euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Giro ederrean heldu ziren helmugara euskal etxeak antolatu duen Bilbo Bordele 2016 lasterketako txirrindulariak

2016/05/12

Txirrindulariak lasterketaren etapa bateko irteeran, eguneko bidea hasteko irrikaz (argazkia Bordele EE)
Txirrindulariak lasterketaren etapa bateko irteeran, eguneko bidea hasteko irrikaz (argazkia Bordele EE)

PUBLIZITATEA

Hiru egun eman dituzte errepidean, Bilbotik Bordelerako bidea egiten, Eskualdunen Biltzarra elkarteak antolatu zuen zikloturista lasterketako partehartzaileek. Maiatzaren 21ean heldu ziren Bordelera, eta han harrera bikaina egin zien elkarteak, txaranga eta guzti. Bestalde, euskal etxeak Europako herriei buruzko hitzaldia egin zuen iragan astean, eta lagun asko bertaratu ziren, gaiak erakarrita. Jarraian, bi ekitaldietako argazkiak.

Bordele, Frantzia. Oso pozik agertu da Bordeleko Euskal Etxea aurtengo Bilbo Bordele lasterketan bizitakoarekin. "Oso ondo joan da dena eta partehartzaileak oso gustura agertu dira martxaren antolakuntzarekin", azaldu dio EuskalKultura.com-i antolatzaile taldeko kide Pierre Vauthier-ek.

Orotara, 220 parte hartu dute lasterketan, gehienak talde antolatzaileetako kideak (Bilboko SC Bilbaina, Zornotzako SC Urgozo, Bordeleko Stade Bordelais Asptt eta Bordeleko Euskal Etxea). Lasterketaren hirugarren edizioa da aurtengoa.

Jardueraren arrakastaren arrazoietako bat zera da, Bilbo-Bordele zikloturismo martxa bat baino gehiago dela. Euskal Herriko eta Bordeleko partehartzaileak biltzen ditu eta kultur truke aberatsa sortzen da txirrindularien artean errepidean ematen dituzten egunetan. Aurten gainera, partehartzaile australiarrak, ingelesak eta holandarrak ere izan dira.

Lehendabiziko etapan Bilbotik Donostira bidea egin zuen lasterketak; bigarrenean, Donostiatik Iparraldeko Leon herrira eta hirugarrenean, Bordeleko helmugaraino heldu zen. Etapa amaieratan musika eta kultur jarduerak egin dira. Bordeleko helmugan txaranga batek egin zien harrera txirrindulariei, eta ondoren euskal etxean diploma eta sari banaketa egin zen. Zorionak partehartzaile guztiei!

Bestalde, aipatu iragan asteartean euskal etxean Europako erregioei buruzko hausnarketa eta mahainguru interesgarria egin zuela, "¿Tous unis dans la diversité ? L'Europe face à ses minorités régionales"  izenburupean. Hizlari izan ziren Mikel Anton Zarragoitia, Eusko Jaurlaritzako Europako Gaietarako zuzendaria; Pantxoa Etchegoin, Euskal Kultur Erakundeko zuzendaria eta Jean-Charles Leygues, Europar Batasuneko funtzionari ohia.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia