2010/07/29

Argentina eta Euskal Herriaren arteko harremana estua da oso. Lotura sendo horren arrastoak hainbat lekutan ikus daitezke, hor eta hemen, zelai eta hirietan, ohituretan eta jendeengan. Arbasoak, aitona-amonak eta gurasoak atxikimendu horri eusteaz arduratu ziren urtetan. Gaur, gazteek ere herrien arteko erlazioa mantentzeko aukera dute eta ondo asko egiten dute. 2004tik aurrera Necocheako Euzko Etxeak bultzatzen duen 'Hator Hona' programa, paregabeko baliabide bihurtu da asmo hori betetzeko. 'Hator Hona'ren bidez, zazpi euskaldun etorri dira egunotan Argentinara, sei Hegoaldekoak eta bat Iparraldekoa. Izan ere, euskal etxeko kideak poz-pozik daude, Iparraldeko partaide bat etortzen den lehenengo aldia baita. Zazpi gazteak hiru aste izango dira Necochean, bertako familiekin bizitzen eta euskal etxean dantza, musika, kirola eta euskarari buruzko tailerrak ematen.
Gehiago irakurri...
2010/07/28

Boiseko Jaialdiri buruzko aurreko artikuluetan esan legez, jende asko da bertaratuko dela iragarri duena, eta horien artean makina bat dira bertara erakundeen izenean Euskal Herritik hurreratuko dena. Horien arteko bat izango da Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusiorde eta Kanpo Harremanetarako diputatu den Iñaki Galdos. Honako elkarrizketa atzo eman zuen argitara Noticias de Gipuzkoa egunkariak.
Gehiago irakurri...
2010/07/28

FEVA, Erakunde Eusko Argentinarren Federazioak, zonaldeko bi tailerrerako deia egin du Villa Maria eta General Roca herrietan, euskal etxeetako zuzendari gazteak trebatzeko. Erakundeen kudeaketa administratiboarekin zerikusia duten gaiak jorratuko dira eta, horrekin batera, euskal etxe bat zer den, FEVA zer den eta 'euskal kulturan trebakuntza' izeneko modulua ere eskainiko da.
Gehiago irakurri...
2010/07/28

Uztailarekin batera urteko lehenengo seihilekoaren bukaera heldu da. Balantzea egiteko eta atseden txiki bat hartzeko momentua, agian. Izan ere, Argentina osoan, probintzia ezberdinetan ordutegi ezberdinak gorabehera, neguko oporren garaia izaten dira hilabeteok. Eta San Fermin Jaiak, bi helburu horiek betetzeko aukera eman dio Argentinako hainbat euskalduni. San Ferminen omenezko festen harira, euskal erakunde batzuek, gonbidatu bereziak jaso dituzte beren baitan. Trenque Lauquen-era, Ricardo Basterra FEVAko lehendakaria bildu da; La Platako ospakizunean, berriz, Elvira Kortajarena Jaurlaritzaren Argentinako Ordezkariak hartu zuen parte; eta euskal etxe askotako kideak Ayacuchora bidaiatu ziren bertako ekitaldian dantzatzera.
Gehiago irakurri...
2010/07/28

Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa sarean dago dagoeneko, nahi duenak dohain kontsultatzeko moduan. Obra, 2009ko urrian eman zen argitara liburu eta CD-ROM formatuetan. Zientzia eta Teknologia alorrak haintzat hartzen dituen euskarazko hiztegi entziklopediko hau, euskaraz egin den lehena gai hauetan, termino bakoitza beste zenbait hizkuntzetan ere badakar, hala nola ingelesez, gazteleraz eta frantsesez, beste andana bat euskarazko artikulu eta informazio osagarriarekin batera.
Gehiago irakurri...
2010/07/28

Hala esan zuten duela egun batzuk: Egunkariko zuzendari ohia eta egun Berriako zuzendaria den Martxelo Otamendi kazetariak ezingo zuen Idahoko Jaialdin egon, AEBetan sartzeko baimena bertako gobernuak ukatuta. Geroztik, Idahoko euskal komunitateko kide eta buruzagi ezagun diren Dave Bieter, Boiseko alkatea, eta Pete Cenarrusa, estatu-idazkari ohia, Otamendiren alde mintzatu zaizkio gutun batean AEBetako Espainiako enbaxadariari. Boiseko hiriari eta bertako euskaldunei lotutako ibilbidea daukan Otamendi duela gutxi errugabetu zuen Espainiako justiziak bere kazetari lanari loturik leporatzen zitzaizkion ETAko kide izateko karguetatik, Euskal Herri barne zein kanpoko hainbat kazetari-elkarteek eta giza eskubideen eta bestelako taldeek erabat zentzugabe eta oinarribakotzat jo zuten 'Egunkaria auzia' izena hartu zuen prozesuaren baitan.
Gehiago irakurri...
2010/07/28

Ipar Hemisferioko uda honetan, Noka talde kaliforniarrarekin batera Euskal Herrian zehar zenbait kantaldi eskaini zituen Jean Bordaxar-en laukote zuberotarra Kaliforniara hurreratuko da abuztu amaieran, grabatu duen bere azken diskoa San Frantzisko eta Chinoko Euskal Etxeetan aurkezteko.
Gehiago irakurri...
2010/07/27

Atzo eratu zen Donostian egoitza izango duen 'Basque Culinary Center'eko Aholkulari Batzordea. Zentro honetako aholkulari taldea nazioartean izen handiena duten zortzi sukaldariek osatuko dute. Hurrengo urtetik aurrera, gune honetan Gastronomia Zientzien Fakultatea eta Ikerketa eta Berrikuntza Zentroa izango dira.
Gehiago irakurri...
2010/07/27

Estatu Batuetara hasi berria duen bidaiako lehenengo programapeko egun osoan Nevada-Renoko Unibertsitatea (UNR) bisitatu zuen atzo Patxi Lopez lehendakariak. Goi ikastetxe horretako 'Mathewson-IGT Knowledge Center' delako eraikin adimentsuan egoitza duen Euskal Ikasketa Zentroa, UNRko presidentearekin eta bertako goi karguen gidaritzapean ikusi zuen, tartean Bill Douglass, Joseba Zulaika eta Sandy Ott irakasleekin. Horiekin batera, Blanca Urgell Kultura sailburua eta Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta euskal ordezkaritzako parte ziren beste zenbait lagun. Goizeko ekitaldi garrantzitsuenean, eraikin bereko hitzaldi aretoan, Jaurlaritzaren eta UNRen arteko hitzarmena berritzea, eta Nevadako Estatuari 'Lagun Ona' merezimendua ematea. Gobernadorea postua uzten ari delarik, Nevadako gobernadoreorde Brian Krolicki-k jaso zuen plaka eta errekonozimendua.
Gehiago irakurri...
2010/07/27

Boise State University (BSU) eta bertako Euskal Ikasketen Zentroa antolatzaile direla, bihar hasiko da Boisen 'Euskal Herria Mugaz Gaindi' Nazioarteko Mintegiaren zazpigarren edizioa. Euskal diaspora eta emigrazioaren fenomenoa eta 'kanpoko Euskal Herria'ren arlo desberdinak ikertzen dituztenak bildu eta elkarren berri emateko moduan jartzea helburu duen bilera honek Ameriketako zein Europako aditu eta ikertzaileak batuko ditu. Ekitaldiak Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak inauguratuko ditu. Hizlarien artean, EuskalKultura.com-ek ere izango du presentzia, ostegunean bere zuzendari Joseba Etxarri mintzatuko baita, 'Euskal Etxeak mundu globalizatuan' gaiari buruz.
Gehiago irakurri...