euskal diaspora eta kultura

2010/10/19
Jende gehienak Madrilgo Txistu eta 'Asador Donostiarra' jatetxe ezagunen sukaldari eta fundatzaile izan zelako ezagutzen dute. Nafarroako Lerinen 1927an jaioa, bere biografia Donostiari ere badago lotua, eta baita Venezuelari ere, Julia Almeida Zapirain donostiarrarekin ezkondu ondoren Caracasen bizi eta lan egin baitzuen zenbait urtez, ondoren atzera egin eta Madrilen bizitzen jartzeko, espainiar hiriburukoen artean ospetsuenen artean kokatzen diren bere jatetxeak sortu eta kudeatzeko. Atzo, Nafarroako Gobernuak, bere ibilbide osoko ahalegina eta sorterriko 'enbaxadari' lana onesteko Xabierreko Frantzisko Saria eman zion.
2010/10/19
Shanghaiko Erakusketak eta Patxi Lopez lehendakariak berriki Txinara egin duen bidaiak komuinikabideetara ekarri dute herrialde honetan bizi den euskal komunitatea. Txinan bizi diren euskaldun asko eta asko bertako enpresetan lan egiten duten profesional gazteak dira. Baina badago besterik ere. Diario de Noticias de Gipuzkoa egunkariak hiru lagunei egin die elkarrizketa: Aitor Azkue, Euskal Etxeko presidente berria; Estibalitz Gete, Euskal Etxeko presidente ohia, eta Ion Alaña, Shanghaiko Kuluska tabernako sukaldaria. Jarraian elkarrizketak laburtu eta euskaratu ditugu.
2010/10/18
Corpus Christiko euskal etxe argentinarraren buletinaren azken zenbakiak mbya-guarani komunitateko umeentzako eskola bat eraikitzearen proiektua azkenean errealitate bihurtuko dela aurreratu du. Proiektuaren helburua haur hauentzako eskola bat eraiki eta osasun zerbitzua eskaintzea da. Euskal Etxeak bultzatu duen ekimen honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza lortu du.
2010/10/18
Aurten Nevadako Renon egin da Estatu Batuetako Udaleku, bertako Zazpiak Bat Euskal Etxeak antolatuta. 2010eko Udalekun horretan parte hartu duen gazteetako bati NABOren ekimen garrantzitsu honen balioespen pertsonala egiteko eskatu diogu. Vanessa Manjarrez neska euskalamerikarra da, Kalifornian jaioa eta arbasoak Nafarroako Luzaiden dituena. Hauek dira Udalekuri buruz egin dituen hausnarketak, ekimena nola ikusten duen agertuz eta bere aburuz bera bezala 15 urte dituen gazte iparamerikar bati zer ekarpen egiten dion azalduz. Mila esker, Vanessa.
2010/10/18
Ehun bat lagun bildu ziren Macachingo Euzko Alkartasuna Euskal Etxeko Kultur Gelan dantzarien aldeko bazkari batean parte hartzeko. Topaketan bildutako diruari esker, errazago egingo zaie erakundeko dantzariei Mar del Platan izango den Mendeurreneko Euskal Asterako bidaia. Beste jarduera batzuk ere aurrera eramaten ari dira 'Gure Ametsa'ko kideak, hala nola, zozketak eta instituzioaren hipodromoan taberna-zerbitzua eskaintzea.
2010/10/18
Aurtengo edizioak ere euskaldunik izan du bertako programak Europa erdialdeko eta bestelako gizataldeen musika eta folklore alorrean eskaintzen duen emanaldi-sortan. Argentinako Cordoba probintzian urtero garatzen den festa erraldoi honen 47. edizioak probintziako hiriburutik heldutako Txotx! dantzari taldea eta euskal instrumentuak baliatzen dituen Baietz musikari taldea izan ditu euskal ordezkari. Euskal Herriko emaitzak urriaren 5ean dastatu ahal izan ziren, dantzari eta musikariak elkarrekin.
2010/10/15
Eusko Jaurlaritzako Kultura saileko ordezkariak Londresen dira The Language Show 2010 delako hizkuntza azokan 'Munduoro euskaraz' stand-a aurkezteko. Gaur hasi eta datozen hiru egunetan euskarak beste hainbat herrialdetako hizkuntzekin bat egingo du hizkuntzen erakusleiho den azoka honetan, hizkuntzak, kulturak eta komunikazioa ardatz.
2010/10/15
Espainiako Kultura Ministerioak eman ohi duen Saiakera Saria jasoko du Anjel Lertxundi idazle euskaldunak (Orio, 1948), "Eskarmentuaren paperak" lanagatik. 2009an Espainiako Estatuan argitaratutako saiakerarik onena izan dela ebatzi du epaimahaiak. Saiakera Lertxundik batzuetan jorratu duen generoa da, sarriagotan aritua baita haur literatura, ipuingintza eta eleberrigintzan. Berria egunkarian egunero idazten du Lertxundik, paperean zein blogean. Saria ibilbide osoaren aitortza delakoan jaso duela esan du oriotarrak.
2010/10/15
Paraguaiko hiriburuko 'Jasone' Euskal Etxeak arrakastaz eutsi zion joan den igande-astelehenean aste honetan Hispanitatearen Festa zela-eta Asuncionen antolatu zen programari, hala nola parte hartuz igandean Casa España delakoan eratutako stand gastronomikoen ekimenean zein astelehenean Euskal Etxeko lehendakari ohi Pedro Jose Gamarra Doldan-ek eman zuen hitzaldian, azken honetan 'Valle Inclan eta Blasco Ibañezek Paraguaira egin bisitaren Mendeurrenean' gaitzat harturik.
2010/10/15
Espainiako Kultura Ministerioak eman ohi duen Saiakera Saria jasoko du Anjel Lertxundi idazle euskaldunak (Orio, 1948), "Eskarmentuaren paperak" lanagatik. 2009an Espainiako Estatuan argitaratutako saiakerarik onena izan dela ebatzi du epaimahaiak. Saiakera Lertxundik batzuetan jorratu duen generoa da, sarriagotan aritua baita haur literatura, ipuingintza eta eleberrigintzan. Berria egunkarian egunero idazten du Lertxundik, paperean zein blogean. Saria ibilbide osoaren aitortza delakoan jaso duela esan du oriotarrak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus