euskal diaspora eta kultura

2012/07/06
Gipuzkoako diputatu nagusia, Martin Garitano, Uruguaiko euskal etxeen ordezkariekin bilduko da datorren astean Montevideon. Aldundiak Uruguaira bidaia egingo du igandean, Gipuzkoako zenbait enpresen ordezkariekin batera, herrialde horretan negozio aukerak bilatzeko helburuarekin. Gipuzkoako hogei bat enpresek parte hartzen dute bidaian, eta Garitanorekin batera Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo diputatu Jon Peli Uriguenek ere parte hartuko du ordezkaritzan. Bilera ziurrenik asteazkenean izango da, Aldundiko iturriek EuskalKultura.com-i azaldu diotenez.
2012/07/06
Mundu osoko milaka begi izango ditu so gaur Iruñeko Udaletxearen plazak, San Fermin jaiari hasiera emango dion txupinazoaren zain. Diasporan ere asko dira egun honen zain irrikaz izan diren Diasporako euskaldunak, euskal etxe askotan jai hau urteko garrantzitsuenetakoa baita. Londresen eta Venezuelako Caracasen eta Carabobon, adibidez, entzierroak ere egiten dituzte, izan bigantxekin edo izan gezurrezko zezenekin. Atzo El Salvadorreko eta munduko nafar etxeetako hitzorduen berri eman genuen; gaur Argentinako eta munduko euskal etxeen jaiak aipatzen ditugu. Gora San Fermin!
2012/07/06
Iruñeko txupinazoa eta festaren alaitasuna Diasporaraino ailegatzen ari dira eta gaurtik hasita asteburu osora luzatuko dira. Nahiz eta Iruñetik milaka kilometrora egon, jai giroa ez da, ez horixe, batere ahulduta iritsiko Argentinako euskal etxeetara. Are gehiago, erakunde askotan eten bat egingo da eguneroko ekintzetan Nafarroako hiriburuko jaiarekin bat egiteko. Artikulu honetan, EuskalKultura.com-era heldu diren Diasporako proposamenak bildu ditugu. Beraz, jantzi zapi gorria eta hurbil zaitez zure herriko euskal etxera San Ferminak ospatzera!
2012/07/06
Diseinatzaile eta artisten ahalegin eta lana saritu eta irudi euskal argentinarrak sustatzeko asmoarekin argazki lehiaketa bat jarri du abian Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxeak. Lanak banaka zein taldeka aurkeztu ahal izango dira eta gaia euskal kutsua Argentinan, esan nahi baita Argentinako ohituretan, lan arloan, kiroletan eta aisialdian nola islatzen den izango da. Irabazleei dagokienez, lehenengo, bigarren eta hirugarren postuak lortzen dituztenek esku diruko saria jasoko dute eta Rosarioko Udaletxeak antolatutako erakusketa batean parte hartzeko ohorea. Lanak Rosarioko Argazki Lagunartearen egoitzara bidali behar dira – Urquiza kaleko 2124. zenbakira – eta aurkezteko epea 2012ko abuztuaren 31an bukatuko da.
2012/07/05
Mateo Franzoia elkotarra asteburu honetan bertan batuko zaio "Yes we jai!" ETBko telebista saioa grabatzen ari den taldeari. Programak Euskal Herriko jaiak erakutsiko ditu eta herririk herri ibiliko dira giroaz gozatzen Mateo eta berarekin batera saioa aurkezten duten beste Diasporako bi euskaldunak: Rocio Basterra argentinarra eta Sonia Kolazcek poloniarra. Mateo Nevadako Elko herrikoa da eta bere familia oso ezaguna da euskal komunitatean. Bere ama, Anita Anacabe, erreferentzia da herriko eta ABEetako euskal munduan. Egunotan Sanferminak ospatuko dituzte Elkon, baina aurtegoan Mateok zuzenean ezagutu ahalko ditu Iruñean zein Lesakan.
2012/07/05
Egun bakarra baino ez da falta munduan zehar ezagunenetakoa den gure jai hau has dadin Nafarroako hiriburuan. Eta urtero bezala, Diasporako nafar etxeek ere biziaraziko dute San Fermin giroa, tokian tokiko ohitura edo ñabardurei segituz. Bihar hasita eta uztailaren 15era arte, mota askotako ekintzak burutuko dira Argentinako Buenos Aires, Mar del Plata, Bolívar, Rosario eta Mendozako nafar etxeetan, baita Txileko Santiagokoan ere. Artikulu honetara Hego Ameriketako Nafar Etxeen ospakizunen egitaraua bildu du EuskalKultura.com-ek.
2012/07/05
Jende asko dabil aste honetan munduan Iruñera begira, San Fermin kari. Baita El Salvadorren ere, errepublika ertamerikarreko hiriburuko euskal etxeak gure festarik oihartzuntsuena ospatuko baitu aurten lehenengoz, datorren larunbatean, uztailaren 7an. Ez dira falta izango txupinazoaren bertako bertsio berezia, jantzi zurigorriak eta musika eta izpiritu sanferminzalea, ezta bertsoak eta 'poteo-txistu' delako ekimen bat ere, kantu tradizionalak lagun. Deia Santa Teclarako da, arratsaldeko lau t'erdietan, ondoren euskal etxera pasa eta txistorra ere izango duen afariaz gozatzeko.
2012/07/04
Talde bizkaitarrak Madrilen daukan peña edo lagunarterik handiena da, eta hain zuzen ere datorren ostiralean bertan egingo du hiriburu espainiarrean Bazkideen Urteroko Batzarra, eta ondoren senidetasun afaria. Baina Madrilgo Euskal Etxea Athletic-en Peñak zabaldu berria du webgune instituzionala eta bertatik, eta Facebook eta Twitter-eko kontuetatik segi daiteke aurrerantzean talde txurigorriaren eta Madrilgo bere jarraitzaileen berri, eskaintzen dituen beste zenbait tresna ere tartean.
2012/07/04
Joan den astelehenean bukatu da Misiones probintzia argentinarrean, bertako hiriburu Posadas-en azken asteotan garatu den Euskal Zinema Zikloa, hiriko Euskal Jatorri Euskal Etxeak Posadas Liburutegi Herrikoiarekin batera antolatua, izan ere "Liburutegiko arduradunek eskuzabalki onartu baitzuten ekimena euren lokalean egin ahal izatea, posadastarrei kultur aukera honetarako ateak zabalduz", euskal etxetik beretik EuskalKultura.com-i adierazi zaionez. Azken lau asteotan astero gauzatu dira emanaldiak eta batez beste berrogeita hamar bat pertsona bildu dituzte saio bakoitzeko.
2012/07/04
Aurrerapauso handia eman zuen iaz Buenos Aires probintziako Gral. Las Heras-eko Zazpirak Bat euskal etxeak. Izan ere, Luis Echegaray lehendakariaren eskutik, 2011ean hasi zen erakundea erregulartasun batez euskal jai jakin batzuk ospatzen, hala nola, Aberri Eguna, San Inazio edo San Juan, batzuk aipatzearren. Ekintzak komunitate osoari begira antolatzen dira eta herriko euskaldunek ez ezik, gertu dauden euskal etxeetako ordezkariek ere hartzen dute parte. Honen adibide, ekainaren 30ean burututako San Juan eta San Pedroren omenezko jaia. Larunbat arratsaldean, Cañuelas, Navarro, Marcos Paz eta Gral. Rodriguez-eko lagunek bat egin zuten Gral. Las Herasekoekin panpinaren erretzea ikusi eta afariaz gozatzeko.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus