euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hogeita hamarretik gora gaztetxo euskara ikasle Río Coloradoko eta Patagones-Viedmako euskal etxeetan

2009/06/30

Euskara ikasle gazteak Rio Coloradoko Euskal Etxean, Rocio Basterra irakasle
Euskara ikasle gazteak Rio Coloradoko Euskal Etxean, Rocio Basterra irakasle

PUBLIZITATEA

Argentinako hainbat euskal etxetan helduei eskaintzen zaizkie batez ere euskara eskolak. Beste leku batzuetan, euskal etxeen hazia eta etorkizuna umeak direla pentsaturik, nahiago dute umeekin aritu eta haiekin urratzen dituzte euskararen bideak. Bi jarrerak, kontrajarriak ezezik, osagarriak ere badira. Haurrei dagokienez, gaur egun gero eta txiki gehiago hurbiltzen dira euskal etxeetara bai euskara bai dantzak eta kantak ikastera. Halaxe gertatzen da Río Coloradoko eta Carmen de Patagones-Viedmako kasuetan. Apirilean hasi zituzten klaseak Rocio Basterra euskara irakaslearen ardurapean.

Rio Colorado/Viedma-Carmen de Patagones, Argentina. Apirilaren 13an hasi ziren euskara klaseak Rio Coloradoko 'Ibaiko Euskaldunak' Euskal Etxean, Rio Negro probintzian. Irakaslea bertakoa ez denez, eskolak hilean bitan dira, astelehenetan bi astero, hain zuzen. Zortzi eta hamahiru urte arteko neska-mutilen klaseen ordutegia, arratsaldeko ordu bietatik bostetara da.

Rio Colorado haurren euskara eskolak 01

[Rio Coloradon euskara arloko jolas ekimenetan partaide diren bi haurño]

Rio Colorado haurren euskara eskolak 02

[Euskara eta euskal kultur elementuak ikastea eta jolastu eta ongi pasatzea, uztarturik Rio Coloradoko euskara eskoletan]

Txikiak, berrriz, bi eta lau urte artekoak, hasi berriak dira eta arratsaldeko bostetatik zazpietara dute klasea. Klaseetan, askotan, jolasak erabiltzen dira, euskara eta jolasak uztartuz. Azpimarratzekoa da zer nolako ahalegina, ahalegin iraunkorra, egiten duten haurren gurasoek eta haurrek urte osoan zehar, eta zer esanik ez irakasleari buruz, Rocio Basterra, Viedman jaioa bera, baina egun Bahia Blancan bizi dena eta klasea eman behar duen aldi bakoitzean, Rio Coloradon, esaterako, 180 kilometro egin behar dituena.

Carmen de Patagones eta Viedman

Viedma eta Carmen de Patagoneseko 'Beti Aurrera' Euskal Etxean ere ikasturtea garai berean hasi zen. Txikienak, hamaika urte arte dauzkatenak, 2006tik dabiltza euskara eta euskal kulturan murgilduta.  Hauek bi astetan behin daukate hitzordua, igandetan, Basterra irakaslearekin. Astelehenetan arratsaldeko hiruretatik seietara, berriz, aurreratuta daudenen txanda da. Aldi berean, Rocío Basterra irakasleak, Argentinan Euskaraz-eko kurtso remotoko partaide izan zenak, momentu honetan Nazioarteko Taldean dabiltzan hiru ikasleri laguntzen die euskararekin nahiz internet bidezko ikasketaren prozesuarekin. Hauxe emakume gazte honen dedikazioa eta maitasuna euskara eta euskal kulturari.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia