euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

EHko eta bere Diasporako 400 bat irakurlek bihar Anjel Lertxundiren 'Otto Pette' irakurriko dute, irakurketa jarraian

2019/06/05

Anjel Lertxundiren 'Otto Pette' irakurriko dute bihar Bilboko Arriaga antzokian Klasikoen 12. Irakurketa Jarraituan (arg. Alberdania.eus)
Anjel Lertxundiren 'Otto Pette' irakurriko dute bihar Bilboko Arriaga antzokian Klasikoen 12. Irakurketa Jarraituan (arg. Alberdania.eus)

PUBLIZITATEA

Bilbo, Bizkaia. Aurten, Anjel Lertxundiren Otto Pette. Aurten ere, Bilbo Zaharra euskaltegiak deituta, Klasikoen Etenik Gabeko Irakurraldia egingo da Bilboko Arriaga antzokian. XII edizioa izango da, ostegunean egun osoan burutuko da 12 orduz jarraian, goizeko 8:00etatik hasita, eta aurtengo irakurgaia hautatzeko, Anjel Lertxundiren Otto Pette eleberria argitaratu zenetik 25 urte bete direla hartu da gogoan.

400 lagun inguruk hartuko dute parte irakurraldian; horien artean, euskal kulturarekin, gizartearekin, ekonomiarekin eta politikarekin zerikusia duten herritarrak. Urtero bezala, Etxepare Euskal Institutua kkordinatzaile duen “Euskara Munduan” sareko Euskal Etxeetako ikasle eta kideek ere pasarte batzuk irakurriko dituzte, aurrez grabatutako bideoak lagun. 30 inguru Euskal Etxek hartuko dute parte, 16 pasarte irakurriz.

Erakunde antolatzaileak zabaldu duenez, “Otto Pette irakurriz, Klasikoen XII Irakurraldiak Anjel Lertxundik euskal prosari egindako ekarpena aintzat hartu eta merezitako omenaldia eskaini nahi izan dio”.Lertxundi euskal idazle oparoenetarikoa da, eta bere obra esanguratsuena den hau 1994ean argitaratu zuen. Otto Pette eleberriaren inguruan esan da, besteak beste, miresgarria dela nola idazleak errealitatetik erreferentziarik hartu gabeko mundu berri bat islatzen duen, edota Ipar Euskal herriko literatura tradizioa gogorarazten duela.

Irakurketa hau Euskara Ikasleen Jaiaren barruan kokatzen da, eta eguna erromeria batekin amaituko dute arrats-gauean, Bilbon bertan. Ekimena, hala ere, ez da egun horretara soilik mugatuko.Ikasturtean zehar, Bilbo Zaharra forumek antolatuta, Euskaltzaindiaren egoitzan, maila goreneko adituak arituko dira aukeratutako liburuaren inguruko hitzaldiak edota mahai-inguruak eskaintzen; besteak beste, Anjel Lertxundi bera, Bernardo Atxaga, Jorge Gimenez, Itxaro Borda eta Danele Sarriugarte.

Aurreko edizioetan, Klasikoen Etenik Gabeko Irakurketan honako testuak irakurri dira hurrenez hurren: Axularren Gero; Juan Antonio Mogelen Peru Abarka; Jon Miranderen Haur besoetakoa; Ramon Saizarbitoriaren Hamaika Pauso; Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik Panpox; Bernardo Atxagaren Obabakoak; Gabriel Arestiren Harri eta Herri; Joseba Sarrionandiaren Narrazio Guztiak; Franz Kafkaren Metamorfosia; Itxaro Bordaren 100% Basque eta azkenik, aurreko urtean, Txomin Agirreren Kresala.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia