euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Caracaseko Euskal Etxeak elkarteko amak bildu zituen urteroko omenaldia egiteko Amaren Egunaren karietara

2007/05/30

Eusko Etxeako amatxuen bilkuraren irudi bat (argazkiak CaracasEE) Urtero legez, Caracaseko Eusko Etxea-k omenaldia egin zien elkarteko amatxuei, euskal etxearen egoitzako Areto Nagusian egin zen askari batekin. 50 bat ama inguru bildu ziren ekitaldira, 'euskal etxeko zenbait belaunaldi hezitu dituen taldea osatuz', elkarteko iturriek BasqueHeritage.com-i azaldu diotenez. Aitek ere parte hartu zuten oraingoan eta eguna alaitzeko sari ugari banatu zituen bingo bat egin zen, Frank Pernia eta Unai Azpiritxaga aurkezle.

Gehiago irakurri...


Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Filipinetako Nueva Vizcaya-ko beste hiruk lankidetza sinatu dute

2007/05/29

J. I. Perez, EHUko errektorea (Euskonews argazkia) Euskal Herriko Unibertsitateak eta Filipinetako Nueva Vizcaya probintziako beste hiru unibertsitate zentruk lankidetza akordio bat sinatu dute --lau urtekoa hasteko, eta beste lau urtez luza daitekeena-- irakasleak eta gradu eta graduondoko ikasleen trukea errazteko. Nueva Vizcaya State, Saint Mary eta Aldersgate College dira zentruok. Iaz antzeko harremana ezarri zen Ateneo de Manila (sic) Unibertsitatearekin. Azken urteotan EHU gisa honetako tratuak zabaldu ditu Europar Batasunetik kanpoko hainbat unibertsitaterekin, AEBetan, Kanadan, Latinoamerika osoan eta baita Errusian ere, Deiak gogora arazten duenez.

Gehiago irakurri...


Jose Otondo argentinarrak Euskal Herrira bidaian eginiko margoak ikusgai ipini ditu Concepción del Uruguayen

2007/05/29

Erakusketako irudietako bat, 'Iturri' izenburua duena Elizondo, Erratzu, Donostia, Baztan bailarako kale eta txokoak, marra biziekin eginiko Nafarroako zelaiak... horietxek eta beste askok osatzen dute Jose Otondok Concepción del Uruguay herrian (Argentina) aurkezten duen erakusketa. Margolari euskal argentinarrak iaz Euskal Herrira eginiko bidaian margotu zituen eta Concepción del Uruguayen hilabete osoan ikusgai izan ondoren datozen hilabeteetan Rosarion eta Río Cuarton ere erakutsiko ditu.

Gehiago irakurri...


Fermin Muguruza kantariak bisita egin zien UNAMeko euskara ikasleei, Mexikon burutu berria duen biran

2007/05/29

Fermin Muguruza (erdian) UNAMeko euskara ikasleekin Mexiko hiriburuan egin zuen elkarretaratzean Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko (UNAM) euskara ikasleek egundoko sorpresa hartu zuten Fermin Muguruza kantariak egin zien bisitarekin, Mexikora burutu berria duen biran. Musikari gipuzkoarrak ia bi ordu eman zituen beraiekin, musika, bere bidaiak edota ibilbideari buruz hitzegiten. Euskal kantariak tarte bat egin nahi izan zuen bere agendan ikasle hauekin biltzeko. Horietariko batzuk Muguruzaren kantak ulertu nahian hasi ziren ikasten euskara, eta horren jakitun, Gurutzne Etxeberria irakasleak kantaria kontaktatu eta bisita antolatzea lortu zuen.

Gehiago irakurri...


Argazki diferentea utzi dute atzoko udal eta foru bozek Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan: emaitzen berri

2007/05/28

Izango al da Uxue Barkos Iruñeko heldu den alkatea? UPN 13, NaBai 8, PSN 4, ANV-EAE 2 Oso argazki desberdina eman du atzoko udal eta foru hauteskunde egunak Hegoaldeko lau lurraldeetako bakoitzean. Lerroburu gisa, honakoak: Nafarroan UPNk gobernua eta Iruñeko alkatetza gal ditzake, erabateko gehiengoa galdu baitu, CDN ia desagerturik; Nafarroa Bai, indartsu sartu da, PSNren parean edo aurretik; sozialistak, bozkatuenak Donostian, Gasteizen, Araban eta --zinezko ezustea-- Gipuzkoan; EAJk eusten dio Bizkaian, baina gainerakoan motel; PPk Gasteizko eta Arabako gobernuak galdu ditu; Ezker Batua-Aralar apal baino aurrera; EA ez da hondoratu eta duintasunari eutsi dio; ANV-EAEk emaitza onak, eta ordezkatzen duen Ezker Abertzalearen zatia indarrez itzuli da aurkezten utzi dioten bere ohiko barrutietara.

Gehiago irakurri...


Maixan Merkapide, Haize Berri kultur etxeko arduraduna: «Ez da aski indar egiten euskal kultura zaintzeko»

2007/05/28

Maixan Merkapide (argazkia iTelebista.com) Alarma gorria piztu du Izurako (Nafarroa Beherea) Haize Berri kultur etxeak, laster 30 urte beteko baditu ere, arazo ekonomiko eta politikoengatik bere geroa ez du segurtatua. 'Ni ez naiz frantses kulturaren kontra. Anitz kontsumitzen dut, ez da hori. Ikusten duguna da Euskal Herrian oraino frantses kulturaren hedatzeko dela ematen dirua, ahantziz hemengo kultura bat badela', dio bertako arduradun Maixan Merkapidek. 'Ulertu behar da euskal kulturaren bizia dela jokoan' aitortu dio Nora Arbelbide kazetariari, Berriak duela egun gutxi argitara eman eta guk hona ekarri dugun elkarrizketan.

Gehiago irakurri...


Valparaisoko Euskal Etxeko sortzaileetako bat, Pedro Elorriaga Echeverria zornotzarra, hil da Txilen

2007/05/28

Pedro Elorriaga bere ikurrinarekin, Rubila Araya Ariztiak idatzi zuen 'Arrojos, dichas y nostalgia' liburuak argitara ematen duen irudian (argazkia R. Araya) Valparaisoko Euskal Etxeak 1943an elkartea sortzeko abenturari ekin zioten bazkideetako bat galdu du. Pedro Maria Elorriaga Echevarria joan den maiatzaren 12an hil zen, Viña del Mar-en. Hileta Valparaiso ondoan dagoen hiri honetan egin zen eta bertako eta Txileko euskal komunitateko ordezkaritza mardula izan zen bertan. Archibaldo Uriartek, Valparaisoko Euskal Etxeko lehendakariak, hitz batzuk eskaini zituen hiletan, Elorriagaren bizitza eta ibilbidea gogoratuz. Zornotzan (Bizkaian) jaioa 1923an, Elorriaga frankismo eta nazismoarengandik ihesi heldu zen Txilera.

Gehiago irakurri...


Bartzelonako Euskal Etxea kultur zuzendari bila dabil, elkartearen alor horretako ekimenak koordinatzeko

2007/05/26

Euskal Etxeko eskenatokian kontzertuak, zine emanaldiak, poesi irakurtaldiak... izaten dira (argazkia Euskal Etxea Blog) Zinemaldia, Literaldia, EH Sona!... urtean zehar Bartzelonako Euskal Etxeak hamaika jaialdi antolatzen ditu Euskal Herriko musikari, idazle eta zinemagileei euren lana Katalunian erakusteko aukera emanez. Horiez gain, urtean zehar ere egitarau zabal eta anitza dauka, bertako langileek eta kultur taldeak antolatuta. Orain kultur koordinatzaile lana beteko duen pertsona baten bila dabil Euskal Etxea. Eskabideak lehen bait lehen bidali behar dira, lanpostua berehala erabaki eta hastekoa baita.

Gehiago irakurri...


Anne Etchegoyen kantariak debuta Argentinan: Buenos Airesen eta Rosarion kantaturik, ostiralean Paranán ariko

2007/05/26

Anne Etchegoyen iragan ostegunean Buenos Aireseko Palermo auzoan Pela del Colorado delakoan eskaini zuen emanaldian, EuskoSarek enatolatu itzuliaren baitan (argazkia BasqueHeritage.com) Donapaleun sortu kantariak ostegunean hasi zuen abantxu hamar egunez Argentinan eginen duen itzulia. Buenos Aireseko debutaren ondotik, atzo Rosarion ari izan zen, Zazpirak Bat Euskal Etxeak bere egoitzan antolatu bestan, eta heldu den ostegunean Entre Ríos probintziako Paranán eskainiko du emanaldia, bertako Urrundik Euskal Etxearen eskutik. Parisen bizi den Felipe Saldivia gitarrajole txiletarra lagun --jatorri euskaldunekoa hau ere--, EuskoSarek lagundu duen itzuli honekin Etchegoyenek bere lehenengo kontaktua ukan du Argentinako publikoarekin, izan ere, Euskal Herritik eta Frantziatik kanpo egiten duen lehenengo tour tipia baita, eta kontent ageri da. EuskalKultura.com-i adierazi dionez, nahiko luke heldu den urrian berriz etorri, Rosarioko Euskal Aste Nazionalean parte hartzeko hain zuzen.

Gehiago irakurri...


Mexiko bere iragan euskaldun ugari aberatsari begiratzen ari zaio egunotan DFn egiten ari den Kongresuan

2007/05/25

Mexikoko euskal presentziari buruzko Kongresuko hizlarietako batzuk (argazkia vascosmexico.com) Asteazkenean hasi zen 'Euskaldunen ekarria XIX eta XX mendeetako Mexikon' kongresuak euskal komunitateko kide ugari bildu zituen lehen egunean, Mexikoko historian euskaldunen papera aztertu zuten adituen hitzaldiak entzuteko gogoz. Hizlarien artean Euskal Herritik heldutako Beñat Cuburu historialari lapurtarra izan zen, besteak beste. Mintzaldiek atzoko eta gaurko euskaldunen istoriak ekarri zituzten, ia-ia gaur egungo euskal komunitatearen historiaraino helduz.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia