euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ezker abertzalearen Udalbiltza Diasporarekiko harremanak berriro indartzen eta areagotzen ari da

2004/12/20

South San Franciscoko (Kalifornia) Kongresu Jauregiaren kanpoaldea, NABOren Biltzarra barnean egiten ari zelarik (arg. BasqueHeritage.com)
South San Franciscoko (Kalifornia) Kongresu Jauregiaren kanpoaldea, NABOren Biltzarra barnean egiten ari zelarik (arg. BasqueHeritage.com)

PUBLIZITATEA

'Euskal Herriko enbaxadoreak' eta Udalbiltza, distantziarik gabeko harremana izenpean, artikulu luzexka eman du gaur argitara Gara egunkariak Euskal Herriaren eta bere Diasporaren arteko harremanak aipagai. Hego Euskal Herrian deslegeztatua egon arren, Diasporarekiko kontaktu eta harremanak ez ditu batere eten Ezker Abertzalearen Udalbiltzak eta, are gehiago, harreman horiek indartzen, eta datozen hilabete/urteotan plazaratuko dituen proiektu berriak ari da garatzen.
«Ez du etenik izan, baina 2001ean euskal diasporarekin hasitako harremana berriro indartzen eta areagotzen ari gara orain». Joan den urtean Internet bitartez gordetako harremana eremu fisikora eraman du berriz Udalbiltzak, ezinbestekoa baiteritzo «Euskal Herriko enbaxadoreekin egoteari, mintzatzeari, gure lana azaltzeari eta haien iritziak jasotzeari». Horretan ari da, eta horretan jarraitzeko asmoa du.

Euskal Herriko «enbaxadoreak» dira euskal diaspora osatzen dutenak. Hori da Udalbiltzaren ustea, «eta halaxe esaten diegu haiei, bai eta besterik ere: enbaxadore diren heinean, Euskal Herrian zer gertatzen ari den azal dezaketela haiek bizi diren herrietan: nazioa dela, berezko hizkuntza duela, kultura propioa... Izan ere, hara iristen den informazioa desitxuratuta heltzen baita», agertu du Miren Odriozola Azpeitiko Habea plataformako hautetsi eta Udalbiltzako kideak.

Izan ere, diasporarekin azken urteetan izandako harremanak nazio erakundeari erakutsi dionez, atzerrian bizi diren euskal herritarrek eta bere sasoian Euskal Herritik joandakoen ondorengoek «oso argi dute zer den Euskal Herria eta zazpi herrialdek osaturik dagoela. Berdin du bizkaitarrak izan, nafarrak edota lapurtarrak, salbuespenak salbuespen, lurraldetasunaren kontzeptua barneraturik dute oso. Horrek harritu ninduen gehien Estatu Batuetan lehenengo aldiz izan nintzenean: ‘Zazpiak Bat’ armarri franko ikusi nituen», gehitu du.

2003an, «hainbat arazo eta oztopo tarteko», nazio erakundeak ezin izan zuen diasporarekin «fisikoki egon», soilik Internet bidez. «Horri esker ez zen eten harremana. Gainera, tresna ezin hobea izan dute Euskal Herriko egoera politikoaz jakitun egoteko», gehitu du Lea plataformako (Lekeitio) hautetsi Zigor Txopiteak. Dena den, batetik bestera alde handi samarra dagoela zehaztu du Odriozolak: «Orain bi urte San Franciscon egon ginen, NABOko bilkuran. Idahokoak izan ezik, AEBetako diaspora ez dela hain politizatua ikusi genuen. Argentinan, aldiz, jantzita daude oso egoera politikoaz».

Azpeitiarraren aburuz, Udalbiltzak eginiko lanak zerikusia izan du diasporak Euskal Herriko egoera politikoaren gainean duen jakintzan. «Jakin-mina piztu diegu. Gainera, behin eta berriz deitzen digute handik eta hemendik joan gaitezen eta hitzaldiak egin ditzagun. Udalbiltza zertan ari den jakin nahi du jendeak, mahai gainean dauden proposamenak ezagutu nahi ditu...», esan du.

Areago ere jotzen dute batzuek, ordea. «Gatazka politikoa konpontze aldera, zer egin dezaketen galdetzen digute, bai eta nazio eraikuntzan zein ekarpen egin dezaketen ere. Modu batera edo bestera, lagundu egin nahi dute. Argentinan egon berri naiz, eta esaten nien nik ezin niela halakorik zehaztu. Guk Udalbiltzaren ikuspegia zein den ager diezaiekegu. Hortik aurrera, bakoitzak ikusiko du zer egin ahal dezakeen», nabarmendu du Txopiteak.

«Euskal diasporak ez du, esaterako, Irlandakoak duen pisu eta garrantzia. Horrek Irlandako gatazka konpontzeko bidean jartzeko zeresan handia izan zuen. Baina euskal diasporak ere egin dezake zerbait; batik bat, informazioa helarazi: hemen badela herri bat, zapaldurik dagoela, eskubideak ez zaizkiola errespetatzen...», esan du.

Nazio erakundeak aurrera eramandako proiektu guztien berri jakin badakite diasporan, hautetsi lekeitiarrak adierazi duenez: «Zuberoa Garatzen proiektua ezagutzen dute, EHNAzer den badakite, milaka agiri egin direla eta gehiago egiten ari direla...». Eta Argentinan jakin-mina zabalagoa dela ere azaldu du: «Azkenekoz egon ginenean, irratietan, telebistetan eta egunkarietan elkarrizketak egin zizkiguten, bai gure lanaz, bai Euskal Herriko egoeraz».

Autodeterminazioa

Diasporak Euskal Herriko egoeraren gainean interesa duen bitartean, alderantzizko zentzuan ez dela halakorik gertatzen uste du Txopiteak. «Kritikatxoa da, baina euskal herritarrok ez dugu jakin izan diasporarekin harremana mantentzen eta ez dugu ezagutzen bere egoera», nabarmendu du, eta honakoa gaineratu du Odriozolak: «Harremanak alde bikoa izan behar du. Eta Udalbiltzak horretan jarri nahi ditu indarrak; alegia, diasporari ez diogu eskatu bakarrik egin behar, baizik eta lagundu egin behar diogu, bizi diren estatuetako egoeren jabe izan behar dugu...».

Txopiteak atzera begiratu, eta Udalbiltzak diasporarekin eta nazioartean eginiko lana «garrantzitsua» izan dela esan du: «Horren isla izan zen Kursaalen antolatu genuen Nazioarteko Konferentzia. Gure helburua hori berreskuratzea da». Horretarako, hilabeteotan harremanak areagotuko dituzte, baita Europan eta Australian ere.

«Autodeterminazioaren aldeko jarrera anitz» ikusi omen dituzte, eta Lakuak Estatutua aldatzeko eginiko proposamenaren gainean galderak egiten dizkietela adierazi du Miren Odriozolak. «Autodeterminazio eskubidea jasotzen duen galdetzen dute, hala ez bada ez dutelako gustuko. Orain bi urte, Argentinan, hau esan zidaten: ‘Erreferenduma baldin badago, esan Ibarretxeri guk ere bozkatu nahi dugula’».


LA ARGENTINA QUE QUIERE EL EHNA

Los electos abertzales destacan, una y otra vez, el interés que muestran los integrantes de la diáspora en torno a la situación política de Euskal Herria. Miren Odriozola recuerda el caso de una profesora de Paraná a la que conoció hace dos años en un viaje a Argentina. «El abuelo de su abuelo era vasco, pero dice que ella también es vasca. Aprendió euskara y da clases de euskara a los jóvenes de ascendencia vasca en la Casa Vasca Ibaiguren de Paraná. Y tan vasca se siente que decía que quiere y necesita el EHNA, y nos preguntaba cómo podía adquirirlo».

Tanto la electa de Azpeitia como Zigor Txopitea resaltan el hecho de que «nos dicen que la diáspora conforma el octavo herrialde de Euskal Herria. Y lo dicen absolutamente convencidos». El electo de Lekeitio indica que «la acogida que nos suelen hacer demuestra, de hecho, que la diáspora es el octavo herrialdea».

Agrega que «como nosotros aquí, ellos, como vascos que son, también tienen sus derechos conculcados. Y así se lo decimos».


(2004-12-20ean Gara-n argitara emana)


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia