euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal artista bila ari da London Basque Diaspora taldea Londresen ekainean egingo den BaskFest 2016 jaialdirako

2016/04/06

BaskFest 2016 jaialdiko webgunean agertuko dira parte hartuko duten artistak
BaskFest 2016 jaialdiko webgunean agertuko dira parte hartuko duten artistak

PUBLIZITATEA

Euskal arteak Londreseko Dalston auzunea hartuko du ekainean, BaskFest 2016 jaialdiarekin. Euskal kulturaren ospakizun bat izango da festa, beti ere arlo desberdinetako artelanen bitartez: zinea, musika, ikusentzunezko arteak, dantza, performance-ak, argazkilaritza eta gastronomia. London Basque Diaspora taldeak antolatu du eta orain Londresen bizi diren euskal sortzaileen bila dabiltza, erakusketa osatzeko. Proposamenak aurkezteko epea berehala itxiko da, apirilaren 15ean, beraz, bizkor ibili!

Londres, Ingalaterra. London Basque Diaspora Londresen bizi diren euskal artistek osatzen duten elkartea da eta aurten euskal arte jaialdi bat ari da antolatzen, Donostia 2016ren sostenguarekin. Jaialdia ekainaren 2tik 5era egingo da, Londresko Dalston auzuneko HIVE gunean. Antolakuntzaren koordinatzaile lanetan dabil Arantxa Echarte donostiarra, Londresen bizi den euskal sortzailea.

LBDk deialdia luzatu die erakustaldi honetan parte hartu nahi duten euskal sortzaileei, jaialdiaren partaide izateko gonbitea luzatuz. Deialdia edozein adineko artistei irekia dago eta ez dago gai zehatzik. Partehartzaile guztiek, baina honako ezaugarriak bete behar dituzte: euskaldunak izatea (edo euskal herriarekin harremana izatea) eta Londresen bizi edo lan egitea.

Parte hartu nahi duten sortzaileek honakoak aurkeztu behar dituzte:

-Euren lan edo lanen irudiak (1-5 irudi gehienez, artxiboaren tamaina gehienez 10MB)
-Artistak euskal kulturarekin duen harremanari buruzko azalpen laburra (200 hitz gehienez).
-Lanaren tamaina zehatza eta azalpen argiak (100 hitz gehienez).
-CVa eta bio labur bat (50 hitz gehienez).
-Performance bat aurkeztuz gero bidali irudiak edo bideo bat (min. 1 gehienez) eta azalpen argi bat (100 hitz gehienez).

Proposamenak apirilaren 15eko 17:00ak baino lehen bidali behar dira baskfest2016@gmail.com e-mailera.

Horrez gain, jaialdia laguntzeko prest dauden bolondresen bila ari da. Arte munduan interesa dutenentzat aukera polita izango da. Horretarako, jarri harremanetan antolakuntzarekin baskfest2016@gmail.com e-mailera idatziz lehenbailehen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia