gerra bukatu berri zegoen eta ez zen erraza euskaraz hitz egiteko norbait topatzea. Gainera hizkuntza mesprezatu eta gutxiesten zuen gizarte batekin egiten zuten topo.

54 urte dira Pilar Berezibar Iruñera heldu zela, eta urte haietan euskaraz egitea zaila zen. "Denak belarrimotzak ziren", gogoratu zuen atzoko aurkezpenean. "Esaten nuena ez zuen inork ulertzen, eta tontoak ote ziren galdetzen nion neure buruari. Hala ere, euskaraz egiten jarraitu nuen. Ni euskararik gabe ez naiz pertsona", nabarmendu zuen.

Antzeko esperientzia bizi izan zuen Zeferinak. Iruñean jaio zen, eta 12 urtez Beuntzan bizi eta gero, hiriburura itzuli zen. "Garai haietan ez zegoen euskaldun askorik, eta euskaraz hitz egiteko, etxetik ihes egin eta autobus geltokira joaten nintzen herriko jendearen bila". Beste askok bezala, ingurukoen desaireei ere aurre egin behar izan zien Zeferinak. "Jende askok galdetzen zidan: 'euskalduna zara? nabarmentzen zaizu'. Euskalduna izanagatik ni gutxietsiz, noski". Abarzuza liburu dendan lan egin du denbora guzti honetan, eta gizon erdaldunarekin ezkondu bazen ere, dendan "beti euskaraz" egin duela gogoratzen du harrotasunez. Egun bizi dugun egoeraren aurrean mantendu beharreko jarrera garbi dauka Zeferinak: "Jartzen dizkiguten trabak gainditzen jarraitu behar dugu".

JARRAIPENA, Ama euskaldunetik, seme-alaba euskaldunak

Giroa egokiena ez bazen ere, euskarari eutsi zioten emakume hauek. Euren gurasoen hizkuntza seme-alabei erakutsi zieten, euskararen iraupena bermatuz. Senarrarekin beti euskaraz hitz egin duela azaldu zuen Rosario Errok. "San Nikolas elizan, San Migelen aldarean, ezkondu ginen euskara hutsean egin zen meza batean. Nahiko arraroa zen hori, garai haietan inor ez baitzen euskaraz ezkontzen. Gero, hiru seme-alaba izan genituen, eta hiruek euskaraz egiten dute gaur", gogoratu zuen hunkituta, orain urtebete hil zi-tzaion senarra gogoan zuela.

Maritxuk ere euskara irakatsi zien bere lau seme-alabei. Urte haietan Iruñean norbait euskaraz entzutea arraroa zela azaldu zuen, baina noizbehinka ustekabe atsegin bat izaten zutela. "Behin izeba bisitan etorri zen, eta paseatzen ari ginela bi gizon gorbatadun hurbildu zitzaizkigun. Gu euskaraz ari ginen hizketan eta 'seguir así, no lo perdáis' esan ziguten. Zer nolako ilusioa egin zigun". Maritxuk bezala, Candidak ere euskara irakatsi zien bere umeei, eta hori gizon erdaldun batekin ezkondu zela. "Nire senarrak ez zekien euskara, baina nirekin ikasi zuen, eta hil zenean primeran hitz egiten zuen". Kalean mintzatzeko "ahalegin handia" egin behar izan duela gogoratu zuen, baina oraindik, doan tokira doala, euskaraz hasten da hitz egiten. "Eta beti topatzen da euskaraz dakien norbait".

GAUR EGUN, Lehen baino hobe

Euskarak egun bizi duen egoera 50. eta 60. hamarkadarekin alderatzerakoan bat datoz andere guzti hauek: euskara orain lehen baino hobeto dago. "Lesakatik etorri nintzenean, --adierazi zuen Felisa Orozek-- ez neukan norekin hitz egin. Ingurukoek hizkuntza mespretxatzen zuten, eta ez zuela ezertarako balio esaten zidaten. Bakar batekin egiten nuen euskaraz eta, inoiz utzi ez badut ere, urte askotan ia ez nuen erabili. Orain ordea giroa aldatu da, gero eta euskaldun gehiago dago eta hitz egiten hasi naiz berriro. Eta bilobek kulpa handia dute horretan, ikastolan ikasi dute eta hori nabari da kalean ere".

Gazteek euskaraz lehen baino gehiago egiten dutela esatean Felisarekin bat izan zen Maria Jesus Etxeberria. Iruñera etorri zirenean "kalean euskaraz egitea ezinezkoa" zela nabarmendu zuen, eta etxean baino ez zutela egiten. "Gaztetxoek badakite, baina gure adinekoek ez", adierazi zuen penaturik.

Egoera ospatzekoa ez bada ere, egia da euskara lehen baino hobeto dagoela. Ikastolek transmisioa bermatu dute eta jada ez dago desagertzeko arriskuan. Baina hori horrela baldin bada, emakume hauek garai haietan egindako ahaleginagatik izan da neurri handi batean. Eta hori da hain zuzen Larreko Sariarekin eskertu nahi dietena. "Euskara soka luze bat da, garrantzi handikoa eta puskatu gabe mantendu behar dena. Emakume hauek jarraipena eman diote, eta eskertu nahi diegu", azpimarratu zuen Mikel Bujandak.

Saria emateko festa-ekitaldia eta afaria ekainaren 17an eginen da Paz de Ziganda Ikastolan. Iruñerriko lehen eta gaurko euskaldun biltzeko eguna izango da.

(2005-05-25ean Nafarroako Diario de Noticias-ek argitara emana)


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia