euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Dave Bieter Boiseko alkate euskaldunak historia egin du hauteskundeak lau aldiz jarraian irabazita

2015/11/06

Dave H. Bieter alkatea, ibilbide politikoko bi une desbedinetan: Boiseko Euskal Etxean, 2005eko kanpainan, eta AEBetako presidente Barack Obamarekin Air Force One-tik jaisten, aurtengo urtarrilean (Argazkiak: E.K. eta BoiseWeekly)
Dave H. Bieter alkatea, ibilbide politikoko bi une desbedinetan: Boiseko Euskal Etxean, 2005eko kanpainan, eta AEBetako presidente Barack Obamarekin Air Force One-tik jaisten, aurtengo urtarrilean (Argazkiak: E.K. eta BoiseWeekly)

PUBLIZITATEA

Boiseko (Idaho, AEB) alkateak, David H. Bieter-ek, Udal hauteskundeak irabazi ditu eta, beste lau urtez, estatuko hiriburuko burua izango da. Alde handiarekin irabazi du, gainera, botoen %68,8a eskuratuta, Judy Peavey-Derreta aurkari politikoaren hirukoitza ia, %26,4a jaso baitu azken honek. Elkarren segidako lau hauteskundeetan garaile aterata, historia ere egin du Bieter jaunak, ez baitzuen bertan hori inork lortzen 1891. urtetik.

Boise, AEB. Laugarren legegintzaldia hasiko du Dave H. Bieter Boiseko alkateak, aurreko asteburuko hauteskundeen ostean. Bieterrek bozen %68,8a jaso du, hurbilen zuen aurkari politikoa, Judy Peavey-Derreta, oso atzean utzita (%26,4). Idaho Statesman egunkariak adierazi legez, zergen igoera izan da hauteskunde kanpainako gairik beroena eta diru gehiago biltzearen aldeko Bieter jaunaren programak komentzitu ditu hiritarrak.

Bozak irabazi soilik ez, historia ere egin du Dave Bieter-ek, elkarren segidako lau hauteskundeetan garaile atera baita. 1891. urtean, James A. Pinney-k gauza bera lortu zuenetik ez du, asteburu honetaraino, inork berriz ere lortu.

Gauzak horrela, Pete Cenarrusa (1917-2013) idahotar euskaldunaren moduan, estatuko historian bere izena zizelkatzen ari da Bieter. Gogoratu behar da Cenarrusa dela Idahoko historiako politikaririk bozkatuena: 52 urtez aritu baitzen kargu publiko desberdinetan, betiere herriak hala erabakita.

Alderdi Demokratako kidea da Dave H. Bieter, Pete Cenarrusa, ordea, Alderdi Errepublikarreko ordezkari izan zen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia