euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako euskal diaspora da aurten Pasai Donibaneko Bixi Bixi elkartearen 'Gora Herriak' jaialdiko protagonista

2024/05/29

'Gora Herriak' jaialdia ostegun honetan hasiko da Pasai Donibanen, Argentina eta euskal diaspora argentinarra hizpide eta ospagai
'Gora Herriak' jaialdia ostegun honetan hasiko da Pasai Donibanen, Argentina eta euskal diaspora argentinarra hizpide eta ospagai

PUBLIZITATEA

Pasaia, Gipuzkoa. Kultur ekitaldia bihar ostegun iluntzean hasiko da, maiatzaren 30ean, hitzaldia emango baitute Oscar Alvarez Gila EHUko historialariak eta Julieta Gaztañaga UBAko antropologoak ‘Euskaldunak Ameriketan. XIX. mendeko migrazioa eta gaur egungo diaspora’ izenburu. Baina hitzaldia programa trinko eta aberats baten hasiera baino ez da izango. Argentinarekin eta Argentinako euskal diasporarekin lotutako mota askotako ekintzak garatuko dituzte bi astetan zehar, tartean hitzaldiak, antzerkia, musika eta dantza ikuskizunak eta erreki argentinar tipikoa barne.

Ekimena Pasai Donibaneko Bixi Bixi elkarte ezkertiar eta abertzaleari zor zaio. izan ere, 'Gora Herriak' herrien arteko elkartasuna sustatzeko asmoarekin jaio zen. Elkartasun eta elkar ezagutza helburu honekin, orain artean herri hauek izan ziren ekimeneko protagonista aurreko edizioetan: Kuba, Portugal, Sahara, Kurdistan eta Irlanda. Ondoren, 2023an, emakume migranteen egoera jorratu nahi izan zuten antolatzaileek eta Afrika hartu zuten aurkezgai, bereziki Amazigh herria.

Euskaldunak ere migrante

Euskaldunak ere izan dira, ordea, euren historia osoan zehar migrante.“Euskaldun asko migratu ziren, batez ere XIX. mendean, hemengo foruen desagertzeak, eta gerrek, goseak eta pobreziak bultzatuta. Eta askok Argentina aukeratu zuten bizileku. Horregatik aurtengo ekimenean Argentina eta Argentinako euskal diaspora izango dira gure protagonistak”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i Bixi Bixi-ko Xabier Alegria Loinaz-ek.

Adierazgarriak izan diren etorkin batzuen kasuek animaturik, Pedro Mari Otaño adibidez, ‘Gora Herriak’ jaialdiak diasporaren kontzeptuan sakontzeko aukera ere proposatzen du beraz aurten. Gogora dezagun Otaño bertsolari zizurkildarrak hirutan erbesteratu behar izan zuela eta hiruetan Argentina izan zuela helmuga. Bere historia ere egongo da jaialdian, Patxi Bisquert egiten ari den ‘Ombuaren itzala’ filmari esker.

PROGRAMA OSOA

— Maiatzak 30, osteguna, 19etan
Euskaldunak Ameriketan. XIX. mendeko migrazioa eta gaur egungo diaspora hitzaldia
Oscar Alvarez historialaria eta Julieta Gaztañaga antropologoa hizlari, azken hau Argentinatik

— Ekainak 1, larunbata, 19:30ean
Ombuaren itzalean, karidadeko benta ikuskizun artistikoa, Jon Maiak gidatua
Patxi Bisquerten esanetara arituko dira Joseba Usabiaga eta Sara Cozar aktoreak eta Maddalen Arzalluz eta Andoni Egaña bertsolariak.

— Ekaina 4, asteartea, 19etan
Argentina XX. mendean: bidaia malkartsu baten kronika hitzaldia
Damian Pedrosa Hernaniko argentinarra eta Roberto Mendoza preso eta erbesteratua partaide, azken hau Argentinatik

— Ekainak 6, osteguna 19etan
Oroimen etorkizunez beteriko arma hitzaldia
Martin Mozek eta Alberto Barandiaranek

— Ekainak 7, ostirala, 19etan
Dantza ikastaroa (Chacarera eta bestelakoak).

— Ekainak 8, larunbata, 19:30ean
Kantaldia eta ikuskizuna Juanba Berasategi aretoan.

— Ekainak 10, astelehena, 19etan
Neoliberalismoa Argentina zigortzen titulupean, dokumentala eta mahai ingurua. Mate dastaketa ere barne

— Ekainak 13, osteguna, 19etan
Maputxeen aurkako sarraskiak eta egungo egoera hitzaldia
Asel Luzurraga idazlearen eskutik

— Ekainak 15, larunbata:

  • 11:30ean: Apar festa Meipin
  • 13:00etan: Pasaia Txarangarekin poteoa eta dantza
  • 14:15ean: Bazkaria: Parrillada argentinarra
  • 15:00etan: Zurru Murru zirko eskola, haur eta gaztetxoentzat.
  • 17:00etan: Ekitaldi nagusia: betsolariak, payadoreak, dantza argentinarrak eta bestelakoak
  • 18:00etan: Kantaldi-dantzaldia Juan del Monte talde folkloriko argentinarrarekin
  • 19:00etan: Elektrotxorongo elektrotxaranga
  • 21:00etan: DJa

Hitzaldiak Pasai Donibane Kultur Aterpean egingo dira; ikuskizunak eta kantaldiak, berriz, Juanba Berasategi Aretoan.

Informazio gehiago, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia