euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

‘Euskara Argentinan. Nortasuna eta sentimendua’ liburua Buenos Airesko Liburu Azokan eta euskal etxeetan aurkeztuko

2016/03/21

'Euskara Argentinan. Nortasuna eta sentimendua' liburuaren azala
'Euskara Argentinan. Nortasuna eta sentimendua' liburuaren azala

PUBLIZITATEA

Euskararen egoera Argentinan, Argentinan Euskaraz programa hasi baino lehen eta programa abiatu zenetik gaur egun arte aztertzen duen liburua Buenos Aireseko Liburu Azokan egongo da eskuragarri, bertako Euskal Standean. Urtean zehar, gainera, euskal etxeetan ere aurkeztuko da liburua. Liburua zeure euskal etxean aurkezteko, aski da hala eskatzea FEVAra, egilearekin ados (ikus erreferentziak). Aurkezpenen ibilbidea Argentinan zehar, eskabideak osatzen joan ahala plazaratuko da.

Buenos Aires, Argentina. HABEk (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea, Eusko Jaurlaritzaren menpekoa) finantzaturik, Euskara Argentinan. Nortasuna eta sentimendua liburua (gaztelaniazko El Euskera en Argentina. Identidad y sentimiento bertsioa ere baitaratzen du edizioak) Argentinan Euskaraz programaren 25. urteurren ekintzen programa barruan idatzi zuen Magdalena Mignaburu idazle argentinarrak.

Orain, eta komunitate osoarengana heltzeko asmoarekin, Buenos Airesko Liburu Azokan aurkeztu eta salduko da, Juan de Garay kudeatutako Euskal Standean. Buenos Aireseko 42. Liburu Azoka apirilaren 21etik maiatzaren 9ra izango da hiriko Palermoko Nekazaritza Elkartean.

Egilearen beraren hitzetan, Euskara Argentinan. Nortasuna eta sentimendua liburuak “euskara eta euskararen irakaskuntza Argentinan XIX. mendetik hasi eta gaur arte nola mantendu, garatu eta zabaldu den” azaltzen du. Mignabururen esanetan, “oinarri dokumental sendoa dauka euskararen egoera ezagutarazteko baina batez ere gai honi buruz dagoen ‘hutsune bibliografikoa’ betetzeko”. Argitalpenak HABEk eta FEVAk sinatutako hitzaurrea ekarriko du, eta baita argazki bilduma bat ere euskarazko eta gaztelaniazko bertsioen artean.

Aurkezpena euskal etxeetan

Buenos Aires Hirian aurkeztu eta gero, euskal etxeetara ere eramango du liburua Magdalena Mignaburuk. Aurkezpeneko parte, testuaren informazioa osatzeko hitzaldi bat eskainiko du idazleak.

Aurkezpen ibilbidea Argentinan zehar instituzioek eskatu ahala osatuko da. Zerrenda hasia dago eta orain arte euren eskaera bidali duten erakundeak hauexek izan dira:

  • Rosarioko Zazpirak Bat
  • La Platako Euzko Etxea
  • Raucheko Gure Txokoa
  • Bahia Blancako Union Vasca
  • Viedma eta Patagonesko Beti Aurrera Aberri Etxea
  • Roldango Euskel Biotza
  • Olavarriako Gure Etxe Maitea.

Aurkezpena zeure euskal etxe edo erakundean egiteko, interesatuak FEVArekin (feva2000@fibertel.com.ar) eta Magdalena Mignabururekin (aurrera55@hotmail.com) jarri behar dira kontaktuan.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia