2012/11/07

Interes handia sortu du gure irakurleen artean Etxepare Euskal Institutuaren Euskal Kultura Saila bildumako liburuen zozketak, eta asko izan dira parte hartzeko izena eman dutenak. Herrialde askotik heldu zaizkigu partehartzaileak, eta zozketaren emaitzak munduan zehar sakabanatu ditu jokoan zueden bost liburu sortak. Irabazleak Argentinako Lidia Martha Etchart eta Marcial Agostini Zubillaga, Uruguaiko Maria Angelica Irazabal Arrospide, Estatu Batuetako Miren Edurne Rementeria Artiach eta Hungariako Bernadett Hajdu dira. Datozen egunetan etxean jasoko dute euskal kulturari buruzko liburu bilduma bana. Zorionak!
Gehiago irakurri...
2012/11/07

Gasteizko Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultatean nazioarteko historia mintegia egingo da hilaren 20 eta 21ean. Topaketaren gaia Espainian eta Ameriketan XVI. mendetik XIX. mendera izan diren kofradia eta anaidien ekarpen historikoa izango da. Bilkuran EHUko adituez ga¡n Mexiko, Argentina, Peru eta Kolonbiako historialariak ere ariko dira, besteak beste. Batzorde antolatzailea EHUko Alberto Angulo Morales, Oscar Alvarez Gila eta Jon Ander Ramos Martinez historialariek osatzen dute.
Gehiago irakurri...
2012/11/07

Azaroaren 16ean Olatz Gonzalez Abrisketa EHUKo Gizarte Antropologia irakasleak AEBetako 'American Anthropological Association' elkartearen laburmetraia onenari saria jasoko du San Frantziskon. "Carmen" laburrarekin lortu du saria, bihurrituak sendatzeko Bizkaian erabiltzen den antzinako erritual bati buruzko lana. Proiektu berri bat du ere badu esku artean antropologoak: euskal pilota-ri buruzko eta pilotarien bizimoduari buruzko dokumentala. Urtarrilean hasiko dira grabazioak eta protagonistak euskal pilotari ezagunak izango omen dira, besteak beste, Aimar Olaizola eta Juan Martínez de Irujo.
Gehiago irakurri...
2012/11/06

Berlingo Euskal Etxea oso pozik agertu da amaitu berria den Baskisches Kino Fest zinemaldiak izan duen harrera beroarekin, izan ere, elkarteak azaldu duenez, zinema aretoak ikuslez lepo izan dira emanaldietan, eta itxiera kontzertuak ere -Zuloak taldea eta Fermin Muguruza-- jende asko bildu zuen. Bost egunetan lau luzemetraia eta hainbat labur izan dira ikusgai Alemaniako hiriburuan, eta euskal zinemari buruzko mahainguruak eta hitzaldiak ere antolatu ditu euskal etxeak. Antolakuntzan sostengua eman dute Etxepare Euskal Institutuak, Lehendakaritzak, 2012 Euskadi Fundazioak eta Euskadiko Filmategiak. Aurreneko edizioaren emaitza onak animatuta, elkarteak datorren urtean jarraipena eman nahi dio ekimenari.
Gehiago irakurri...
2012/11/06

De Paso Publicaciones enpresa bizkaitarrak duela astebete plazaratu du telefono mugikorrentzako aplikazio berria: Euskadiri buruzko doako turismo-gida, oraingoz soilik gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez, eta ez oraindik euskaraz. Enpresak badu eskarmentua horrelako lanetan, izan ere, 18 urte daramatza Euskal Autonomi Erkidegoko hoteletan doan banatzen den paperezko gida egiten. Orain gida hori --Euskadiessencial-- teknologia berrietara egokitu du eta sarean da jada eskuragarri.
Gehiago irakurri...
2012/11/06

Unibertsitateko Gogoetarako Euskal Katedra Askeak antolaturik, Itziar Rekalde Luzarraga kontalari euskaldunak ‘Ahozko kontaerako teknikei buruzko tailer-laborategia’ eskainiko du La Platako Unibertsitateko egoitzan. ‘Komunikazioaren eta artearen arloan, ahozko kontaeraren garrantzia nabarmentzea’ helburu duen tailerra egun osoko ekintza izango da, bi zatitan banatuta: azalpen teorikoa eta debate/praktika. Hitzordua azaroaren 21ean izango da, 9etatik 12etara eta ordu 2etatik 5etara, Giza Fakultateko 428. ikasgelan. Partaidetza doakoa da.
Gehiago irakurri...
2012/11/06

Kemper hiriko Ti ar Vro kultur elkarte bretoiak euskal kultur jardunaldiak egingo ditu hilaren 15etik 24ra. Bi herrialdeen arteko elkartasun jardunaldien egitaraua euskal musika tresnen lantegi batekin hasiko da. Ondoren, euskal dantza lantegi bat egingo da, Kepa Untzega dantzariarekin. Euskal musikari buruzko "Bat, bi" dokumentalaren emanaldia egingo da hilaren 20ean eta 24ean "Ohiartzunak / Ekleo / Comme un Echo" musika ikuskizunarekin amaituko dira ekitaldiak. Bilboko Dirdira taldea eta Dremmwel talde bretoiak eskainiko dute ikuskizuna.
Gehiago irakurri...
2012/11/05

Euskal literatura, zinea, bertsolaritza, dantza, gastronomia, historia, kantagintza edo arteari buruz gehiago jakin nahi duzu? Oraintxe duzu aukera gai horiek guztiak --eta gehiago-- jorratzen dituen liburu sorta eskuratzeko, EuskalKultura.com-ek egingo duen zozketarekin. Etxepare Euskal Institutuak argitaratu duen Euskal Kultura Saila bilduma honetan orain arte argitaratu diren hamar aleak zure etxean eskura ditzakezu. Ale bakoitzeko testuak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez datoz. Gaur duzu azken eguna zozketan izena emateko!
Gehiago irakurri...
2012/11/05

Aurrera darrai Argentinan EuskalKultura.com-eko zuzendari Joseba Etxarri egiten ari den bisitaldia, azaroaren 26, 27 eta 28an Argentinako Euskal Aste Nazionaleko ekitaldietan parte hartu eta gero. Etxarrik hitzaldiak eman ditu joan den astean Parana eta Victoria herrietan, Entre Rios probintzian, bertako Urrundik eta Hariz euskal etxeen eskutik, hurrenez hurren. Gaur iluntzean, berriz, Andeen magaleko Mendozan, hitzaldia Denak Bat euskal etxearen egoitzan emango du, "Euskaldunak munduan" izenburupean.
Gehiago irakurri...
2012/11/05

Quebeceko Euskaldunak elkarteak konferentzia gaua egin zuen iragan urriaren 25ean eta arkeologia eta Ipar Amerikako kostaldeko euskal baleazaleen aztarna historikoak izan ziren hitzorduko ardatza. Gauari hasiera emateko, euskal etxeak "Apaizac Obeto" dokumentala eskaini zuen. Dokumental honek Labrador kostaldean XVI. mendeko baleazaleen bideak errepikatuz 2006an bidaia egiten zuten euskaldun talde baten abentura jasotzen du. Ondoren Robert Grenier ur-azpiko arkeologoak hitzaldia eman zuen Kanadako kostaldean dauden euskal txalupa hondoratuei buruz.
Gehiago irakurri...