euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Carolina Minaberry: "Argentinak zeharo erakartzen nau, baina Euskal Herrira joatean pozez betetzen zait bihotza"

2016/03/18

Carolina Minaberry bere seme Unairekin Euskal Herrira egin berria duten bisitan (argazkia EuskalKultura.com)
Carolina Minaberry bere seme Unairekin Euskal Herrira egin berria duten bisitan (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Carolina Minaberry (Lincoln, Buenos Aires probintzia, 1972) psikologoa da Argentinan eta egun hauetan Euskal Herrian izan da hilabetez eta besteak beste gogoratu zaizkio eta berritu ditu 18 urte zituenean bere aitaren herrialdera euskara ikastera etorri zenekoa, baita gerora ere 2002an bere senar eta haurrekin lau urtez Angelun bizitzeko egin zuen hautua, eta berehala, 2003an, EGA euskara titulua atera zuenekoa. Argentinan jaiotako euskalduna izanik, Euskal Herrian jaiotakoen euskara irakasle izan zen zenbait urtez, egun Tandilen bizi den emakume euskal-argentinarra.

Joseba Etxarri. Carolinak 47 urte dauzka gaur egun eta 10 urteko bere seme Unairekin itzuli da Euskal Herrira. Izan ere, Baionan jaiotakoa da seme gazteena duen Unai, 2002tik 2006ra familia Angelun bizi zela Baionako ospìtalean jaioa, gero, bederatzi hilabete besterik ez zituela familia behin-betiko argentinaratu bazen ere. "Hamar urte pasatu dira eta berak etorri nahi zuen, jaio zen lur hau ezagutzeko eta orduko lagunak, eta nire aitaren aldeko familia ezagutzeko. Nire hiru semeetan, Unai da Euskal Herrian jaiotako bakarra, beste biak, Asier, 20 urte dituena, eta Imanol, 17koa, Buenos Aires hirian  jaio baitziren". "Pozik nago gustatu baitzaio Euskal Herria, hunkigarria izan da eta pozik ibili da pasatu ditugun egunetan".

Zu zeu Lincoln-en , Buenos Aires probintzian jaiotakoa zara, baina hastapenean ez zenuen batere harremanik izan euskal gizataldearekin edo zure euskal jatorriarekin...

-Ez hamaika urte izan nituen arte. Ni amarekin bizi nintzen Lincoln-en. Ama argentinarra, italiar jatorrikoa daukat, eta aita, Martin Minaberry, Ortzaizeko baxenabartarra, Estatu Batuetan bizi zen. Aita oso pertsona engaiatua zen AEBetako euskal etxeekin eta NABOrekin, bereziki kultura arloak kezkatzen zuen eta lan handia egin zuen baita pilotaren arloan ere 2001ean hil zen arte. Hamaika urterekin Ipar Euskal Herrira eta Estatu Batuetara bidaiatzen hasi nintzenean, pixkanaka frantsesa ikasten hasi nintzen, baina aitak eta bere aldeko familiak euskara mintzo zuten gehienbat beren artean eta nik, ulertu nahi nuen! Beraz, 18 urte nituela, eta bigarren graduko eskolak bukatuta, urte sabatikoa hartzea erabaki nuen Unibertsitatean sartu aurretik, euskara ikasteko. Beka eskatu nion Eusko Jaurlaritzari eta barnetegi batean murgildu nintzen Euskal Herrian, Hondarribian lehenik, eta gero baita Lazkaon ere. Oso oroitzapen onak dauzkat denbora hartakoak. Hasi nintzenean ez nekien ezta hitzik ere euskaraz, eta berehala konturatu nintzeni murgiltze sistemarekin ikastean etekin handiagoa ateratzen diozula, errazagoa egiten da eta azkarragoa: ikasi edo ikasi egiten duzu, ez dago besterik (barre egiten du).

Ordura arte ez zenuen batere harremanik izan euskal etxeen munduarekin.

-Batere. Lincoln-en ez dago euskal etxerik eta geroago ezagutu nituen, euskara ikasi eta gero. Urte sabatikoaren ondoren, atzera Argentinan, Buenos Aires hirian kokatu nintzen, Psikologia ikasketan UBAn (Buenos Airesko Unibertsitatean) egiteko eta berehala bertako Euskaltzaleak elkartean hasi nintzen euskara eskolak ematen, baita Juningo Euskal Etxean ere. Euskara Munduan programarekin harremandu eta aldi berean segitu nuen euskara ikasten, batetik ikasle, bestetik irakasle. 11 urtez izan nintzen irakasle Euskaltzaleak-en, 2002an senarra eta orduan neuzkan bi semeak hartu eta epe baterako Euskal Herrira bizitzera etortzea erabaki genuen arte, Angelura (Lapurdi)...

...eta Euskal Herrian ere euskara irakasle arituko zinen.

-Senarrarentzat euskara klaseez galdezka joan eta AEKn sartuta bukatu nuen, Angelun eta Biarritzen irakasle, baita helduekin Angeluko Ikasleak-en, eta haurrekin irakaskuntza elebidun pribatuan, Baionako Sacre Couer-en eta Angeluko Stella Maris-en. Jendea harritu egiten zen euskara irakasle argentinarra zeukatela ohartzen zenean, heiek hemengoak izanik edota hemen biziturik. Bestalde, uste dut adibidea nintzela haiendako, ikusten baitzuten ahal zela, nahiz eta euskarak hizkuntza ikasteko zail eta konplikatu fama izan, posible zela ikastea, ni horren froga bainintzen, borondate eta dedikazioz gauzak posible direla.

EGA titulua ere atera zenuen.

-2002an Euskal Herrira iritsi nintzenean helburu jarri nuen EGA ateratzea, eta 2003ko uztailean atera nuenean ez nuen sinesten ahal. Egiari zor, euskara ikastea oso garrantzitsua eta bozkario izan da niretzat. Aitarekin bere ama-hizkuntzan hitz egin ahal izatea ekarri zidan, berak nirekin modu naturalago eta afektiboagoan hitz egin ahal izatea. Oso esperientzia ederra izan zen euskara elkarrekin partekatzea eta gehiago eta hobeto murgildu ahal izatea hemengo nire familiarekin, euskal kultura barnetik bizi ahal izatea, hori ere nire parte baita.

Nola sentitzen dituzu argentinartasuna eta euskaltasuna?

-Argentinak zeharo erakartzen nau. Han jaio nintzen eta han daukat amaren aldeko familia. Behar bada partekatuta sentitu izan naiz, banatuta, bi munduko parte bainaiz. Ideialena Argentinan bizitzea izango litzateke eta Euskal Herrira maiz etortzea: hona etorri eta bertako paisaiak ikusi, hemengo musika entzun, kultur adierazpenez gozatu edo hemengo hizkuntza hitz egiten dudanean, nire barnean taupadak azkartu egiten zaizkit, bozkario handia da niretzat, pozez betetzen zait bihotza.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia