2012/07/30

Urtearen erdia joan da eta erakundeak iragarrita zuen bezala, ekintza anitz hasi dira burutzen Rosarioko euskal etxean Mendeurrena ospatzeko. Proposamenak mota askotakoak dira, guztiak helburu berarekin: agerian uztea euskal etxeak komunitatean, politika, gizarte eta kultur mailan ehun urteotan bereganatu duen garrantzi handiko lekua. Aktibitateak areagotuz joango dira datozen hilabetetan, urrian, Euskal Aste Nazionalarekin gailurrera iristeko. Gogoan izan, baina, datorren larunbatean Mendeurreneko afaria ospatuko duela Zazpirak Bat-ek, etxearen sorrera eta Iñaki Deunaren lehenengo ospakizuna gogoan.
Gehiago irakurri...
2012/07/30

Datorren abuztuaren 10ean Nevadako Unibertsitateak ahozko historia lantegi bat eskainiko du Renon. Pedro J. Oiarzabal historialaria izango da lantegiaren gidaria eta bertan Ameriketako euskaldunen historia ikertzeko eta jasotzeko metodologia azalduko dute, nola taxuz ekin ahozko historia biltzeari. Oiarzabal bilbotarra emigrazioan aditua da eta asteotan AEBetako Mendebaldean da gai honi buruzko ikerketa egiten. Egun bateko ikastaro honen antolatzaile dira NABO (North American Basque Organizations), Renoko Center for Basque Studies eta Deustuko Unibertsitatea.
Gehiago irakurri...
2012/07/27

San Inazio eguna uztailaren 31a bada ere, munduko euskal etxe askok ospakizunak aurreratu eta asteburu honetan bertan egingo dituzte ekitaldi gehienak. Horien artean bereziki aipagarria da Boiseko Euzkaldunak elkarteak antolatzen duen jaia, hiri osoan oihartzun handia duen festa baita. Gaur bertan abiatuko dira Boiseko ekitaldiak eta asteburuan zehar hiria euskal musikaz, dantzaz eta jai giroz beteko dute. Beste zenbait euskal etxek ere bazkariak eta ekitaldiak egingo dituzte asteburuan eta datozen egunetan, Miami, Mexiko, Sydney, Madril, Buenos Aires eta Asuncion (Paraguai) kasu.
Gehiago irakurri...
2012/07/27

Ekimenaren 9. edizioa uztailaren 13tik ari da martxan Necochean, euren ezagutzak eta euskal kulturaren lekukotasuna euren adinkide argentinarrekin partekatzera Euskal Herritik etorritako sei gazteen eskutik. Jo ta ke dabiltza Necocheako euskal etxean Lierni Zangitu Arroyo, Irati Urkiola Irigoien, Maitane Andueza Mujika, Junkal Lekuona Alberro, Nagore Lekuona Lopez de Robles eta Gaizka Garde Izquierdo, izan euskara eta dantza klaseak ematen, musika tailerrak edota kirolak erakutsi eta praktikatzen. Aurtengo nobedadeen artean ‘Txiki Eguna’ izeneko ospakizuna eta beste euskal etxe batzuetako kideei begira antolatutako tailer bereziak aipa daitezke. gazte europarren Necocheako egonaldia abuztuaren 3ra arte luzatuko da eta euren azken agerraldia, 3an bertan izango da, aitona-amonen omenez egingo den jaian.
Gehiago irakurri...
2012/07/26

Jaurlaritzako Kanpoan dauden Euskal Herritar eta Gizataldeentzako Zuzendaritzak aditzera eman berri du 2012ko Gaztemundu programan parte hartuko duten lagunen izen-zerrenda. Gogora dezagun aurtengoan euskararen presentzia eta irakaskuntza izan dela hautatutako gaia eta parte hartuko dutenak euren euskal etxe eta federazioetan euskara irakasle izateko ardura daukaten pertsonak direla. Argentina (10), Estatu Batuak (2), Uruguai (2) eta Kolonbiatik (1) datoz eta irail hasieran hasiko dute euren egonaldia Euskal Herrian.
Gehiago irakurri...
2012/07/26

Urtero legez Vancouverreko Zazpiak Bat elkarteak Euskal Asteburua egin zuen iragan ekain hondarrean, eta elkarteko bazkide asko animatu ziren Merritt herrirako txangoa egitera. Ekainaren 22tik 24ra bitarteko asteburua pasa zuten Vancouverreko euskaldunek Merritten eta San Juan gaua tartean zenez, jai hau ospatzeko sua egin zuten larunbatean. Horrez gain, elkartearen Mus Txapelketa ere jokatu zen eta haurrentzako zein nagusientzako ekitaldi ugari egin ziren. Jarraian, asteburuko argazki kronika.
Gehiago irakurri...
2012/07/26

Chascomuseko euskal etxe argentinarrak UNLP Unibertsitateko Cesar Arrondo irakasleak emaniko hitzaldi batez gogoratu zuen joan den asteartean Iruñeko hiriaren setioa eta biharamunean hiria beraren erorketa, hain zuzen ere uztaileko egun horietan beretan duela bostehun urte gertatutako pasadizo historikoa eta Nafarroako Erresumaren konkista eta independentzia galtzea ekarriko zuena. Oroitze-ekitaldi hori testuinguru, Buenos Aires probintziako euskal etxeak "Navarra: la conquista" dokumentala eman zuen bere egoitzan eta, besteak beste, La Platako Kataluniako Etxeko presidentea, Carles Capdevila, gonbidatu zuen bertara, harekin opari-truke bat eginez. Bestalde, EEak urteroko Euskal Gaualdia iragarri du abuztuaren 4erako herriko Brazzola Udal Antzokian, San Inazio eguna ospatzeko.
Gehiago irakurri...
2012/07/26

Zaila da ‘joatea’ edo ‘bueltatzea’ den jakitea. Nola asmatu bi herriak beren lekuak munduan baldin badira. Betty Paris eta Alberto Ospital Argentinan jaiok dira; baina euren gurasoak Euskal Herritik heldu ziren Ameriketara, bizitza hobearen bila. Euskal sentimentua transmititu zieten bezala, herrimina ere utzi zieten eta atxekimendua, eurena ere baden Pirineo magaletako munduari. Seguruenik horregatik Euskal Herrira bidaiatzea etxetik etxera joatea bezala da lagun hauentzat. Igandean abiatuko dira Betty eta Alberto, bidaia, gainera, Buenos Airesko Eusko Kultur Etxeak 2010ean egin zuen zozketan irabazita, laguntza-bonoak erosi zituztelako.
Gehiago irakurri...
2012/07/25

Liman, bertan duela 400 urte sortu zen Arantzazuko Amaren Kofradia, hainbatentzat Diasporako euskal elkarterik zaharrena dena, berpiztu egin du sustatzaile talde batek, eta izaera ofiziala eman zion pasa den otsailaren 13an, bere eraketa-eskritura publikoa erregistratuz, beti ere aurten betetzen ari den laugarren mendeurrena gogoan eta hori ospatzeko ekitaldi sorta berezi bat antolatzen ari direla datorren azaroan gauzatzeko, ekimenen artean Gernikako Arbolaren kimu baten landaketa. Kofradia berrabiatzea egungo euskal etxe baten tankeran gauzatu nahi omen du talde eragileak, eta Limako Klub Nazionalean eginiko ekitaldira jatorriko euskalduneko zenbait enpresari bildu zituzten. Guztiaren asmoa, XVII. mendean jaio eta 1865ean gobernu perutarrak itxi eta ondasunak ongintza publikoari pasatu zizkion arte funtzionatu zuen Limako euskal erakunde hau behar bezala ohoratzea omen da, adierazi dute eragileek.
Gehiago irakurri...
2012/07/25

Jakina denez, leku berezia du Iñaki Deuna edo San Inazio jaiak Diasporako instituzio askoren egutegietan eta urtero bezala 2012 honetan ere ehunka gonbidatu bilduko dira euskal etxeetako aretoetan janari eta ardo onez bustitzeko asmoz. Erakunde batzuetan, proposamen bat baino gehiago gauzatuko dira, hala nola elizkizunak, dantza emanaldiak edo kontzertuak. Hitzorduak abuztuan zehar burutuko dira gehienbat, uztailaren 28an hasiz Necocheako Euzko Etxea-ren eskutik. Necocheaz gain, hona Buenos Aires, Chascomus, Arrecifes, La Plata, Villa Maria eta Comodoro Rivadaviako euskal etxeetatik heldu zaizkigun gonbidapenak. Jai, ordea, beste zenbait herrialdetako euskal etxeetan ere ospatuko da, tartean Uruguai, Txile, Espainia, Mexiko, Uruguai eta Venezuelan.
Gehiago irakurri...