euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Emaitza pozgarria Santiagoko La Granjan egindako I. Euskal Txiletar Topaketak: urterokoa eta ibiltaria bilaka daiteke

2025/12/12

2025eko abenduaren 6an, Santigoko La Granja komunan egindako Euskal Txiletar I. Kultur Topaketan, ikusleak kalejiran partaide
2025eko abenduaren 6an, Santigoko La Granja komunan egindako Euskal Txiletar I. Kultur Topaketan, ikusleak kalejiran partaide

PUBLIZITATEA

Santiago, Txile. I. Euskal Txiletar Kultur Topaketa egin da joan den larunbatean, abenduaren 6an, Santiagoko La Granja udalerrian. Jaialdiak Txileko Euskadiren Ordezkaritza, eta ‘Clarita de Larminat’ Elkartea izan ditu antolatzaile, eta txiletar eta euskal txiletar elkarte eta erakunde batzuk zuzeneko parte-hartzaile eta lankide. La Granjako Udala lagun, hauek dira parte hartu duten elkarte euskal txiletarrak: Txileko Euskal Dantza Taldea, ‘Hilario Olazaran Txileko Dantza eta Txistu Taldea’ eta Txileko Euskal Pilota Federazioa.

Ekitaldiaren helburu nagusia udaleko eta herrialdeko kultur aniztasuna ospatzea izan da eta ondo asko bete dute musika, dantza, kirol, sukaldaritza eta txikientzako ekintzez bidez. Ezarritako stand-en artean, euskararen eta euskal kulturaren berri eman eta zabaltzeko gune bat ere prestatu zuten antolatzaileek, “harri koxkorra jartzearren Txile eta Euskadiren arteko ezagutza loturak sendotze aldera”, adierazi dute. “Izan ere, begi bistan geratu zen La Granja, kulturen arteko elkarrizketagune eta herrien arteko elkartasuna sustatzeko ekimen bultzatzaile izan daitekeela”, azpimarratu dute.


Euskal musika tradizionala, Txileko Hilario Olazaran Dantza eta Txistu taldearen eskutik


Txileko dantza tradizionalak

Jaialdiaren amaieran, Txileko Euskadiren Ordezkaritzak errekonozimendu bana eman zien parte hartutako kultur eragileei euren konpromisoa eskertzeko, honako elkarteei hain zuzen: Txileko Euskal Dantza Taldea, Alma Chilena, Hilario Olazaran Txileko Dantza eta Txistu Taldea, Fraternidad Pakari, Agrupación de la Corporación Cultural de La Granja Espacio Matta, Grupo Folclórico Neguechen eta Txileko Euskal Pilota Federazioa.

Jaialdiak izandajko harrera ona gogoan, antolatzaileek ez dute baztertzen urteroko ekitaldi eta agian ibiltari bihurtzea. “Topaketa honek Txile eta Euskadiren artean dagoen adiskidetasuna eta harreman historikoa azaleratzen du. Ohartuta gaude gure arteko loturak indartzen jarraitzeak duen garrantziaz, herritar guztien eskuragarri ipiniz, honelako ekitaldiak ere tarteko”, jakinarazi dio EuskalKultura.eus-i, balantze moduan, Txileko Euskadiren ordezkaria den Fernando Márquez-ek.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia