euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Nevadako Estatuak omenaldia egin dio CBS-ri bere 40 urteurrena dela eta: 'Zorionak eta urte askotarako'

2007/05/09

Renoko CBSren omenez Nevadako erakundeetan eginiko ekitaldiko une bat (argazkai CBS) Euskarazko hitz horietxekin zoriondu zuten Nevadako Estatu Batzarreko kideek Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentrua-Center for Basque Studies bere 40. urteurrenean. Zentruko ordezkari taldea izan zen Estatu Batzarraren asteleheneko bilkuran, eta Gloria Totoricaguena CBSko zuzendariak hartu zuen errekonozimendua jasotzen zuen ebazpena. Alta, Totoricaguenak William A. Douglass-i, CBSren sortzaileari, pasa zion dokumentua, Douglassek zentruaren sorreran eta garapenean izan duen garrantzia aitortuz.

Gehiago irakurri...


Juan Antonio Urbeltz antropologoak jasoko du Jimeno Jurio sariaren III. edizioa, igande honetan Artaxoan

2007/05/09

Juan Antonio Urbeltz antropologo eta dantza aditua Nafarroako Artaxoa herrian astebeteko kultur ekitaldiak egiten ari dira egunotan, Jimeno Jurio Sarien 3. edizioa dela eta. Sari hauek Artaxoan jaiotako Jose Maria Jimeno Jurio etnografo eta historialariaren omenez antolatuak izan dira, eta aurtengoa Juan Antonio Urbeltz dantza aditu eta antropologoak jasoko du. Sariak Artaxoako udaletxeak eta Nabarralde aldizkariak sortu dituzte, besteak beste, Artaxoa eta Nafarroako kultura, historia, hizkuntza edota tradizioaren alde lan egin duten pertsonak omentzeko.

Gehiago irakurri...


Maria Elena Etcheverry Argentinako euskaldunen herriminaz aritu zen, haien abesti eta poesiak aztertuz

2007/05/09

Maria Elena Etcheverryk Eusketxen eman zuen mintzaldia (argazkia BasqueHeritage.com) Arrakastaz bukatu zen apirilaren 27an 'Euskal Aztarna Argentinan' erakusketak Eusketxen, Buenos Aireseko Eusko Kultur Etxean, eman duen denbora tartea. Apiril osoan izan da ikusgai Argentinako euskaldunen historian zehar eginiko ibilbide sakona eta hunkigarria eskaintzen duen erakusketa. Eusketxek, gainera, mintzaldi eta ekitaldi osagarriak antolatu ditu erakusketa dela eta. Horietako bat Maria Elena Etcheverryk eman zuen mintzaldia. Bertan, abesti eta poesiak oinarri hartuta Argentinako euskaldunek sentitzen zuten herrimina aztertu zuen.

Gehiago irakurri...


IV. Mundu Biltzarrak mundu osoko euskal etxeen ordezkariak bilduko ditu Bilbora uztailean: Egitaraua

2007/05/08

IV. Biltzarraren egitarauaren diseinua Euskal Gizataldeen IV. Mundu Biltzarrera deitu du datorren uztailaren 9tik 13ra Bilbon Eusko Jaurlaritzak. Biltzar hau lau urtean behin legeak hala finkaturik egiten den elkarretaratzea da eta Jaurlaritzaren aurrean ofizialki erregistratuta dauden mundu osoko euskal etxeetako ordezkariak biltzen ditu. 160 dira gaur egun izaera horretan dauden etxeak. 'Zubigintza' da aurtengorako hautatu den eslogana, 'gizabanakoen, elkarteen, enpresen eta gobernuen arteko komunikazio era berriak irekitzeko eta bultzatzeko', 'Euskal Herriaren eta bere diasporaren arteko lotura sendotu' eta 'norabide askotako zubiak' eraikitzeko. Behin-behineko programa ekarri dugu hona.

Gehiago irakurri...


Etzi osteguna bukatuko da Euskal Etxeen IV. Biltzarrerako agiriak lortzeko epea; Biltzarra, uztailaren 9-13an, Bilbon

2007/05/08

Azkeneko Mundu Biltzarreko lan saioetako irudi bat, AEBetako ordezkari Anita Anacabe hizlari, euskaraz (argazkia EuskalKultura.com) Etzi osteguna bukatuko da datorren uztailaren 9tik 13ra Bilbon egingo den Euskal Gizataldeen IV. Mundu Biltzarrerako partaidetza agiriak aurkezteko epea, Eusko Jaurlaritzatik adierazi denez. Euskal Etxerik duen herrialde bakoitzak hiruna ordezkari bidaltzeko eskubidea dauka. Ordezkariek, gonbidatuek eta laguntzaile gisa parte hartu nahi dutenek euren datuak bidali behar dituzte e-mailez heldu den osteguna baino lehen. Eskabidea, jarraipideak eta loturak, artikulu honen hondarrean.

Gehiago irakurri...


Hitzaldi batek biziarazi zuen Gernikarekiko gomuta Buenos Aireseko Liburu Azokan; atzo bukatu zen Azoka

2007/05/08

Teresa de Zavaleta Buenos Aireseko Azokan eskaini zuen mintzaldian (argazkia EuskalKultura.com) Atzo itxi zituen ateak Buenos Aireseko XXXIII. Liburu Azokak. Argentinako euskal komunitateak Gernikako bonbardaketan hil eta zauritutako biktimak gogora ekarriz hitzaldia eskaini zuen bere baitan apirilaren 27an. Berrehun bat lagun bildu ziren eta Aitor Alava dantzariak aurresku bat dantzatu zuen Gernikan hildakoen omenez. Ondotik Teresa de Zavaleta irakasle eta Euskaltzaleak elkarteko lehendakariak mintzaldia eskaini zuen, gertakariak azalduz.

Gehiago irakurri...


Mar del Platako Euskal Etxeak astebeteko ekitaldi egitarauarekin gogoratu zuen Gernikako bonbardaketa

2007/05/08

Mar del Platako Gernikako Arbolaren kimua, euskaldunek 1955ean landatua (argazkia DenakBatEE) Mundu osoko hainbat lekutako hamaika Euskal Etxeen antzera Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeak Gernikako bonbardaketaren 70. urteurrena gogoratu zuen, astebeteko ekitaldi egitarau batekin. Astean zehar gertakariaren historiaren inguruko ikastaro eta mintzaldiak izan ziren entzungai Mar del Platako Euskal Etxean. Ekitaldi nagusia apirilaren 26an Gernikako Arbolaren kimuaren aurrean eginiko omenaldia izan zen.

Gehiago irakurri...


Estatu Batuetan artzain ibilitako sunbildarrek urteroko bilkura egin zuten, geure historiako zati horren lekuko

2007/05/07

Urtean behin biltzen dira Sunbillako amerikanoak. (EuskalKultura.com argazkia) Estatu Batuetan artzain ibilitako sunbildarrek euren 21. elkarretaratzea egin dute joan den asteartean, egun osoko elkarretaratzea egin ere, urtero bezala deialdia goizetik hasi baitzen --meza batekin bertako parrokian--, bazkari batekin segitu herriko Ulibeltzak elkartean, eta arratsaldez jarraitu baitzuen, ohiko bisita mendi aldera eta afaria berriz ere Ulibeltzak-en eginez. Hogeita hamabi 'amerikano' bildu ziren bertara, garai batean Bidasoaldean --eta Euskal Herriko beste hainbat eskualdetan-- oso garrantzitsua izan zen Ameriketarako emigrazioaren lekuko bizidun, ez baita ahantzi behar Euskal Herria emigranteen herria izan dela duela oso denbora gutxi arte.

Gehiago irakurri...


Eguraldi txarrak ez zuen eragotzi Carmelo-n (Uruguai) 'Eusko Jaia' ekitaldi euskal-uruguaiarraren III. edizioa

2007/05/07

Dantzarien emanaldia Carmeloko Uama antzokian Eguraldiak batere lagundu ez bazuen ere, Uruguaiko Colonia departamenduko Carmelo herriak aurrera egin zuen 'Eusko Jaia' izeneko euskal-uruguaiar deialdi nazionalaren hirugarren edizioarekin. FIVU (Federación de Instituciones Vasco Uruguayas) erakundeak urtero kide dituen euskal etxeen arteko batekin batera antolatua, aurtengoan bertako euskal dantzariak, Argentinakoak, artista folk uruguaiarrak eta beste zenbait osagai izan ditu, tartean zine eta kultura emanaldiak, aire zabaleko ekitaldietako batzuk, euriagatik, herriko Uama antzokira pasatu behar izan zirelarik.

Gehiago irakurri...


Bonbardaketa egunean Gernikan zegoen Ion Guarrotxena bazkideak irakurri zuen Limako EEan 'Gernikako Agiria'

2007/05/07

Raul Noblecilla, Limako Euskal Etxeko lehendakari ordea; Fermin Berasategi gudari ohia eta EEko bazkide nagusia; eta Victor Ortuzar lehendakaria Lima hiriburutik, Peruko euskaldunak eta bertako Euskal Etxea Gernikako Bonbardaketaren 70. urteurrenarekin bat egin eta dei berezia luzatu zuten. EEko lehendakariorde Raúl Noblecilla hizlari, , bonbardaketa egunean Gernikan egon zen Ion Guarrotxena bazkideak 'Gernika Bakearen alde' agiria irakurri zuen, Gernikako Arbola kantatuz amatu zen ekitaldian. Bertako prentsak, hala nola 'El Comercio' eta 'Correo' egunkariek, urteurrena islatu zuren euren orrialdeetan.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia