euskal diaspora eta kultura

2012/08/01
Iritsi da 'Euskera para dummies' liburuaren lehenengo zozketa egiteko unea eta aurreneko bi liburu hauek Argentinako Tandilerako bidea hartuko dute, bertako bi harpidedun --bat lehenagotik lagun genuena, bestea berria-- izan baitira zorioneko, datozen egunetan liburuaren ale bana jasoko baitute Maitena Mugicak eta Cecilia Lejarretak. Zorionak biei. EuskalKultura.com harremanetan ipini da dagoeneko eurekin, albistearen berri zuzenean emateko. Oraingoan liburua eurenganatu ez duten irakurleek, bigarren aukera ere badute, bigarren zozketa bat egingo baitugu irailaren 5ean. Parte hartzeko arauak, aurreko berak. Kasu honetan hiru liburu banatuko ditugu: bana parte hartzen duten bi lagunentzat eta hirugarrena, eurak erabakitzen duten Euskal Etxearentzat. Ez zazu aukera galdu!
2012/08/01
2012-08-03an EGUNERATUA: BERTAN BEHERA GERATU DA IÑAKI ETXEPAREREN ARGENTINA ETA BRASILERAKO BIDAIA. Nazioarteko ibilbide aberatsa duen musikari honen bisita jaso dute argentinarrek hil honen amaieran. Abuztuko biran, bi geldialdi egingo ditu Iñaki Etxeparek argentinar Andeetan, Mendozan eta San Juanen hain zuzen. ‘Bach eta itsasoa’ delako emanaldia eskaintzeaz gain ‘Biolontxeloaren pedagogia’ bere liburua aurkeztuko du artista irundarrak Hegoameriketako herrialdean. Kontzertuen datak abuztuaren 20an (Mendozan) eta 21ean (San Juanen) izango dira eta horren ostean Brasilera abiatuko da Etxepare bere Hegoamerikako birarekin jarraitzeko.
2012/07/31
Euskal ikutua daukaten albiste paraguaitarrak ugaldu egin dira azken asteotan. Hilabete hasieran, Misiones departamentuko San Juan Bautista hirian Sebastian Sasiain Zubillaga euskaldunari egindako omenaldia nabarmentzen genuen, gatzagar hau eta bere emazte Brigida Zubia Erostarbek egun bertako sukaldaritza herrikoiaren 'Batiburrillo' izeneko izarra den jatekoa eta edateko gauza bera den 'siriki' delakoaren sortzailetzat hartuak baitira. Mereximendu horiek kari, omenaldia antolatu zitzaien azkeneko San Juan jaietan (San Juan Bautistako jaiak dira), azkenean, ohoratzea, Paraguai bizitzen ari zen egoera delikatuarengatik, uztailaren 7an egin bazen ere. Omenaldi horrekin batera, ordea, bertan euskal etxe berri baten sorrera iragarri zen, Uruguaiko bigarrena, eta baita Euskal Aste bat, bigarrena hau ere, Asuncionen, urriaren 22tik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren Mercosurrerako Ordezkaritza tarteko, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena eta Estatutuaren Eguna ospakizunetara bilduz.
2012/07/31
1956. urtean jaio zen Mendozako euskal etxea, beraz aurten bere 56. urtebetetzea ospatuko du. Urtemugaren ekintzak abuztuaren bigarren asteburuan egingo dira eta komunitate osoari luzatu dio gonbidapena erakundeak. Behar bezala ospatzeko, kalitate handiko ikuskizuna ekarriko du Denak Bat-ek festaren edergarri; Cordobako Baietz-eko mutilak Euskal Herriko erritmoetara dantzaraziko dituzte Andeen magaletako euskaldunak. Urtemugaren berriarekin batera, euskara Mendozako Kulturarteko Institutuak irakatsiko dituen hizkuntzetako bat izango dela abuztutik aurrera iragarri diote euskal etxetik EuskalKultura.com-i.
2012/07/30
Urtearen erdia joan da eta erakundeak iragarrita zuen bezala, ekintza anitz hasi dira burutzen Rosarioko euskal etxean Mendeurrena ospatzeko. Proposamenak mota askotakoak dira, guztiak helburu berarekin: agerian uztea euskal etxeak komunitatean, politika, gizarte eta kultur mailan ehun urteotan bereganatu duen garrantzi handiko lekua. Aktibitateak areagotuz joango dira datozen hilabetetan, urrian, Euskal Aste Nazionalarekin gailurrera iristeko. Gogoan izan, baina, datorren larunbatean Mendeurreneko afaria ospatuko duela Zazpirak Bat-ek, etxearen sorrera eta Iñaki Deunaren lehenengo ospakizuna gogoan.
2012/07/30
Datorren abuztuaren 10ean Nevadako Unibertsitateak ahozko historia lantegi bat eskainiko du Renon. Pedro J. Oiarzabal historialaria izango da lantegiaren gidaria eta bertan Ameriketako euskaldunen historia ikertzeko eta jasotzeko metodologia azalduko dute, nola taxuz ekin ahozko historia biltzeari. Oiarzabal bilbotarra emigrazioan aditua da eta asteotan AEBetako Mendebaldean da gai honi buruzko ikerketa egiten. Egun bateko ikastaro honen antolatzaile dira NABO (North American Basque Organizations), Renoko Center for Basque Studies eta Deustuko Unibertsitatea.
2012/07/27
San Inazio eguna uztailaren 31a bada ere, munduko euskal etxe askok ospakizunak aurreratu eta asteburu honetan bertan egingo dituzte ekitaldi gehienak. Horien artean bereziki aipagarria da Boiseko Euzkaldunak elkarteak antolatzen duen jaia, hiri osoan oihartzun handia duen festa baita. Gaur bertan abiatuko dira Boiseko ekitaldiak eta asteburuan zehar hiria euskal musikaz, dantzaz eta jai giroz beteko dute. Beste zenbait euskal etxek ere bazkariak eta ekitaldiak egingo dituzte asteburuan eta datozen egunetan, Miami, Mexiko, Sydney, Madril, Buenos Aires eta Asuncion (Paraguai) kasu.
2012/07/27
Ekimenaren 9. edizioa uztailaren 13tik ari da martxan Necochean, euren ezagutzak eta euskal kulturaren lekukotasuna euren adinkide argentinarrekin partekatzera Euskal Herritik etorritako sei gazteen eskutik. Jo ta ke dabiltza Necocheako euskal etxean Lierni Zangitu Arroyo, Irati Urkiola Irigoien, Maitane Andueza Mujika, Junkal Lekuona Alberro, Nagore Lekuona Lopez de Robles eta Gaizka Garde Izquierdo, izan euskara eta dantza klaseak ematen, musika tailerrak edota kirolak erakutsi eta praktikatzen. Aurtengo nobedadeen artean ‘Txiki Eguna’ izeneko ospakizuna eta beste euskal etxe batzuetako kideei begira antolatutako tailer bereziak aipa daitezke. gazte europarren Necocheako egonaldia abuztuaren 3ra arte luzatuko da eta euren azken agerraldia, 3an bertan izango da, aitona-amonen omenez egingo den jaian.
2012/07/26
Jaurlaritzako Kanpoan dauden Euskal Herritar eta Gizataldeentzako Zuzendaritzak aditzera eman berri du 2012ko Gaztemundu programan parte hartuko duten lagunen izen-zerrenda. Gogora dezagun aurtengoan euskararen presentzia eta irakaskuntza izan dela hautatutako gaia eta parte hartuko dutenak euren euskal etxe eta federazioetan euskara irakasle izateko ardura daukaten pertsonak direla. Argentina (10), Estatu Batuak (2), Uruguai (2) eta Kolonbiatik (1) datoz eta irail hasieran hasiko dute euren egonaldia Euskal Herrian.
2012/07/26
Urtero legez Vancouverreko Zazpiak Bat elkarteak Euskal Asteburua egin zuen iragan ekain hondarrean, eta elkarteko bazkide asko animatu ziren Merritt herrirako txangoa egitera. Ekainaren 22tik 24ra bitarteko asteburua pasa zuten Vancouverreko euskaldunek Merritten eta San Juan gaua tartean zenez, jai hau ospatzeko sua egin zuten larunbatean. Horrez gain, elkartearen Mus Txapelketa ere jokatu zen eta haurrentzako zein nagusientzako ekitaldi ugari egin ziren. Jarraian, asteburuko argazki kronika.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus