euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Iñigo Arruti, Hilton hoteleko zuzendaria: «Istanbulgo mezkiten kantuak Laboa dakarkit gogora»

2009/10/15

Iñigo Arruti
Iñigo Arruti

PUBLIZITATEA

Txikitatik bizi izan du ostalaritza gertutik. Turismo ikasketak egin, eta egun Istanbulen dago, bost izarreko hotela zuzentzen. Tolosarra da, eta 1994an hasi zen munduan hotelen munduan: Txileko Santiago, Bartzelona, Lisboa, Paris, Madril... 390 langile dauzka orain Istanbulen bere esanetara. Urtzi Urrutikoetxeak eginiko elkarrizketa atzo eman zuen argitara Berria egunkariak.

Urtzi Urrutikoetxea/Istanbul, Turkia. Bost izarreko luxuzko hotelean bizi denak zertarako egin hamahiru edo hamalau ordu lan? Bada ostatuko zuzendaria izateak dituen pribilejio eta betebeharrak dira. Deabruak Teilatuetan taldeko bateria izandakoa Istanbulgo Hilton hoteleko zuzendaria da.

-Tolosatik irten, mundu erdian ibili eta, orain-oraingoz, Istanbulen. Sustrairik ez?

Ez, herrimin kontuak gero eta gutxiago ditut. 1994an Txilen hasi nintzenetik, hainbat hiritan ibili naiz, eta, orain, Istanbul egokitu zait.

-Baina zuzendari oraingoan.

Orain arte operazioetako zuzendaria izan naiz Madrilen, eta, orain, zuzendaria, ingelesez manager deitzen diotena, Istanbulgo hiru Hiltonetako Conrad hotel honetan. Gure gainetik zuzendari orokor bat dago hiriko hiru hotelen ardurarekin.

-Gora eta gora.

Atzera begira jarri eta katea hemen amaitzen dela ikusten dut. Turismoa eginda, Logroñon egon nintzen; Txileko Santiagon, 1994an; Bartzelonan ostalaritza eskolan graduondokoa eginda, Lisboan egin nituen praktikak hoteleko harreran; Pragan, gero; Parisen, sail komertzialean egon nintzen Eiffel ondoko Souffre-an -orain ez da Hilton-, eta, handik, Madrilera, operazioetako zuzendari izatera. Eta, azkenik, hemen, zuzendari.

-Eta zer egiten du Hilton hoteleko zuzendari batek?

Goizeko zortzietan gelatik jaitsi, eta noiz amaituko duzun ez jakitea da, bulegoa eta lekuan lekuko lana, langile eta bezeroekin harremanak izatea, kontaktuak egitea, negozioari eustea eta kudeatzea. Afaria beti buruan daukazu; horrelako konpainia batean edozein unetan prest egon behar duzu. Askotan gutxien espero duzuna gerta dakizuke.

-Egun batetik bestera Istanbulera bidaltzea, adibidez.

Bai, azkar egin genuen aldaketa, hiru aste doi-doi; aurreko zuzendaria Maldivetako hotelera zihoala esan, eta hona etorri ginen emaztea eta biok. Nik Bartzelona neukan buruan, baina Bartzelona edo Istanbul esan balidate, Istanbul esango nuen, beti izan dut hona etortzeko gogoa. Jendea oso abegikorra da; berez dauka abegikortasun hori, eta, berez daukanean, zabala eta atsegina denean, askoz errazagoa da hotel bat zuzentzea, jendeak zerbitzuarekiko zentzu hori hain barneratuta daukanean, hain zuzen ere.

-Eta zer moduz moldatu zara?

Hiri oso atsegina da. Gastronomia aldetik euskal sukaldaritza egiteko ere ia guztia duzu Istanbulen. Parisen zortzi urte eman nituen; hotzagoa da; Istanbulen bizitzea errazagoa da. Gustuko dut tarte libre apurretan norabiderik gabe galtzea, oinez abiatu eta bazarreraino edo beste edonora. Hainbat auzune eta txoko ezagutu ditut, eta bitxia badirudi ere, askotan Asiako aldea europarragoa egin zait Europakoa baino. Baina benetan gustuko dut Istanbulgo kaleetan galtzea. Hemen jendea kalean bizi da, ikusten dituzu jende multzoak backgammon-era jokatzen edo xakean; ume asko dituzte familiek, eta irten beharra dago, noski. Kontraste handiko hiria da, segundo batean Mila gau eta bat gehiago-tik ateratako leku bat ezagutu dezakezu, alfonbrak hegan egitea baino falta ez den txoko bat, eta, metro gutxira, New Yorken ere topatuko ez duzun sofistikazioa daukazu.

-Ostalaritza txikitatik bizi izan duzu.

Beti Alai jatetxea zeukaten gurasoek Tolosan, baita hotel txiki bat ere; han bizi ginen, 90eko hasieran, eta lagundu ohi nuen. Gero, turismo ikasketak hasi, gurasoek hotela saldu eta Logroñon ezkontzetako bazkariak ematen zituen jatetxe bat hartu zuten.

-Eta orain ere bost izarreko hotelean bizitzen. Badakit, dena ez da dirudien bezain polita, baina...

Jendeak lanaren alde polita ikusten du, Istanbulen hotelean bizi, baina erantzukizuna ere oso handia da, goizetik berandu arte. Hotela elementu bizia da, egin kontu 390 langile daudela hemen; hau ez da enpresa txikia, ezta erdi txikia ere; Euskal Herrian, lantegiko buruzagi batek 100 langile izango ditu gutxi asko.

-Herriminik ez, eta musikaren faltarik ere ez?

Bartzelonan jadanik utzi nuen. Madrilen hotela irekitzeko urte erdi izan dugu, eta astia aprobetxatuta moldatu ginen. Baina hona etortzean esan nion taldeari, eta beste bateria bat topatu dute. Mono pixka bat badaukat, baina taldeak dedikazio handia behar du, eta lan honekin banekien ezin zela. Taldea hor dago, eta, egunen batean, batek daki.

-Besterik?

Bai. Herrimina ez, baina gauero Mikel Laboa etortzen zait burura mezkitetatik kantuan hasten direnean. Laboa forever.

(2009-10-14ean Berrian argitara emana)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia