euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gogoz itzuli dira 2022an Boisera 'San Inazio' jaiak, Korrontzi eta Udaberrirekin, eta Anita Anacabe eta Aita Antton omenduz

2022/08/14

Aita Antton Egigurenek eta Anita Anacabe Franzoiak jaso zuten uztailaren 31ean Kristin Armstrong parkean Cenarrisa Fundazioaren saria
Aita Antton Egigurenek eta Anita Anacabe Franzoiak jaso zuten uztailaren 31ean Kristin Armstrong parkean Cenarrisa Fundazioaren saria

PUBLIZITATEA

Loiolako San Ignazio da Boiseko euskaldunen zaindaria, eta euskal festak haren ohoretan egiten dira uztailaren 31ean. Bost urtean behin, baina, urteroko tokiko festa hori 'Jaialdi' nazioarteko festa erraldoia bilakatzen da, nahiz eta, pandemiagatik, 2020koarekin txandapasa egin behar izan zuten, 2025erako utziz. Bi urte joanak, beraz, San Ignaziorik gabe, eta aurten gogo bereziz ekin zaie. Boisen bizi den Todor Azurtzak egin digu kronika.

Todor Azurtza / Boise, Idaho, AEB. Berez badira edizio pare bat urteroko San Ignazio jaiak —hemen San Inazio esaten zaie— antolatu ezinean izan direla Boisen, pandemiaren ondorioz. Ez da harritzekoa, beraz, aurten jendeak gogo handiz parte hartu izana berriro ere Basque Block-en Azpeitiko Iñaki Deunaren omenez antolatutako ekintzetan. Eta nahiz eta 40Ctik gorako sargoria izan, inork ez dio ospakizunerako aukerari batere muzin egin.

Ostiraletik igandera arte iraun zuen jaiak ehundaka jende elkartu zituen, hainbat adin eta jatorritakoak, baita Euskal Herritik etorritako bi talde ere: Korrontzi folk musika taldea eta Tolosako Udaberri dantza taldea. Biek hainbat ekintza partekatu zituzten bertako Oinkari dantza taldearekin, elkarlanean, bizipenak partekatuz, bi lurraldeen arteko euskal zubia indartuz...

Ostiralean, ohiturari jarraiki, hainbat sendi eta lagun elkartu ziren Euskal Etxean otordua partekatuta jaiari hasiera emateko. Bitartean Anduiza Frontoian esku-pilota eta pala partidak jokatu zituzten aspaldi ez bezala jendez gainezka zegoen pilotalekuan. Ondoren Udaberri dantza taldeak dantza erakusketa eskaini zuen Basque Block-en, euskal auzoan dagoen kalean, ikuslegoaren txalo beroak jasoaz. Eta ondoren festak Euskal Etxean jarraitu zuen, Korrontziren kontzertu bizi batek jende guztia dantzan jarrita.


Adin guztietako pertsonak otordua partekatzen Boiseko Euskal Etxe barruan (arg BEE)


Pilota partidak Basque Block-en, Anduiza hoteleko kantxan (argazkia BEE)

Larunbatean festak Basque Block-en bertan jarraitu zuen, musika eta dantza alorreko ekitaldiekin, jan-edari saltokiak eta aukera polita tarteko, baita ere hemen oso estimatuak diren euskal txorizo eta sagardoa. Boiseko gaztetxoen dantza taldearen saioak harrera ederra izan zuen. Ondoren hiriko Txantxangorriak musika taldeak, txokoak euskal musikaz alaitu zituen eta ondotik Boiseko Oinkari eta Tolosako Udaberri dantza taldeek dantza saio bikaina eskaini zuten elkarrekin.

Frontoian ere makina bat pilota partida ikusteko aukera izan zen; lehenik gaztetxoenak, ondoren emakumezkoak eta bukatzeko gizonezkoak. “Haurrak ikas ezazue euskaraz mintzatzen, ongi pilotan eta oneski dantzatzen”: Boisen behintzat azkeneko biak oso bizirik daudela aitortu behar dugu. Hizkuntzaren kontua aldiz beste egun baterako utziko dugu... Larunbatean, baita ere, ohiturei jarraituz, San Ignazio meza egin zen St. Mark elizan, Biotzetik euskal korua eta Oñati dantza taldea partaide, biak boisetarrak.


Festa Korrontzi musikari eta gazte jendea dantzari Euskal Etxean (bideoa Mercedes Mendive)


Tolosako Udaberri dantza taldekoak Boiseko Basque Block-en (bideoa Mercedes Mendive)


Boiseko San Inazio meza, prozesio eta dantzak (irudiak PJ Mansisidor & Cirbie Sangroniz)

Mezaren aurreko eta ondoko prozesio eta dantzen ostean jaia berriro Basque Block-era aldatu eta Amuma Says No musika talde euskal-boisetarrak giroa berotu zuen bere euskal kantuekin, gehiago berotzerik bazegoen behintzat, jendea jauzika eta dantzan jarriaz, “edozein herri(ta)ko jaixetan” bezalaxe.

Igandean Euskal Etxeko kide eta lagunak Kristin Armstrong parkean elkartu ziren San Ignazio piknika ospatzeko. Giro ederrean ondo jan eta edateaz gain, programak hainbat joko eta ekintzetan parte hartzeko aukera eskaini zuen: lasterketak, txinga jokoa, arraultz jaurtiketa jokoa, soka-tira, dantza lehiaketa... sendikoekin eta lagunekin euskal giroan egun gogoangarri bat igarotzeko aukera.


Haur jokoa eta jolasak Kristin Armstrong parkean: sokatira (arg BEE)

Boiseko Oinkariko eta Udaberri eta Korrontziko dantzari eta musikariak (arg BEE)


Dantzaldia Boiseko 'Amuma Says No' taldearekin (arg BEE)

Parkean, izan ere, ekitaldi berezi batera biltzeko aukera izan zuten bildutakoek, Anita Anacabe eta Aita Antton Egiguren-ek Boisen egoitza duen Pete Cenarrusa Fundazioaren saria jaso baitzuten "euskal kultura, hizkuntza, identitatea, giza eskubideen eta eskubide zibilen alde egindako lanarengatik. Ameriketan jaiotako Anita Anacabe Franzoiari adibidez, euskaltzaletasun aktiboa eta euskara irakasle gisa bizitza osoan egindakoa ahalegin etengabea, bere lau seme alabak euskaldunak dituea. Ez da ez hau ahuntzaren gau erdiko eztula! Horretaz gain euskara bertakoei irakasten dihardu, euskarak euskaldun egiten gaituenaren konbikzio osoaz.

Piknik-aren ondoren jaiak Basque Block-ean jarraitu zuen lehenik Korrontzi taldearekin eta ondoren Amuma Says No taldeen musikaz gozatuta, jai giroan dantzan.

Normalean San Ignazio jaia igandean bukatu arren, aurten luzapen bat izan zuen, izan ere Korrontzi, Oinkari eta Udaberri taldeek beste saio bat eskaini baitzuten Julia Davis parkean kokatua dagoen Gene Harris Bandshell kanpoko aretoan.

Datorren urtean, Jainkoak lagun, elkar ikusiko dugu berriro ere.

Ederra izan dugu aurten guk aukera,
hangoak ta hemengoak gozatuz batera,
txalogarria izan da denen saiakera,
kultura zabalduaz hemen sartaldera,
gureak egin dezan luzaro aurrera.

Mila esker, Todor!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia