euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

“Euskaldunak Las Herasen”, eskualdeko euskal jatorriko familien berri biltzen duen liburua, protagonistek kontatuta

2014/09/18

"Euskaldunak Las Herasen" liburuaren azala
"Euskaldunak Las Herasen" liburuaren azala

PUBLIZITATEA

Liburua AMESen (Esteban Semino Museoaren Lagunen elkartearen) hirugarren argitalpena da eta Argentinako General Las Heras herrira iritsi ziren euskal familien istorioak batzen ditu euren ondorengoek bildutako informazioan oinarrituta. “Euskaldunak Las Heras-en” lanak argazkiak eta Carlos Moreno arkitektoaren irudiak ere badakartza. Hitzaurrea, berriz, Mikel Ezkerrok egina da.

General Las Heras, Argentina. Gral. Las Heraseko Esteban Semino pintorearen alargunak deiturik, izen bereko Museoaren Lagunen Elkarteko kideek bi helburu nagusi dituzte; batetik, Museoa eta margolariaren pintura bilduma kudeatu eta publikoari irekitzea; bestetik, ekintza kulturalak antolatzea Museoarentzako dirua eskuratzeko. Museoaren elkarteko batzordekide den Ana Healy-k EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “helburu ekonomiko eta kultural batekin hasi ginen Cuadernos de mi Pago delako bilduma egiten eta hiru lan argitaratu ditugu. Lehenengoa “Estancia La Armonia”-ri buruzkoa da. Zelai etxe hori eskualdeko lehenengo Bake-Epaitegia izan zen, hiria sortu aurretik. Bigarrena, “Estancia San Miguel"i buruzkoa da eta ildo nagusia Irlandatik etorritako immigranteen historia da, familia baten ikuspuntutik -Healy familiarena hain zuzen- kontatuta”. "Eta hirugarrena, euskaldunena".

“Hirugarrenari dagokionez, Los vascos en Las Heras (Euskaldunak Las Herasen) du izena eta aitortu behar dut neure euskal sustraietan aztertu ahal izateko proposatu niola taldeari. Izan ere, amaren aldetik Duhalde, Berçaitz, Etchevers,Villanueva... abizenak ditut. Taldea erabat ados egon zen proposamenarekin eta lanari ekin genion. Hasierako asmoa aurreko liburuaren eredua jarraitzea izan zen; baina euskal familia andana bat dago eskualde honetan eta aniztasun hori islatzeko, bizitza-istorioen bilduma egitea erabaki genuen”.  

Liburuaren iturriak

Kontsultatutako iturriei dagokienez, Healy azaldu du, liburuaren protagonistek berek eman zutela informazioa: “galdetegi txiki bat prestatu genuen familia guztiengatik datu berak eskuratu ahal izateko. Kasu batzuetan familiaren ordezkari bat aukeratu genuen berari galdetzeko eta beste batzuetan guk geuk egin genuen ikerketa. Eta bat-batean eta gure harridurarako narrazio liburua bihurtu zen”.

“Argazkiak ere sartu genituen; jaso genituen gehienak ezkontza argazkiak izan ziren; beraz, euskaldunen lanak islatu ahal izateko, Mauricio Flores Kaperotxipi-ren irudi batzuk ere jarri genituen. Eta oso baliagarria izan da Juan de Garay Fundazioaren liburua, daturik ez zuten familientzat”.

Las Herasko euskal familiak

“Esan bezala, euskal jatorrizko familia ugari bizi dira gaur egun Las Herasen. Hauek dira liburuan agertzen diren abizenak: Ahamendaburu, Amas, Amorena, Anivarro, Apaolaza, Ariztimuño eta Laurnaga, Arozarena eta Irigaray, Arregui, Arriortúa eta Aguirrebeña, Barandarian, Berçaiz, Biaiñ, Bidegorry, Bilbao, Calonge eta Apesteguía, Chutchurru eta Ellisseche, de Vicondoa, Duhalde, Echegaray, Elizondo, Errandonea eta Lepphaille, Errandonea eta Aguirrebeña, Etchart eta Yrigoyen, Etcheverry eta Izaguirre, Eyherabide, Goicochea, Goycoechea, Grenada, Harismendy, Ichazo, Iraolagoitía, Ithurburu, Maíz eta Chuta, Meaca, Mendy, Onsalo Irurzum, Lazaeta Otamendi, Zubillaga Lazaeta, Salaverry, Sarrat, Vega García, Viana, eta Villanueva”.

Aipatutako familien historiez gain Euskal Herriari buruzko informazio orokorra eta baita argentinaratu ziren euskaldunen bizimoduari eta ohiturei buruzkoa ere irakur daiteke testuan. Hitzaurrea Mikel Ezkerrorena da eta azaleko irudia Carlos Moreno arkitektoarena.

Euskaldunak Las Herasen liburua erosi nahi dutenek AMESko kideekin kontakta dezakete elkarteari edota Ana Healy-ri idatziz. Liburuak 100 peso balio ditu, bidaltze gastuak aparte.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia