euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal musikagile klasikoen lana ezagutzeko gonbitea egiten du BasqueClassics.com webguneak

2008/06/18

AusArt Records disketxearen standa Durangoko Azokan 2007an
AusArt Records disketxearen standa Durangoko Azokan 2007an

PUBLIZITATEA

AusArt Records disketxe euskaldunak ingelesezko webgune bat aurkeztu du, euskal musikagileen lana hizkuntza horretako hiztunei ezagutarazteko asmoz. Hemendik aurrera munduko musikazaleek --eta oso bereziki AEBetako eta Australiako euskal diasporako kideek-- Aita Donostia, Jesus Guridi, Aita Madina edo Andrés Isasi bezalako egileen lana ezagutzeko bide berri bat izango dute. AusArt konpainia 1994an jaio zen eta hasieratik hiru helburu argi izan ditu: euskal musika klasikoa munduan zehar ezagutarazi, euskal artistentzako plataforma bihurtu eta arrazoi historikoak direla medio galdutako edo ahazturiko antzinako grabazioak errekuperatu eta aurkeztea. Eginahal horretan disketxeak dagoeneko 140 lan argitaratu ditu eta internet bidez eskuratu daitezke.

Donostia-San Sebastián.  Juan Rekartek zuzentzen duen AusArt Records konpainiak aurrerapausu berria eman du euskal musika klasikoa ezagutarazteko bidean, www.BasqueClassics.com webgunearen aurkezpenarekin. Helbide honetan ingelesa hitzegiten duten musikazaleek euskal musikagileei buruzko informazioa eskuratu ahal izango dute: biografiak, diskografiak eta kasu batzuetan euren lanen grabazioak MP3 formatoan (doan deskargatu daitezke, gainera).

Honezaz gain AusArtek sarean du ere www.doinu.com webgunea, eta bertan zaleek euskal eta nazioarteko musikagile klasikoen MP3ak eskuratu ditzakete. Ez hori bakarrik, webguneko arduradunek beste musika estilo asko ezagutzeko aukera ematen dute ere: azkeneko posta batzuk , adibidez, Lopez Buchardo argentinarraren ‘Los carreteros’ kanta eta Hareu Kondoh musikagile japoniarraren polifonia asiatiko bat izan dira. Munduko beste musika eta egileak ezagutzeko leiho erakargarri eta doakoa da webgunea.

Azkenik AusArt Records konpainiaren katalogo CDetako bat erosi nahi duenak, internet bidez ere egin dezake, www.Basque-Media.com webgunetik.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia