euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Donostiako Zinemalditik Londresera, euskal zineak indartsu ekin dio aurten nazioarteko zine zirkuituari

2014/09/24

Nagore Aranburu aktorea "Loreak" filmaren irudi batean
Nagore Aranburu aktorea "Loreak" filmaren irudi batean

PUBLIZITATEA

Bere ekuadorrean da dagoeneko Donostiako 62. Nazioarteko Zinemaldia, aurten euskaraz eginiko zineari leku berezia eskainita. Ez euskaraz egina delako soilik, zinea, zine ona eta benetakoa delako baizik. Horren adibide, atzo estrenatu zen  Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren "Loreak"; aurrenekoz Sail Ofizialean lehiatzen da euskara hutsean eginiko lana. Honekin batera, orotara hamaika euskal lan eta bederatzi luzemetraia euskaraz aurkeztuko dira Zinemaldian. Eta bihartik aurrera, Donostian zine festa amaitu baino lehen, Londresen ere izango da zinea euskaraz ikusteko eta gozatzeko aukerarik.

Donostia-San Sebastián. Kritika onak jaso ditu bere estreinaldian Loreak filmak, Zinemaldiaren Sail Ofizialean lehiatzen den aurreneko euskaraz eginiko lanak. Donostiako erakuslehiotik igaro eta gero nazioarteko ibilbidea hasiko du filmak, eta hurrengo hitzorduak Zuricheko eta Londreseko zinemaldietan izango ditu Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendarien lanak. Aldi berean, bihar estrenatuko da Zinemaldian Pablo Maloren Lasa eta Zabala, hau ere Sail Ofizialean, baina lehiaketaz kanpo. Gainera, euskal zinemaren atalean, Zinemira sailean, sei film luze ikusi ahal dira: Ateak Zabalduz (Juanmi Gutierrez), Five Days to Dance (Rafa Molés, Pepe Andreu), I am Haiti (Raúl De la Fuente), Lantanda (Gorka Gamarra), Notas en movimiento (Oskar tejedor), eta Señales de la vida: Nestor Basterretxea (Gentzane Martínez de Osaba, Alexander García de Vicuña).  

Zinemira Kimuak 2014 programako film laburrak ere daude ikusgai: Anómalo (Anomaloa), (Aitor Gutiérrez); Don Miguel (Kote Camacho); Hubert le Blonen azken hegaldia / The last flight of Hubert le Blon (Koldo Almandoz); Sailor’s Grave (Vuk Jevremovic, Carlos Santa, Cecilia Traslaviña, Juan Camilo González, José Belmonte, Isabel Herguera, Wang Liming, Cheng Kemei, Richard Reeves, Koldo Almandoz); A serious comedy (Lander Camarero); Soroa (Asier Altuna) y Zarautzen erosi zuen (Aitor Arregi). Horietariko hiru Zabaltegin ere izango dira ikusgai: Hubert le Blonen azken hegaldia, Soroa eta Zarautzen erosi zuen.

Londresera jauzi

Zinemaldia amaitu baino lehen, Londresko Zinemaldian ere euskaraz eginiko zineaz gozatu ahalko dute bertako ikusleek, kasu honetan London Spanish Film Festival zinemaldiko Basque Window sailaren baitan. Etxepare Euskal Institutuak laguntzen du sail hau. Bertan ikusgai izango dira (eta Erresuma Batuan estreinatuko) Zela Trovke film laburra (2013, Asier Altuna) eta bi film luze: Amaren eskuak (2013, Mireia Gabilondo) eta Tres 60 (2013, Alejandro Ezcurdia). Horrez gain Las Brujas de Zugarramurdi (2013, Alex de la Iglesia), Cólera film laburra (2013, Aritz Moreno) eta Violet luzemetraia ere (2013, Luiso Berdejo) aurkeztuko dira.

Euskal atalean emanaldi berezi bat ere egingo da, dokumentalei eskeinia, "A glance at the Basque Country". Bertan ikusgai izango dira Homeland (2013, Cyrus Sutton) lana eta 1955an Orson Wellesek Euskal Herrian egin zituen bi dokumental.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia