euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Castelli-ko 'Oneratu' Euskal Argentinar Etxe gazteak San Juan sua antolatu zuen estreinekoz joan den asteburuan

2007/06/27

San Juan Sua Castellin joan den larunbat gauean
San Juan Sua Castellin joan den larunbat gauean

PUBLIZITATEA

Buenos Aires probintzia argentinarreko 'Oneratu' Euskal Etxe gazteak euskal tradizioen ildoari jarraitu nahi izan zion joan den larunbatean eta San Juan sua antolatu zuen estreinekoz arratseko sei t'erdietatik aurrera, bere lagun eta bazkideei eta oro har Castelliko herritarrei parte hartzeko deia eginez. 'Oneratu' Euskal Etxea iaz sortu zen, duela 51 urte herrian bertan fundatu zen beste euskal etxe baten lekukoa jasoz.
Euskal Etxetik bertatik EuskalKultura.com-i adierazi zaionez, ekintza zirraragarria suertatu zen berau lehenengo aldiz ikusi eta dastatu zuten askorentzat. San Juan suaren ospakizuna larunbat arratsean egin zen, arratsaldeko sei t'erdietatik aurrera, Castelliko trenbide geltokiaren ondoko eremuan, haur jolasen parke aldamenean, 'euskal kulturak beste hainbat herrietakoekin partekatzen duen aitzinako usadio eta ohiturari jarraiki, San Juan egunaren bezperan'.

[Sua izeki behar zuen Euskal Etxeko taldea, tartean elkarteko lehendakaria Amelia Teresa Oyarbide, hura biztu baino une batzuk lehenago]

San Juan suak udako solstizioa markatzen du ipar hemisferioan eta negukoa hegokoan. Berez, Euskal Herrian kristautasuna sartu aurretiko ohiturak eta Eliza katolikoak ekarri zituenak nahasten ditu, aitzineko sinesmen eta usadioei itxura eta mozorro giristinoa emanez. Eguzkia eta suaren gaitasun garbitzailea dauzka ardatz, aro berriari modu berrian ekiteko aukera eskaini nahian, txarkeria eta gauza kaltegarriak oro surtara bota eta izpiritu gaiztoak garren artean ezabatzeko asmoarekin.

Castelliko 'Oneratu' Euskal Etxeak iaz sortu zen Buenos Aires probintziako ekialdean, duela 51 urte herrian fundatu zen euskal etxe aitzindari baten abiatu zuen bideari segida emateko xedez. Euskal Etxe berriak abuztuaren 15ean hautatu zuen bere lehendabiziko Zuzendaritza Batzordea eta geroztik, Amalia Teresa Oyarbide lehendakari, ekitaldi programa interesgarri bat abiarazi du, euskal etxe hura hasi zutenak ohoratuz eta pixkanaka ekintza programa bat antolatuz. Hitzaldiak, dantza saioak, Olentzeroren bisita eta antzeko eskaintzak garatu ditu orain artean.


Lotura interesgarriak

Olentzerok Castelli herri argentinarreko haurrak bisitatu zituen
EuskalKultura.com-en 2006ko abenduaren 31ean argitara emana

'Onuratu'k Castelliko euskal etxe zaharraren sorrera ospatu du
EuskalKultura.com-en 2006ko azaroaren 24an argitara emana

Castelliko Euskal Etxe berria, 'onura publiko'duna aitortu dute
EuskalKultura.com-en 2006ko irailaren 22an argitara emana

Bere lehenengo Zuzendaritza Batzordea hautatu du EEak
EuskalKultura.com-en 2006ko abuztuaren 31ean argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia