euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Euskal Boleroa': Labèque ahizpek disko berria plazaratu dute Ravel-en piezen bertsioekin, txalapartez lagundurik

2007/08/15

Katia eta Marielle Labèque, munduan ezagutua den bikote pianojole hendaiarra (argazkia B.Lacombe)
Katia eta Marielle Labèque, munduan ezagutua den bikote pianojole hendaiarra (argazkia B.Lacombe)

PUBLIZITATEA

Munduko bikote pianojole ospetsuenetako bat dira. Katia eta Marielle Labèque da euren izena eta Hendaian jaiotako bi ahizpa dira, pianojole karrera luze bezain nabariaren jabe direnak. Nazioarteko zuzendari eta orkestra famatuenekin jo izan dute, azken hauen artean Berlin, Los Angeles eta Vienako Filarmonikoak edota Boston, Chicago eta Londreseko Sinfonikoak. Urtetan Philips, Sony eta EMIrekin grabatu ondoren, euren disketxe propioa sortzea deliberatu zuten, KML Records, eta harekin Raveli eskainitako ekimen osoa burutu dute, tartean Boleroaren bertsio berri bat, perkusio gisa txalaparta duena. César Cocak sinatzen du artikulua El Diario Vascon.
Donibane Lohizuneko zezen-suzkoa, Biarritzeko hondartzak eta Ziburuko pilotariak. Maurice Ravelek hilabete batzuk baino ez zituen bere familia Parisera higitu zenean, baina ez zituen erroak sekula ahantzi eta ardura itzuli zen --abantxu beti udan-- argia lehenengoz ikusi zuen lurraldera eta bere baitan jaiotze-agiriko izen soil baino marka sakonagoa utzi zuen lekura. Bere biografoek festez zenbat gozatzen zuen azpimarratu dute, baita ere aire zabalean egiten ziren ekitaldiez eta agorrileko argiaz, itsasoa eta area argitzen zituelarik. Orain, Katia eta Marielle Labèque, gaur egungo pianojole bikote ospetsuenak, disketxe propioa abiarazi (KML Records) eta Raveli eskainitako konpaktu batez estreinatzea erabaki du, erroak partekatzen dituzten musikariarekin.

Bi ahizpak Boleroaren egilearengandik gertu jaio ziren, Baionan [Hendaian] hain zuzen, eskualdean bizi dira eta eurak ere erroak zabalik dauzkate itsasoari begira. Euren omenaldia disko bat da, bost pieza originalekin edo pianorako egokituak eta Boleroaren bertsio berezi bat bi piano eta perkusiorako, txalaparta barne. Finean, sekula lehenago entzun ez bezalako Bolero bat.

Labèque ahizpen Ravelekiko lotura ia bide genetikotik heldua da. Heien ama, pianista hura ere, Ada Cecchi, Marguerite Long-en ikasle izan zen eta azken hau Ravelek lagun mina izan zen eta haren obretako asko jo zituen. Disko honen agerpena batera gertatu da Jean Echenoz-en 'Ravel' argitaratzearekin, musikagile frantses-euskaldunaren egiazko datu biografiko ugarirekin hornitutako nobela. Benetakoa den datu horietako bat Long-en adiskidetasuna da, nobelan zenbait orrialde betetzen dituena. Honela, Ada Cecchik igande goizero eramaten zituen bere bi alabak Ravelen sortetxera, Ziburuko kai aurrean zutitzen den bi solairu eta aitzin gorrixkako eraikin bat, Donibane Lohizunetik oso metro gutxitara lerro zuzenean.

Pianoa eta perkusioa

Urteak pasata, Katia irekiak eta Marielle isilak Ravel beste gisa batera entzun dezagun nahi izan dute. Bere obretako bik bertsio, nolabait esan dezagun, konbentzionalak merezi izan dituzte: Menuet antique dira, Marielleren eskutik; eta Prélude, Katiak joa. Zaletuen ezustea Rhapsodie espagnole bi pianoentzako bertsioan entzutean hasten da, Ma m'ere l'oye lau eskutarako pianoz eta Pavane pour une Infante Defunte erabat liriko bat baita ere lau eskuz teklatu bakar baten gainean.

Baina zalantzarik gabe plater azkarra, diskoaren azkenean egokiro kokatua, Boleroa da, Labèque ahizpek berek egindako bi piano eta perkusiorako bertsio batean joa.

Bi perkusiojole ari dira piezan. Gustavo Gimeno, Amsterdameko Concertgebow-ko Orkestrako partaidea bera, atabalaz, txepetxas eta ttun ttunaz arduratzen da. Thierry Biscary perkusiojole euskaldunak txalaparta jotzen du eta honen aldaera den tobera.

Gaiaren errepikapen bakoitzean instrumentuak emendatzen dituen orkestra baten sofistikaziorik gabeko Bolero bat? Lehenengo batean itxura arraroa har dezake doaike, baina Labèque ahizpek, Gimenok eta Biscaryk lortzen dute pixkanaka pixkanaka sortzen joatea piezak eskatzen duen gailurra, tempoa mementu batez ere aldatu gabe. Pianisimoen arintasunetik melodiaren lehenengo errepikatzetan azken apoteosiraino, piano nota andana batez eta perkusiojoleak eskuak uzten instrumentuen kolpeetan. [Goi ezkerreko irudian, Maurice Ravel ziburutarraren Boleroaren 'bertsio euskaldunaren' diskoaren azala]

Obra honen 'euskalduntzea' ez da Katia eta Marielle Labèqueren apeta bitxi bat. Ikertzaileren batek antza handia atxemana du Boleroaren erritmo monotonoaren (monotonoa obsesioraino, hogei errepikatzeetako azkenera iristen denean) eta musikagileak bere eskualdeko herrietako besta erlijiosoetan entzuten zituen kalejiren artean.

Ravel gustura zegoen bere piezaren arrakastarengatik eta estreinuak eragin zuen eskandaluagatik. Bertaratutako bat oihuka hasi zen: 'gizon hau erotu egin da!', musikariaren bozkario. Geroztik piezak zenbait egokitzapen koreografiko izan ditu, famatuena Maurice Béjart-ek egindakoa. Hala ere, Ravelek zalantzak zeuzkan partituraren barruan musika bazegoenez. Orain, inoiz baino euskaldunagoa den bertsio honek eztabaida elika dezake obra handi baten ala atseginez entzuten den pieza baten aurrean gaudenez. Labèque ahizpek ezinezkoa zirudiena lortu dute: modu berri batez entzun dezagun XX mendeko izenburu joenetako bat.

(jatorriz erdaraz argitara emana 2007-07-29an El Diario Vasco-n)


Lotura interesgarriak

Diskoaren erreferentzia lortu nahi dutenentzat
Bikotearen webgunean

Katia & Marielle Labèque (Duo Piano)
Short biographie of the prestigious duo

Katia eta Marielle Labèque-ren webgunea
www.labeque.com

Katia Labèque's own website
www.katialabeque.com

Marielle Labèque's filmography
at IMDb, 'Earth's Biggest Movie Database'

Labèque ahizpen mundu biretako bat
2003ko urtarrilaren 3an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia