euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Asterik gabeko urte honetan La Platako Euzko Etxeak 'Eguzkipean'era gonbidatu ditu gazteak eta euskal etxeak oro

2021/10/27

Euskara, dantza eta herri kirol tailerrak antolatuko dituzte "Eguzkipean" kanpamenduan
Euskara, dantza eta herri kirol tailerrak antolatuko dituzte "Eguzkipean" kanpamenduan

PUBLIZITATEA

La Plata, Argentina. Euskal Aste Nazionala Argentinako euskal gizatalde osoaren nahitaezko hitzordua da urtero. Pandemiagatik, ordea, ekitaldia bertan behera geratu behar izan da 2020an, eta berriz ere 2021ean. Baina La Platako Euzko Etxeko kideek ez dute horrela utzi nahi izan eta garai honetarako proposamen posible bat asmatu dute: “Eguzkipean” du izena, aire zabalekoa delako. Azaroaren 27 eta 28an egingo den kultura eta aisialdi topaketa bat izango da, eta euskal etxe guztiei luzatzen zaie parte hartzeko gonbitea.

Topaketarako aukeratutako lekua Euzko Etxearen kirol gunea da, elkartearen hiri erdiguneko egoitzatik 10km-ra, City Bell-en. Baitaratzen dituen instalazioen artean, erabilera anitzeko areto zabala, eta futbol, hockey eta errugbi zelaiak. Parte hartzen dutenek bertarainoko garraio-gastuak bakarrik ordaindu beharko dituzte, eta oihaldendak eta lo-zorroak eraman. Ahalegin handia egin da partaideen gastuak ahalik eta gehien jaisten. Horregatik, esaterako, larunbateko afaria eta igandeko bazkaria Euskal Etxeko gazteek prestatuko dituzte, prezioak inoren partaidetza galeraz ez dezan.

Eskuragai egongo diren proposamenen artean, euskara tailerrak, euskal dantzak eta herri kirolak egongo dira. Baita txikientzako jarduera bereziak eta tokiak ahalbidetzen dituen beste batzuk ere, hala nola naturgune-ibilaldiak eta hegaztiak ikustea. Gainera, larunbat eguerdian 2021eko “Sagardo Eguna” ospatuko dute “Txapela” sagardoa lankide. Korridore gastronomiko kultural bat sortu gura dute, nahi duten euskal etxeek euren txosnak jarri eta bertaratzen direnei janaria saltzeko aukera izan dezaten.

Bertaratzeko asmoa izan bai, baina hotel batean geratu nahi dutenentzat, Euzko Etxeak ostatuei buruzko informazioa gerturatuko die. Helburua, Maria Fernanda Astigarragak Euskalkultura.eus-i kontatu dionez, euskal kolektibitateari biltzeko eta euskal kulturaren adierazpen nagusiez gozatzeko aukera ematea da.

Galdera eta xehetasunak secretaria@cvascolaplata.org.ar helbidean, edo mezu pribatua bidaliz sare sozialen bidez.

EGUZKIPEAN. EGITARAUA

Azaroaren 27a, larunbata

12etan - Sagardo Egunaren hasiera (Korridore gastronomiko kulturala)
- Euskal artikuluen erakusketa eta salmenta
- Edari salmenta
- Euskal Etxeen janari txosna eta standak

14etan Sagardo dastaketa
14,30etan Dantzak, lehenengo tanda
15etan Astialdi ekimenak (boleia, futbola, natura ibilbideak, hegaztiak ikustea, haur jokoak-eta)
18etan Dantzak. Bigarren tanda
20etan Bilkura
21,30etan Eguzkipean Kanpamendu Afaria

Azaroaren 28a, igandea

10etan Eguzkipean gosaria
11etan Asialdi ekimenak (bolei, futbola, natura ibilaldiak-eta)
13etan Eguzkipean bazkaria 



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia