euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Iparreko Ibarra Euskal Etxeak NABO Kantari Eguna kantzelatu du eta Federazioak birtuala egingo du udazkeneko bere bilera

2020/09/24

Rocklingo Euskal Bestako aurreko edizio bateko irudia, klikako kideak besta edertzen.
Rocklingo Euskal Bestako aurreko edizio bateko irudia, klikako kideak besta edertzen.

PUBLIZITATEA

Rocklin, AEB. Kaliforniako Rocklin-en, Iparreko Ibarra Euskal Etxeak ofizialki kantzelatu ditu bere 2020ko Besta eta bere baitan egitekoa zuen NABO Kantari Eguna; erabaki horri jarraiki, NABOk iragarri du birtuala egingo duela bertan egun berean, urriaren 10ean, egin behar zuen bere Fall Meeting edo Udazkeneko Bilera, urtean Estatu Batuetako eta Kanadako Euskal Etxeen ordezkariekin egiten dituen hiru bilkuretako azkena.

Mundua, Estatu Batuak eta Kalifornia bizitzen ari den pandemiagatiko egoera gogoan espero zitekeen neurri honen ondoren, NABOk adierazi du Zoom plataforma bidez gauzatuko duela Udazkeneko Bilera, eta bertan parte hartzeko eskubidea daukaten delegatuek bere webgunean topa ditzaketela aztertuko den gai-zerrenda eta aipatuko diren gaiei dagozkien dokumentuak. Aldi berean Zoom kodea ere partaidetza konfirmazio prozesuan emango zaiela.

Iparreko Ibarra Euskal Etxea, Kalifornia iparralde barnealdeko euskaldunak biltzen dituen euskal elkartea da, eta bere kideetako asko Kalifornian bertan Euskal Herriko euskaldunen seme-alaba jaiotakoak dauzka, asko San Frantziskoaldean bertako euskal etxeen itzalpean haziak eta ondoren familiak sortu eta eskualde honetara etorri zirenak, izan ere euskal presentzia historiko eta zaharragoa daukaten bailara hauetako euskaltasuna indartuz.

Lan ederra egiten dute, baina Covid-19aren egoerak ez du barkatzen. Animoak eurei eta eurak bezala egoera berean suertatu diren munduko gainerako euskal etxe eta euskaldunei. Aurrera, aitzina, atxik eta ez etsi, biziki estimatzen dugu zeuon lana!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia