euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ilusio handiz bizi dute San Martin de los Andes-ko Euskal Txokoan urrian euren lehen Euskal Aste Nazionalera joatea

2015/09/14

San Martin de los Andesko Euskal Txokoa euskal etxeak bere lehenengo urteurrena ospatu zuen uztailean (argazkia Soledad Ruiz)
San Martin de los Andesko Euskal Txokoa euskal etxeak bere lehenengo urteurrena ospatu zuen uztailean (argazkia Soledad Ruiz)

PUBLIZITATEA

Gogotsu ari dira prestatzen Neuquen probintzia andestarreko euskal etxe gazteko kideak Macachinera joateko bidaia, 2015ekoa euren lehenengo Euskal Aste Nazionala izango baitu urtebete baino ez duen euskal elkarteak. Baina ari dira bestela ere mugitzen, eta ekintza bgehiago ere iragarri dituzte sanmartindarrek: irailean euren bigarren Taberna egingo baitute eta urrian ‘Begiradak eraldatzen’ erakusketa jarriko baitute erakusgai.

San Martín de los Andes, Argentina. Uztailean ospatu zuen bere lehenengo urtebetetzea Patagonian, Andeak inguratuta dagoen San Martin de los Andeseko Euskal Txokoa-k eta nahiz eta instituzio gaztea izan oso, urrats sendotako ibilbide irmoa ari da osatzen hiriko euskal jatorrizko jendearen borondatea eta atxikimendua lagun. Berrogeita hamarretik gora pertsona bildu ziren urtebetetzea ospatzera eta pastela jan eta topa egiteaz gain etorkizunari begirako hainbat proiektuz mintzatu ziren euskal etxeko kideak.

Irailean

Hilabete honetan, euren bigarren Taberna antolatuko dute oso bisitari bereziekin gainera. Elkarteko lehendakari Manuel Bustingorryk Euskalkultura.com-i adierazi dionez, “poz-pozik gaude Bahia Blancako dantzariak etorriko direlako gurekin ekitaldi honetan dantzatzera. Eta afariaz San Nicolaseko Euskal Etxeko sukaldariak arduratuko dira, tartean, Damia Cebey lehendakaria. Izan ere, sukaldaritza tailerra emango dute eta afaria prestatzea ere euren gain hartuko dute”. Hitzordua irailaren 26an izango da, jendarmeriaren aretoan, Gral. Roca eta Rivadavia kalegurutzean. Euskal etxetik jakinarazi dute asteburu horretan prezio berezia, %20ko beherapenarekin. egingo diela Euskaldunberri Hotelak euskal tabernara joango diren bisitariei. 

Urrian

Ekintzen programarekin jarraituz, Euskadiren Argentina-Mercosurrerako Ordezkaritzak antolatutako ‘Begiradak eraldatzen’ erakusketa jarriko du erakusgai Euskal Txokoak urriaren 7tik 12ra. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak bultzatutako sentsibilizazio kanpainetako materiala biltzen duten panelak San Martin de los Andes hiriko Liburu Azokan ikusi ahal izango dira, udal erakusketa aretoan.

Berriekin bukatzeko, Euskal Txokoko lagunentzat arrunt berezia den bat, San Martinetik bozkarioz jakinarazi baitigute euskal etxeko talde batek parte hartuko duela, lehenengoz, Argentinako Euskal Aste Nazionalean. “Gure lehenengo aldia izango da eta nahiz eta talde txikia izan, oso polita izango da bertan egon ahal izatea eta batez ere beste gainerako euskal etxeetako jendearekin bildu eta hartu-emanak sortzea”, azaldu du Bustingorryk. 


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia