euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Madrilgo Beti-Jai frontoia salbatzeko herritar talde batek sinadura bilketa jarri du abian interneten

2008/11/20

Frontoiaren barrualdea gaur egun (argazkia Igor Martinez) Madrilgo Beti-Jai frontoia salbatu nahi duen herri mugimenduak pauso berri bat eman du, sarean sinadurak biltzeko kanpaina abian jarriz. Frontoia 1893an diseinatu zuen Joaquin Rucoba arkitektoak eta munduan dagoen neomudejar estiloko frontoi bakarra da. 1977an eta 1991an Kultura Ondasun izendatu zuten eraikin hau. Sinadura bilketa egiten ari den taldeak dioenez egungo egoeraren erruaren bila erakunde publikoen arduragabekeriari espekulazioa gehitu behar zaio, izan ere frontoia Madril erdialdean dago eta zoru horretan etxeak egiteko eraikuntza proiektuak daude. Herri plataformak, aldiz, ondasun historiko hau berreskuratu eta kirol eta kultur ekimenetarako erabiltzea proposatzen du.

Gehiago irakurri...


Datorren igandera arte Munduko IV. Trinkete Txapelketa ari dira egiten La Habanan, FIPVren babesean

2008/11/20

Mundiala hasi zeneko partida, publikoan zaletuetako batzuk, ikurriñarekin, euskal jokalarien alde eginez (argazkia JMA-EuskalKultura.com) Kubatik pasatu zen Ike hurakanarengatik iraileko bere jatorrizko egunetatik azarora ekarri ondoren, joan den igandean hasi zen La Habanan, datorren igandean bukatzeko, munduko IV. Trinkete Txapelketa, Kubako Euskal Pilota Federazioak antolaturik Nazioarteko Federazioaren (FIPV) babespean. Sei selekzio ari dira elkarren aurka, Espainia, Frantzia, Kuba, Mexiko, Uruguai eta Argentina ordezkatuz. Azpimarratzekoa, Espainia eta Frantziako ekipo gehienak pilotari euskaldunak dauzkatela partaide, eta Argentina eta Uruguairen kasuan ere pilotarietako zenbait euskal jatorrizkoa direla baita ere.

Gehiago irakurri...


Kultura sailburua, Miren Azkarate, arituko da Etxepare Institutuko behin-behineko zuzendari gisa

2008/11/20

Miren Azkarate da Etxepare Institutuaren behin.behineko zuzendaria Behin-betirako zuzendari bat izendatu arte, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, Miren Azkaratek, beteko du Etxepare Institutuaren zuzendari lana. Eusko Jaurlaritzak Euskal Herritik kanpo garatzen duen kultur politikaren ardura hartu eta berau koordinatzeko sortu zen erakundea da izen ofizial osotzat Instituto Vasco Etxepare Euskal Institutua-Basque Institute hartu zuen hau. Oraingo urratsaren ondotik, Jaurlaritzak '2009ko urte hasierarako' iragarri du Etxepareren 'operatibotasun osoa'.

Gehiago irakurri...


Paranako Urrundik Euskal Argentinar Elkarteko taldea, partaide Entre Rios-ko 2008 Antzerki Topaketan

2008/11/19

Urrundik EEko antzerki taldeko kideak. Aurrera darraite Paranáko Urrundik Euskal Argentinar Elkarteak antzerki arloan arrakastaz daramatzan ekimenek. Euskal elkarteko antzerki taldea parte hartu berria da Entre Rios probintziako XXX Antzerki Topaketan, probintzia argentinar horretako beste zenbait talderekin batera, La Paz hirian bertako Turismo, Kirol eta Kultura Udal Idazkaritzak antolaturiko ekitaldia berau, Probintziako Kultura Idazkaritza eragile.

Gehiago irakurri...


Arrakastaz debutatu du Chacoko Euskal Etxeko 'Aurrera Goaz' antzerki taldeak, Miguel Lurbe zuzendari

2008/11/19

Antzezlariak publikoari txaloak itzultzen emanaldia bukatuta Aurrera Goaz du izena Chaco probintzia argentinarreko Kotoiaren Lurra Euskal Etxeko antzerki taldeak eta aurkeztu berria da lehen aldiz Resistencia hiriko areto batean, Don Bosco Eskolako agertokian hain zuzen, 'Eguraldi txarrari umore ona' obra antzeztuz. Hemezortzi pertsonak osatzen dute taldea, eta sorpresak ere azaldu zituzten emanaldian, besteak beste Giselle Ilarraz eta Ivana Ramirez dantzariak, Fabian Lurbek eta Ivana Ramirezek osatutako saltsa bikotea eta hip hop talde bat, Cabua le lé izenpean, Chacoko Euskal Etxetik beretik Fatima Soliz Eceizak esplikatu duenez.

Gehiago irakurri...


Elgoibarko indarrezko erronka: Euskal Herriko kirolariak Texasko amerikar indartsuenen aurka, telebistarako

2008/11/19

Elgoibarko plazan ospatu zen ikuskizunaren aurkezpeneko irudia Elgoibarko plazan herri-kirol jaialdi berezia izan zuten joan den larunbat goizean. Izan ere, Estatu Batuetako Texas-tik etorritako bi 'indartsu' nor baino nor aritu ziren kirolari euskaldunekin National Geographic telebista kate entzutetsuarentzat saio bat grabatzen, 'Superhumans' izenekoa. Halakorik egunero ikusten ez denez, jendetza handia bildu zen Gipuzkoako herrian jaialdia bertatik bertara jarraitzeko. Ernesto Ezpeleta 'Bihurri', Jose Ignacio Flores, Jesús Olaizola 'Agite', Jesus Gisasola 'Zelai', Hodei Ezpeleta aizkolari gaztetxoa eta Joseba Ostolaza euskal kirolariak Paul eta Carig Pumphrey indartsuen kontra aritu ziren. Lehiaren ostean Texas-ko anaiek bere zaletasuna agertu zuten jendaurrean: gauzak txikitzea.

Gehiago irakurri...


Gaur zabalduko da Erriberrin 'Adela Bazo, Argentinako emigrazio nafarraren margolaria' erakusketa

2008/11/18

Adela Bazo (Txantrean Auzolan; 'Ellas, las mujeres en la historia de Pamplona' liburutik hartua, egileak Silvia Fernández, Sonia Pinillos, Ana Díez de Ure eta Paco Ronda) Nafarroan zehar mugitzen ari den erakusketa ibiltari izanik, Erriberriraino iritsi eta gaur arratsaldez zabalduko ditu bertan ateak 'Adela Bazo, Argentinako emigrazio nafarraren margolaria' izeneko erakusketak, Gobernu Nafarraren babesean antolatua, eta Crisanto Ayanz Buenos Aireseko Nafar Etxeko presidentea arduradun duena. Arratsaldeko zortzietan izango da inaugurazioa eta Erriberriko Kultura Etxea izango du aterpe abenduaren 11era arte.

Gehiago irakurri...


Madrilgo hamar jatetxe nafar bi astez arituko dira nafar mozkinez osatutako menu bereziak eskaintzen

2008/11/18

Ezker-eskuin, Iñaki Goñi, Jose Carlos Capel, Pedro Larumbe eta Salvador Estebanez jardunaldien aurkezpenean. Atzodanik eta hilabetea bukatu arte Madrilgo hamar jatetxe nafar Foru Erkidegoko Gobernuak bultzatu duen ekimen bateko partaide bilakatu du eta Nafarroako lur, zelai eta erreketako produktuetan oinarritutako platerak eskainiz zabalduko dituzte ateak, horren aukera bereziki emanez euren baitara inguratzen zaizkien bezeroei. Hauek dira hamar tokiok: Asador Ox's, El Txistu, La Costa Navarra, La Favorita, La Manduca de Azagra, La Ribera Navarra, Pedro Larumbe, Príncipe de Viana, Señorío de Alcocer eta Sula.

Gehiago irakurri...


Chascomuseko euskal etxeko gazteek euskal musika tresnak esperimentatu ahal izan zituzten tailer batean

2008/11/18

Zingirako Euskaldunak Euskal Etxeko bi neska txalaparta jotzen (argazkia ChascomusEE) Txalaparta, alboka eta beste hainbat euskal musika doinuak izan ziren entzungai Zingirako Euskaldunak Euskal Etxean joan den azaroaren 8an, bertan egin zen lantegiari esker. Patricia Tamayo gasteiztarra, euskara eta musika irakaslea, izan zen lantegia emateko ardura izan zuena. Lantegiko azalpen asko eta asko euskaraz eman zituen Tamayok, horrela elkarteko neska-mutilek, batez ere txikiek, euskara praktikatzeko aukera izan zezaten. Eta euskara ez ezik, musika ere praktikatu zuten, gehienak instrumentuak jotzen saiatu baitziren lantegi praktiko honetan.

Gehiago irakurri...


Azaroaren 27a baino lehen behar dira helarazi Euskararen Egunean emango den 2008ko ENE sarirako hautagaitzak

2008/11/17

Nestor Basterretxeak ENE sarietarako diseinatutako anagrama Azaroaren 27a baino lehen bidali behar dira munduan euskara bultzatzen nabarmendu diren elkarteen ahalegina goraipatzeko eratutako ENE Sarietarako hautagai proposamenak. Hirugarren deialdia du Eusko Ikaskuntzak EuskoSareren bidez Euskararen Nazioarteko Egunarekin (ENE) batera egiteko sortutako ekimen honek. Munduko hainbat tokitan euskararen inguruan garatzen den lan askotan isila eta gutxi ezagutzen dena errekonozitu eta ezagutarazteko eratua, aurreko edizioetan Argentinako Mar del Platako 'Artaburu' Euskara Taldeak eta Bartzelonako Euskal Etxeak jaso dituzte sariok. 2008ko saridunaren izena, ohi bezala, Abenduaren 3an emango da, Euskararen Nazioarteko Egunean.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia