New London, AEB. Egindako prebisioak gaindituta, New London-eko Parade Plaza --leku pribilegiatua hirian, itsaso ondoan, tren geltokiaren aurrean, Udaletxetik oso gertu, bertako historiako sinbolo den eskola zaharraren eraikina ere bertan-- New England osotik eta kanpotik ere etorritako hainbat jenderen biltoki bilakatu zen joan den larunbatean, Basque Fest edo bertako lehenengo euskal festa publikoko egoitza bilakatuta.
AEB parte honetan sakabanatuta bizi diren euskaldun askoren erakargune izan zen Euskal Festa, tartean Euskal Herritik etorrita aspaldidanik bizitza hemen egiten duten pertsona eta familiak, baita hemen jaiotako euskaldunak ere, batzuk adin altukoak. Eta, bistan da, amerikar ez-euskaldunak, batzuk aurretik euskaldunen berri bazutenak, eta beste batzuk ikustera eta ezagutzera etorriak. Guztiek osatu zuten festari arrakasta ekarri zion jendetza.
Baziren Boston eta Connecticut osotik --batzuetan zenbait ordutako bidea eginez-- bertaratutako jendea, Rhode Island eta, finean, New England osotik etorritakoak. Baina baita ere New Yorketik, kosta berean baina urrutiago iparraldera Quebec-ekoak ere kusi genituen, eta hegoaldera baita Floridakoak ere. Zer esanik ez, Mendebaldetik, Kalifornia eta Nevadatik etorritakoak, dantzari eta musikarien laguntzaile, familia osoak. Euskal Herriko ordezkaritza txiki bat ere bildu zen, guztiak giro, asmo eta partaidetasun izpiritu bera elkarbanatuz.
700-800 bat pertsona bildu zirela bota dute zenbait iturrik. Bertara eramandako musikak, prestatutako dantza eta kirol emanaldiek oso onarpen ona jaso zuten. Dantzetako batzuk, publikoaren konplizitatea ere bereganatu zuten eta euskal dantzariek begira zeudenak gonbidatu zituzten dantza urrats batzuk elkarrekin egitera: eta jendea gustura sartu zen jokoan. Gauza bera kiroletan, gazteak eta haurrak ere aukera izan baitzuten herri kiroletako batzuk dastatzeko, hala nola soka-tira, harrijasotzea eta txingak, harrijasotzean adibidez propio erakusteko prestatutako altxatzeko gezurrezko harri batzuekin.
Lan ederra egin zuten Kalifornia eta Nevadatik newlondoneratutako hiru dantza taldeek, hala nola Los Angelesaldeko Chinoko Gauden Bat dantza taldeak; San Frantziskoko Zazpiak Bat dantza taldeak, Valerie Arrechea txistulari; eta Nevada Elkoaldeko Lamoilleko Ardi Baltza dantza taldeak.
Herri kiroletan, New England Basque Clubeko herri kirol taldeak gidatu zuen jarduna: aizkolariak, txinga-eroatea, harrijasotzea eta soka-tirak txalo beroak jaso zituzten, Riki Lasa aurkezle.
Eta lehenengo ordutik, musika eta janaria osagai nagusi izan ziren. Musika, Eneko Dorronsoro trikitian eta Izer pandero jotzaile, Gipuzkoatik etorriak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kanpo Harremanetarako zuzendari Iker Goiriarekin.
Janarian, berriz, egun osoan jo ta fuego ibili ziren prestatzen eta zerbitzatzen --bertako bolondresak ere ezinbesteko lagun, pintxoak, paellak, anoak eta bateko eta besteko janariak-- Floridatik etorritako Paella Grill eta Paella Party euskal enpresetakoak, New Yorkeko Amona Events eta Txikito Jatetxeko kideak, baita La Vasca-ko lagunak ere.
Euskal Etxetik, bertako lehendakari Juan Mari Aramendik arnas pixkat hartu ahal izan zuen iluntzeko zortziak aldean ekitaldia bukatu zenean. Apur bat nekatuta, baina irria ezpainetan, emaitza ikusita. Zorionak berari eta ekitaldia zinez arrakastatsua izan zedin lan egindako guztiei. Etorkizun sendo baterako oinarriak jarri ziren, bereziki 2020ko New Londoneko NABO Biltzar Nagusia eta Basque Fest-ari begira.
(beste artikulu batean, ikus ekitaldiko argazki-kronika)