2012/07/10

Bi ekimen antolatu dituzte aurten San Juan hiriko euskaldunek San Juan eguna ospatzeko. Bat, ekainaren 24ean, bestea, etxekoentzat; ekainaren 30ean, komunitate osoari begira. Santa Lucia herriko El Vivero auzoko gazteak izan ziren bigarren ekitaldi honen protagonistak. Eusko Etxeko arduradunek azaldu digutenez, “euskal etxearen eta gizartearen arteko loturak sendotzeko asmoarekin antolatu dugu suaren inguruko ekintza hau; eta bide batez, antzinako ohitura bat berreskuratu dugu”, adierazi dute. Datorren hilabeteari dagokionez, euskal etxekoak San Inazio jaiaren antolakuntzan daude murgilduta; horretaz gain eta baieztatzeke egon arren, abuztuaren amaierarako Iñaki Etxepare biolontxelistaren euskaldunaren kontzertu bat egongo litzateke hiriko Juan Victoria auditoriumean.
Gehiago irakurri...
2012/07/09

Martin Garitano diputatu nagusia buru, gaur hasiko da Montevideon Gipuzkoako Foru Aldundiak Uruguaien egingo duen hiru eguneko merkataritza misioa. Bidaiaren helburua Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainentzat negozio aukeraketa kontaktu berriak sustatzea da. Uruguai Hegoamerikako herrialde oparoenetako bat da eta euskal komunitate handia bizi da bertan. Izan ere egun bertako agintari gorenetako asko dira euskal jatorridunak, tartean Jose Mujica presidentea bera. Bihar bilduko da euskal ordezkaritza Mujicarekin.
Gehiago irakurri...
2012/07/09

2010ean hasitako proposamenari jarraituz, berriro ere atera dira Argentinako Udako Euskal Unibertsitateko irakasleak Buenos Airestik kanpo kultur ikastaro bat ematera. Gogora dezagun duela bi urte Tres Lomasen eskainitako ikastaroaz gain, Pergaminon eta San Nicolasen ere aritu izan direla Unibertsitateko ordezkariak 2011 eta 2012an. Oraingo hitzordua Gral. Madariaga herriko Kultur Etxean izan da, bertara lagun mordoa bildurik Euskal Herriari buruzko gaietan adituak diren Udako Euskal Unibertsitateko irakasleak entzutera. Datozen ekintzei dagokienez, Unibertsitateko arduradunek gogorarazi nahi dute Euskal Ikasketen 'Buenos Aires 2012' Jardunaldietarako lanak aurkezteko epea ostiralean, uztailaren 13an, bukatuko dela.
Gehiago irakurri...
2012/07/09

Ehun bat lagun bildu ziren uztailaren 1ean Cordoba hiriburuko Gerora elkarteak egindako elkarretaratzean. Etxekoek prestatu zuten bazkariko menua eta etxeko ‘Geroraren Lagunen taldea’ delakoa arduratu zen antolakuntzaz. Bazkarian, urtean zehar euskal elkartean garatzen diren ekintzen emaitzak erakutsi ziren, hala nola dantzak, kantuak eta musika. Aldi berean, Gerorako arduradunek jakinarazi dute 2012ko proiektuekin jarraitzen dutela, eta nobedade pare bat iragarri dituzte datorren hilabeterako.
Gehiago irakurri...
2012/07/06

Sanferminen hasiera eguna gaur, baita Estatu Batuetan ere, Nevadako Elko herrian NABOk gaur egingo baitu bertan 2012ko bere Batzar Nagusia, non eta sanferminei loturiko tradizioa duen Elkon, egiazko zezenak --gazteak- dituen entzierro moduko ekitaldia baitaukate duela urte batzuetatik hemen tradizio, bestela ere aurten 49. ediziora iritsi den 'Basque National Festival' izena hartzen duen urteroko euskal-amerikar elkarretaratze honetan (ikus egitaraua). NABOk aipagai hartuko ditu, besteak beste, orain arte erakundeko 'sustatzaile' kargua libre geratzea, 2006an posizioa sortu zenetik John Ysursak bete ostean; iazko ekimen- eta ekonomi-balantzea; eta presidente kargua hautatzea; igandean NABOko 'Bizi Emankorra' saria Mary Gaztambide eta Anita Anacabe Franzoiari ematearekin batera. Elkon izango dira Lourdes Auzmendi Jaurlaritzako Kultura sailburuordea; eta Euskal Herritar eta Gizataldeentzako zuzendari Julian Celaya.
Gehiago irakurri...
2012/07/06

Guztia prest dago Nevadako Elkon gaur arratsaldean bertako euskal jaiari --hemen 'Basque National Festival' deitzen diotenari-- hasiera emateko. Aurretik, goizean, NABO bere Batzar Nagusia ari da egiten herriko ikastetxe batean, eta eguerdiz NABOko haurrek haurren mus txapelketa nazionala egingo dute. Seietan, ostera, festa hasiko da, Elkoko euskal festa, jende asko urte osoan noiz iritsiko zain euki duena bertako ekimen tradizionala; eta hasi ere, entzierro batekin eta euskal kirolari eta dantzarien emanaldiekin hasiko da. Larunbatean, euskal festa lehertuko da, rodeoen lekuan, musika, janaria, pilota partidak herriko frontoiean eta txistorra / odolki / tripota / lukainka / txorizo txapelketa bati ere ekingo zaio, eguna dantzaldi euskal-amerikar batekin bukatzeko. Igandean, berriz, euskal meza, piknika parkean eta emanaldi eta erakustaldi gehiago, tartean, esaterako, AEB Mendebaldean famatuak diren irritzi eta jota/fandango lehiaketak. Come and Basque up!
Gehiago irakurri...
2012/07/06

Gipuzkoako diputatu nagusia, Martin Garitano, Uruguaiko euskal etxeen ordezkariekin bilduko da datorren astean Montevideon. Aldundiak Uruguaira bidaia egingo du igandean, Gipuzkoako zenbait enpresen ordezkariekin batera, herrialde horretan negozio aukerak bilatzeko helburuarekin. Gipuzkoako hogei bat enpresek parte hartzen dute bidaian, eta Garitanorekin batera Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo diputatu Jon Peli Uriguenek ere parte hartuko du ordezkaritzan. Bilera ziurrenik asteazkenean izango da, Aldundiko iturriek EuskalKultura.com-i azaldu diotenez.
Gehiago irakurri...
2012/07/06

Mundu osoko milaka begi izango ditu so gaur Iruñeko Udaletxearen plazak, San Fermin jaiari hasiera emango dion txupinazoaren zain. Diasporan ere asko dira egun honen zain irrikaz izan diren Diasporako euskaldunak, euskal etxe askotan jai hau urteko garrantzitsuenetakoa baita. Londresen eta Venezuelako Caracasen eta Carabobon, adibidez, entzierroak ere egiten dituzte, izan bigantxekin edo izan gezurrezko zezenekin. Atzo El Salvadorreko eta munduko nafar etxeetako hitzorduen berri eman genuen; gaur Argentinako eta munduko euskal etxeen jaiak aipatzen ditugu. Gora San Fermin!
Gehiago irakurri...
2012/07/06

Iruñeko txupinazoa eta festaren alaitasuna Diasporaraino ailegatzen ari dira eta gaurtik hasita asteburu osora luzatuko dira. Nahiz eta Iruñetik milaka kilometrora egon, jai giroa ez da, ez horixe, batere ahulduta iritsiko Argentinako euskal etxeetara. Are gehiago, erakunde askotan eten bat egingo da eguneroko ekintzetan Nafarroako hiriburuko jaiarekin bat egiteko. Artikulu honetan, EuskalKultura.com-era heldu diren Diasporako proposamenak bildu ditugu. Beraz, jantzi zapi gorria eta hurbil zaitez zure herriko euskal etxera San Ferminak ospatzera!
Gehiago irakurri...
2012/07/06

Diseinatzaile eta artisten ahalegin eta lana saritu eta irudi euskal argentinarrak sustatzeko asmoarekin argazki lehiaketa bat jarri du abian Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxeak. Lanak banaka zein taldeka aurkeztu ahal izango dira eta gaia euskal kutsua Argentinan, esan nahi baita Argentinako ohituretan, lan arloan, kiroletan eta aisialdian nola islatzen den izango da. Irabazleei dagokienez, lehenengo, bigarren eta hirugarren postuak lortzen dituztenek esku diruko saria jasoko dute eta Rosarioko Udaletxeak antolatutako erakusketa batean parte hartzeko ohorea. Lanak Rosarioko Argazki Lagunartearen egoitzara bidali behar dira – Urquiza kaleko 2124. zenbakira – eta aurkezteko epea 2012ko abuztuaren 31an bukatuko da.
Gehiago irakurri...