euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bertan da Macachingo 2022ko Euskal Aste Nazionaleko zati nagusia, hona programa, abisuak, lehen argazkiak

2022/10/05

Macachineko dendariak euren lekuak euskal kolore eta apaingarriz jantzita hartuko dituzte Euskal Asteko partaideak
Macachineko dendariak euren lekuak euskal kolore eta apaingarriz jantzita hartuko dituzte Euskal Asteko partaideak

PUBLIZITATEA

Macachin, Argentina. Pandemiak 2020 eta 2022an bertan behera utzi behar izatea ekarri zuen, baina aurten, ibilbide luze eta aldapatsuaren ostean, ahalegin eta engaiamendu irmoa lagun, hemen dago, iritsi da Macachinera (La Pampa)Euskal Aste Nazionala, Argentinako euskal komunitatearen urteko hitzordu nagusia, nonahiko euskaldunak elkarretaratzera eta bat egitera deitzen duen euskal-argentinar topaketa. Eskertzekoa, herriko Euzko Alkartasunak eta Macachingo herri osoak anfitrioi lanetan isuri duten indarra, kemena, ilusio, maitasun eta lana. Ekitaldiak, ofizialki, joan den larunbatean hasi baziren ere, datorren asteburua hurbiltzen joan ahala igotzen joango dira tenperatura, ostiralean lehertzeko, Argentina osoko, ondoko herrialdeetako eta Euskal Herriko lagunen bilgarri [gogoratu urriaren 10a, astelehena, jai eguna dela Argentinan].

Helburua, etorri nahi zuen inor kanpoan ez uztea izanik, antolatzaileek ahalegin berezia egin dute ken zitezkeen 'soberazko' gastuak oro ezabatzen eta eta aurrekontua doitzen. Ekitaldietako gehienak, beraz, doan dira, eta ostatua lortzen laguntzeko ahalegin ederra egin dute bertakoek, berez zentzu horretan azpiegitura urria duen herria baita Macachin. Guztia, egiazki izan dadin asteburu honetan Macachin, Argentina eta oro har Diasporaren hiriburu bizi, koloretsu eta partehartzailea.

Euskal Herritik ordezkaritza instituzional eta artistikoa

Gogora dezagun FEVAko bilera nazionalean parte hartuko duten Argentina osoko ordezkaritzez gain, partaide izango direla, Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Sara Pagola ordezkaria, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Gorka Alvarez Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria; baita ere EH Bilduko legebiltzarkide Jasone Agirre. Iparraldetik ordezkaritza artistikoak kide izango ditu, Baionatik, 'Olentzeroren Lagunak' taldea eta 'Hazparneko Joaldunak' talde hazpandarra, eta 'Euskal Argentina' talde baxenafartarrak ere sei pertsonako espedizio batekin bertaratuko da. Bizkaiko Barakaldotik 'Laguntasuna Dantza Talde'ko 23 kideko taldea bilduko da, eta Gipuzkoako Arrasatetik Mondragon taldeko eta MUko ordezkariak.

Txupinazoa eta lepokoa eskuetan

Programak ohiko kronograma garatuko du eta tarteko izango dira FEVAren bilera nagusiarekin datozen liburuzain eta dantzari taldeen zuzendarien bilerak, euskal etxeetako abesbatzen topaketa, mintzodromoak, euskal kirol eta dantza tradizionalen erakustaldia, danborrada, kalejira, erromeriak-eta, eta oraingo honetan, gautxoen kulturaren abilezia kreolearen erakustaldia, Macachingo Euzko Alkartasunak herri kanpoaldean duen hipodromo eta olgetarako parkean.

Antolatzaileek gogora arazten dute Txupinazoa ostiralean zortziak ondotik izango dela eta bertan parte hartzeko lepoko tradizionala, mokanesa eramatea gomendatzen dutela eskumuturrean lotua, festari hasiera ematen zion momentuan airean higitu ahal izateko. Larunbaterako, baserritar jantziz joatea kalejirara aholkatzen dute, ondotik ez baita astirik izango etxeratu eta arropak aldatzeko erromeria aurretik.

PROGRAMA. Ostegunetik astelehenerakoa

Urriaren 6, osteguna:
-09etan Macachin inguruko landa eremuetara bisita tematikoa
-11etan ‘La Florida’ estantziara bisita eta hamaiketakoa
-13:15etan ‘La Florida’ estantzian bazkaria
-16:15etan Hitzaldia: ‘Olentzeroren kultura Euskal Herrian’, Kultur gelan
-18etan Harrera ordezkaritzei, Euskal Etxeko idazkaritzan
-19etan Pintxo potea, Txoko bar-ean
-21:15etan Afaria, jantokietan
-23:30etan ‘Bukatzeko’ (sic), Txoko bar-en

Urriaren 7, ostirala
-Egun osoan, harrera ordezkaritzei, Euskal Etxeko idazkaritzan
-07etatik 11etara gosaria, jantokietan
-11etan Hazparneko Joaldunen kabalkada herrian zehar
-12:30etan Bazkaria, Club Atlético Macachín-eko (CAM) ‘B. Michelena’ kiroldegian
-14etan Musikarien bilera, Kultur gelan
-15:30etan Dantza gaualdirako musikarien lehenengo entsegua, Club Atlético Macachín CAMen
-15:30etan Dantza gaualdirako dantzarien lehenengo entsegua, Club Atlético Macachín CAMeko ‘B. Michelena’ kiroldegian
-15:40etan Harrera Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzari, Bahía Blancako aireportuan
-17etan Zinema: ‘Kimuak: euskal laburmetraiei omenaldia’, Kultur gelan
-18etan Mintzodromoa I, herri osoan zehar
-19etan Abesbatzen bilera, Kultur gelan
-19etan Bertako kooperatibekin bilera. Mondragon Unibertsitatea eta Eusko Jaurlaritza
-20etan Plaka oroigarria Ekitaldi ofiziala. Txupinazoa, Enrique F. Parodi kalean
-22etan Afaria, Club Atlético Macachín CAMeko ‘B. Michelena’ kiroldegian
-00:30etan Erromeria Maral taldearen musikaz, Euskal Etxeko kiroldegian

Urriaren 8, larunbata:  
-07etatik 11etara gosaria, jantokietan
-08etatik Ordezkaritzen harrera, Euskal Etxeko idazkaritzan
-09etan Liburuzainen bilera. Macachingo Biblioteca Popularrean
-10etan Abesbatzen bilera, Kultur gelan
-10etan FEVAko bilera, Salón Cooperativo-n
-11:30etan Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzaren hitzaldia Kultur gelan: 'Euskadi, egungo begirada bat eta proiekzioa mundura'
-12:30etan Bazkaria, Club Atlético Macachín CAMeko ‘B. Michelena’ kiroldegian
-13ean Mus txapelketa, Euskal Tabernan
-14etan Petanka txapelketa, petanka kantxan
-14etan Pilota txapelketa, pilotalekuan
-15etan Dantza gaualdirako dantzarien entsegua, Club Atlético Macachín CAMen
-15:30etan Dantza gaualdirako musikarien entsegua, Club Atlético Macachín CAMen
-16etan II Mintzodromoa, padel jokalekuan
-16:45etan Hitzaldia ‘Olentzero eta Joaldunak, neguko ohiturak’, Kultur gelan
-17:15etan Abesbatzen II. Topaketa, ‘Nuestra Señora del Rosario’ elizan
-18:30etan Danborrada, kalejira eta joaldunen kabalkada, Enrique F. Parodi kalean
-19:30etan Dantzaldia, Club Atlético Macachín CAMeko ‘B. Michelena’ kiroldegian
-23etan Afaria txoznetan, euskal etxeko patioan
-00:30etan Erromeria, Maral taldearen musika, Euskal Etxeko kiroldegian

Urriaren 9, igandea  
-07etatik 11etara gosaria, jantokietan
-09etan Meza ‘Nuestra Señora del Rosario’ elizan
-10etan Abilezia kreolearen erakustaldia, euskal etxeko hipodromoan
-13:30etan. Bazkaria, Club Atlético Macachín CAMeko ‘B. Michelena’ kiroldegian
-16etan Herri kirolak Enrique F. Parodi kalean
-16etan Turismoa, Hidalgoren Salinas Grandesera paseoa
-19etan Plaza dantzak, Enrique F. Parodi kalean
-21:30etan Afaria txoznetan, Club Atlético Macachín CAMeko ‘B. Michelena’ kiroldegian
-23etan Sutegia eta musikarien kontzertua, 'Txalaparty'

Urriaren 10, astelehena:  
-07etatik 11etara gosaria, jantokietan
-12:30etan Bazkaria kartara, ‘Iñaki’ jatetxean

Erakundeek udal eta probintzia mailako interesekoa aitortu dute Macachingo Euskal Aste Nazionala 2022.

Informazio gehiago nahi izanez gero, idatzi semanavasca2022@gmail.com helbidera.

On egin!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia