euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bordaleko Euskal Etxea: duela 75 urte sortu elkarteak eraikin ederra dauka, berritua eta gogo euskaltzalez betea

2021/07/21

Bordaleko Euskal Etxearen egoitza, Akitania Berriko hiriburu den Bordele erdigunean kokatua
Bordaleko Euskal Etxearen egoitza, Akitania Berriko hiriburu den Bordele erdigunean kokatua

PUBLIZITATEA

Bordele, Frantzia. Duela 75 urte sortutako elkartea da Eskualdunen Biltzarra, Bordeleko Euskal Etxea, eta sortu eta 20 urte beranduago erosi zuten bazkideek egungo egoitza izaten segitzen duena, hiriaren erdigunean. Eraikin ederra da, goitik behera zaharberritua: baditu ikasgelak, sukalde handia, barra eta bi apartamendu txiki. Eta gibelaldean, “Euskaldunen Plaza”, ederra hau ere kale antolaketak egiteko. Etxea garai onean erosi zuten, geroztik prezioek ikaragarri goititu baitira, eta bizi-bizirik daukate, gogo eta ekimen euskaltzalez beteta.

Ohiko hainbat ekimen antolatzen dituzte urtean zehar, tartean Gau Eskola online eta aurrez aurreko euskara klaseekin. Kirol arloa ere ongi zaintzen dute eta euskal pilota lantzen dute, eta errugbi eta futbol taldeak dauzkate. Mendiari dagokionez, EEko “Ibilki” taldeak irteerak proposatzen ditu oinez naturan, Akitania Berriko hiriburu inguruan, baina baita, Euskal Herrian ere, Baiona berrehun kilometro eskasera baitago eta batzuetan tentagarria baita asteburuko mendi planak egitea.

Gastronomia alorrak jarraitzaile asko dauzka eta, besteak beste, Mathilde Rosseti sukaldariaren “Goxoki” izeneko euskal sukaldaritza tailerrak eskaintzen dituzte. Dantzariak eta dantza ahaztu gabe, ezta kantua eta abesbatzak ere. Euskal etxeko abesbatzak elizetan kantatu ohi du eta beste hiri batzuetara ere joaten da gonbidatu, emanaldi eta koru elkarretaratzeetara. “Kantuz” taldeak, berriz lan ederra egiten du bestak animatzen. Pandemiak behartuta itxirik egon den taberna, berriz dago zabalik, ostegunetik larunbatera, bazkideen bilgarri.

Ohiko aktibitate horietaz aparte, urtean zehar bestelako ekimen jakin batzuetan parte hartzen dute. Esaterako, Europako Ondarearen Egunean, Euskal Diasporaren Egunean, Euskararen Nazioarteko Egunean, Musikaren Festan, bi urtean behin egiten den Bordeleko Ardoaren Festan edo AEKko Korrikan ere partaide dira, azken honetan Bordelen bertan zein Euskal Herrian, kilometro batzuk erreserbatzen eta korrika egiten. Kontzertu eta hitzaldiek ere euren lekua daukate.

COVID-19ko neurriengatik 2020ko martxoan ekimen gehienak bertan behera geratu ziren, Gau Eskola izan ezik, hau birtualera pasatu baitzen. Pandemiak eragindako etenaldi handiaren ondoren, datorren irailean, ikasturte berria hasten, aktibitate guztiak berrabiatu ahal izatea espero dute. Aupa lagunok eta zorionak egiten duzuen lan ederragatik!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia