euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mateo Franzoia euskal-amerikarra da "Yes we jai!" (ETB) telebista saioaren Diasporako hirugarren aurkezlea

2012/07/05

Mateo Franzoia gazte elkotarra "Yes we jai!" programan ariko da aurtengo uztailean eta abuztuan Mateo Franzoia elkotarra asteburu honetan bertan batuko zaio "Yes we jai!" ETBko telebista saioa grabatzen ari den taldeari. Programak Euskal Herriko jaiak erakutsiko ditu eta herririk herri ibiliko dira giroaz gozatzen Mateo eta berarekin batera saioa aurkezten duten beste Diasporako bi euskaldunak: Rocio Basterra argentinarra eta Sonia Kolazcek poloniarra. Mateo Nevadako Elko herrikoa da eta bere familia oso ezaguna da euskal komunitatean. Bere ama, Anita Anacabe, erreferentzia da herriko eta ABEetako euskal munduan. Egunotan Sanferminak ospatuko dituzte Elkon, baina aurtegoan Mateok zuzenean ezagutu ahalko ditu Iruñean zein Lesakan.

Gehiago irakurri...


Zapi gorriak, paellak eta txupinazoak prest Diasporako Nafar Etxeetan 2012ko Sanferminak ospatzeko

2012/07/05

Bolivar-ko Nafarroako Etxeko dantzariak 2009ko Sanferminetan (argazkiaNE) Egun bakarra baino ez da falta munduan zehar ezagunenetakoa den gure jai hau has dadin Nafarroako hiriburuan. Eta urtero bezala, Diasporako nafar etxeek ere biziaraziko dute San Fermin giroa, tokian tokiko ohitura edo ñabardurei segituz. Bihar hasita eta uztailaren 15era arte, mota askotako ekintzak burutuko dira Argentinako Buenos Aires, Mar del Plata, Bolívar, Rosario eta Mendozako nafar etxeetan, baita Txileko Santiagokoan ere. Artikulu honetara Hego Ameriketako Nafar Etxeen ospakizunen egitaraua bildu du EuskalKultura.com-ek.

Gehiago irakurri...


El Salvadorreko Euskal Etxeak San Fermin ospatuko du, txupinazoa, 'poteo-txistu'a eta arropa zurigorriez

2012/07/05

San Salvador-ko Euskal Etxeak antolatu duen San Fermin jai afixa Jende asko dabil aste honetan munduan Iruñera begira, San Fermin kari. Baita El Salvadorren ere, errepublika ertamerikarreko hiriburuko euskal etxeak gure festarik oihartzuntsuena ospatuko baitu aurten lehenengoz, datorren larunbatean, uztailaren 7an. Ez dira falta izango txupinazoaren bertako bertsio berezia, jantzi zurigorriak eta musika eta izpiritu sanferminzalea, ezta bertsoak eta 'poteo-txistu' delako ekimen bat ere, kantu tradizionalak lagun. Deia Santa Teclarako da, arratsaldeko lau t'erdietan, ondoren euskal etxera pasa eta txistorra ere izango duen afariaz gozatzeko.

Gehiago irakurri...


Facebook eta Twitter-en, eta webgune ireki berrian topatu daiteke interneten Madrilgo Euskal Etxea Athletic-en peña

2012/07/04

Talde bizkaitarrak Madrilen daukan peña edo lagunarterik handiena da, eta hain zuzen ere datorren ostiralean bertan egingo du hiriburu espainiarrean Bazkideen Urteroko Batzarra, eta ondoren senidetasun afaria. Baina Madrilgo Euskal Etxea Athletic-en Peñak zabaldu berria du webgune instituzionala eta bertatik, eta Facebook eta Twitter-eko kontuetatik segi daiteke aurrerantzean talde txurigorriaren eta Madrilgo bere jarraitzaileen berri, eskaintzen dituen beste zenbait tresna ere tartean.

Gehiago irakurri...


Arrakastaz amaitu da Euskal Jatorrik Posadasko Herri Liburutegiarekin batera eratutako Euskal Zinema Zikloa

2012/07/04

Euskal Jatorri Euskal Etxeak Posadas Liburutegi Herrikoian antolatutako zinema emanaldira bildutako publikoaren irudia (argazkiaEE) Joan den astelehenean bukatu da Misiones probintzia argentinarrean, bertako hiriburu Posadas-en azken asteotan garatu den Euskal Zinema Zikloa, hiriko Euskal Jatorri Euskal Etxeak Posadas Liburutegi Herrikoiarekin batera antolatua, izan ere "Liburutegiko arduradunek eskuzabalki onartu baitzuten ekimena euren lokalean egin ahal izatea, posadastarrei kultur aukera honetarako ateak zabalduz", euskal etxetik beretik EuskalKultura.com-i adierazi zaionez. Azken lau asteotan astero gauzatu dira emanaldiak eta batez beste berrogeita hamar bat pertsona bildu dituzte saio bakoitzeko.

Gehiago irakurri...


Eskualdeko euskal etxeetako kideak lagun, Gral. Las Heraseko Zazpirak Bat-ek San Juan gaua ospatu zuen

2012/07/04

Euskaldunen kalejirak herriko kaleak alaitu zituen (argazkiaEE) Aurrerapauso handia eman zuen iaz Buenos Aires probintziako Gral. Las Heras-eko Zazpirak Bat euskal etxeak. Izan ere, Luis Echegaray lehendakariaren eskutik, 2011ean hasi zen erakundea erregulartasun batez euskal jai jakin batzuk ospatzen, hala nola, Aberri Eguna, San Inazio edo San Juan, batzuk aipatzearren. Ekintzak komunitate osoari begira antolatzen dira eta herriko euskaldunek ez ezik, gertu dauden euskal etxeetako ordezkariek ere hartzen dute parte. Honen adibide, ekainaren 30ean burututako San Juan eta San Pedroren omenezko jaia. Larunbat arratsaldean, Cañuelas, Navarro, Marcos Paz eta Gral. Rodriguez-eko lagunek bat egin zuten Gral. Las Herasekoekin panpinaren erretzea ikusi eta afariaz gozatzeko.

Gehiago irakurri...


'Euskadi, gure arbasoen lurra' arte erakusketa estreinatuko dute bihar Txileko Viña del Mar-en

2012/07/03

Euskadi 'La Tierra de Nuestros Ancestros-Gure Arbasoen Lurra' Wulff Gazteluan ikus daiteke Viña del Mar-en Viña del Mar-ko Udalaren, bertako Ondare Unitatearen eta herriko Eusko Etxea elkartearen eskutik bihar zabalduko da Bosgarren Erregio txiletarreko hiri honetan 'Euskadi, la tierra de nuestros antepasados-Gure arbasoen lurra' erakusketa, euskal jatorriko zortzi artista txiletarren margo eta zizelketa lanak biltzen dituen erakusketa, gai amankomuna Euskal Herriarekiko oroitzapena edo irudi gogoan gordea daukatela, obra hauetara gauzatua. Viña del Mar-ko Wulff Gazteluan izango da zabalik uztailaren 4tik 22ra.

Gehiago irakurri...


Eusko Jaurlaritzak Euskal Etxeen 2012ko dirulaguntzen onuradunen zerrenda argitaratu du EHAAn

2012/07/03

2012ko Ekainaren 28ko Ebazpena, Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusi Guillermo Echeniquerena, diru-laguntzak egotziz. Lotura soilik gaztelaniaz iritsi zaigunez hala islatzen dugu. Eusko Jaurlaritzak Euskal Etxeei 2012an emango zaizkien dirulaguntzak zehazten dituen Ebazpena eman du argitara, ekintzak eta jarduerak (IV. kapitulua) eta azpiegiturak (VII. kapitulua) kontzeptuei dagokienean. 2012ko ekainaren 28ko Ebazpenak 934.667 euro banatzen ditu lehenengoan eta beste 300.000 euro bigarrenean. Hona onuradunen zerrenda, honela banatuta herrialdeka: Alemania (1), Argentina (34), Belgika (1), Kanada (2), Txile (3), Kolonbia (2), Espainia (7), Estatu Batuak (10), Frantzia (3), Mexiko (1), Paraguai (1), Peru (1), Erresuma Batua (1), Uruguai (6) eta Venezuela (2). Hauei, aurrekoetako batek edo batzuek dirulaguntzari uko egiten badiote osatutako ordezkoak gehitu behar zaizkie.

Gehiago irakurri...


Kalakan: "AEB eta Quebec-eko euskal etxeetan bira atzeratu behar izan dugu Madonnarekin jotzeko"

2012/07/03

Madonna kantaria, txapela buruan kontzertu batean; atzean, Kalakan taldeko hiru kideak Iragan maiatzaren 29az geroztik, Kalakan talde euskalduna Madonna kantariaren nazioarteko MDNA World Tour biran ari da parte hartzen. Taldeko hiru partaideek txalaparta jo eta abestu egiten dute ikuskizunean eta Madonnak ere txapela jantzi eta euskaraz kantzatzen du abesti batean. Xan Errotabehere Kalakaneko kideak azaltzen duenez, taldea bira ari zen prestatzen Diasporako zenbait euskal etxetara Madonnaren deia jaso zuenean. Orain, estatubatuarraren birari esker munduan zehar ari dira euskal musika erakusten, baina abentura honen ostean, aurreko proiektuari berrekin eta euskal etxeetara bisita egiteko gogoa dutela aitortu diote EuskalKultura.com-i.

Gehiago irakurri...


Zuzendaritza Batzordea berritu du Pampa-ko Santa Rosako Zelaiko EEak, Angel Baraybar lehendakari

2012/07/02

La Pampa probintzia argentinarreko hiriburu Santa Rosako Zelaiko Euskal Etxearen logoa Aurretik ere EuskalKultura.com-ek iragarri duenez, urte berezia daukate aurtengoa La Pampa probintzia argentinarreko Santa Rosa hiriburuko Zelaiko Euskal Etxean, elkartea sortu zeneko 20 urteak ari baitira ospatzen zenbait ekitaldiz. Testuinguru horretan, ekainaren 15ean Zuzendaritza Batzordea berritzeko bozkak egin zituen elkarteak, urtebete honetarako EEa gobernatuko duen batzordekide eta buruzagi izango direlarik, besteak beste, Angel Baraybar, lehendakari Luis Urretavizcaya, lehendakariorde; Sergio Daniel Lino Yurrita, idazkari; Diego Ariel Asin, idazkariorde; José Antonio Sarasola, diruzain; eta Delia Sansinanea, diruzainorde.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia