euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bartzelonako EEak publizitate kanpaina deigarria egin du euskara eskolak iragartzeko: erabil zeuk ere

2012/11/20

Kanpainan erabili diren karteletako bat (argazkia IZiarreta) Aurreikuspenak beltz-beltzak omen ziren ikasturte hasieran, baina Bartzelonako Euskal Etxeak lortu du tinko eustea aurten euskara eskoletan matrikulatu den ikasle kopuruari. Nola? Bada, marketing kanpaina berezi baten bitartez. Igotz Ziarreta argazkilari eta diseinatzaileak eskolak iragartzeko irudi bitxi eta deigarriak erabili ditu, eta jendeak oso ondo erantzun du. Orain, euskal etxeak irudi horiek munduko gainerako euskal elkarteei eskaintzen dizkie, nahi izanez gero eurek ere balia ditzaten.

Gehiago irakurri...


Bira hasiko du bihar Iñaki Etxepare txelista euskaldunak Txile, Argentina eta Brasilgo zenbat EE eta aretotan

2012/11/20

Iñaki Etxeparek kontzertu eta klase magistrala eskainiko du Buenos Airesen azaroaren 26an. Xehetasunak irakurtzeko, egizu klik kartelaren gainean Proposamen pedagogiko eta artistikoa eskainiko du 2012ko bira honetan Iñaki Etxepare biolontxelo jotzaile irundarrak Txile, Argentina eta Brasilen. Programa bikoitzaren baitan ‘Biolontxeloaren Pedagogia’ bere liburua eta ‘Bach eta Itsasoa’ ikuskizuna aurkeztuko ditu Hegoamerikako hainbat herritan, kasu batzuetan euskal etxeek antolatutako ekitaldietan. Ibilbidea bihar, azaroaren 21an, hasiko da Txilen, Santiagoko Euzko Etxean, eta abenduaren 2an bukatuko da Brasilen, Porto Alegre hirian. Tartean, Mendoza (baieztatzear), San Juan eta Buenos Airese hiri argentinarretan ere eskainiko ditu emanaldiak.

Gehiago irakurri...


EuskalKultura.com, finalista 2012ko webgune onenaren Diario Vasco sarietan euskarari dagokion sailean

2012/11/19

EuskalKultura.com finalista da DiarioVasco.com 2012ko Sarietan EuskalKultura.com 2012 urteko webgune onenak saritzeko sortutako DiarioVasco.com Sarietako finalista hautatu dute. Datorren ostegunean egingo den ekitaldi batean adieraziko dira "internet sustatzea" eta "interneten dihardutenen ahalegina eta lan-kalitatea onestea" helburu duten sariotako aurtengo saridunak. EuskalKultura.com euskarari dagokion webgune onenaren kategoriako hiru finalistetako bat da sarien zazpigarren edizio honetan.

Gehiago irakurri...


Bragadoko Constantino Antzokiaren mendeurrenean, Kultur Gunea inauguratuko dute aste honetan

2012/11/19

Florencio Constantino Kultur Gunearen itxura berria, obrak amaitzen (argazkiaEE) 1912an inauguratu zen Argentinako Bragado herrian Florencio Constantino tenore ortuellarrak eraiki arazitako Antzokia. Musikariaren izen bera zeraman antzokiko tauletatik izen handiko artista eta obrak pasatu ziren urteetan zehar. Alabaina, isiltasun eta iluntasun garaiak ere jasan zituen Argentinako Antzoki garrantzitsuenetako bat izan zenak. Aurten, eta eraikinaren mendeurrenean, Florencio Constantino Aretoak, Kultur Gune bihurtuta, bere ateak irekiko dizkio berriz komunitateari eta Argentinako zein Euskal Herriko agintariek hartuko dute parte berrinaugurazio ekitaldietan. Ekintzak azaroaren 21tik 25ra luzatuko dira eta Argentinako presidente Cristina Fernandez ere bertaratuko da, bideokonferentzia bidez.

Gehiago irakurri...


Emigrazioari buruzko "Aita eta Ama maiteak" musika eta poesia ikuskizuna eskainiko dute Bordelen

2012/11/16

Ezkerretik eskuinera, Jean Christian Galtxetaburu, Cecile Tison eta Mixel Etxekopar musikariak Mixel Etxekopar, Cecile Tison eta Jean Christian Galtxetaburu musikariak Bordeleko Eskual Etxean izango dira hil honen 25ean. "Aita eta Ama maiteak" du izena hiru musikariek taularatuko duten ikuskizunak, izan ere, horrela hasten zirelako Argentinara joandako euskaldunek etxera idazten zituzten gutun asko eta asko. Kontzertuaren oinarria XIX. mendeko euskaldunek Argentinatik etxera idatzi zituzten eskutitz hunkigarriak dira, garai hartako emigranteen penak eta pozak, musikarekin eta kantuarekin lagunduta.

Gehiago irakurri...


Chacoko Ikerkuntza Historikoko Biltzarkide izendatuko dute Fabio Echarri historialaria azaroaren 23an

2012/11/16

Fabio Javier Echarri (argazkia EuskalKultura.com) 'Harrotasun handiz' jakinarazi digute Chacoko Kotoiaren Lurra Euskal Etxetik bertoko Ikerkuntza Historikoko Biltzarrak gonbidatu duela Fabio Javier Echarri lizentziatu eta irakaslea Biltzarreko partaide izatera. Resistencia hiriko euskal etxeko lehendakariak ibilbide akademiko oparoa dauka eta 1998tik hona testu ugari argitaratu ditu, tartean, ‘Seberiano, euskaldun unibertsala’ eta ‘Eusebio Zamacola Abrisqueta: basauritar bat Argentinako Chacon’. Izendatze ekitaldia azaroaren 23an izango da, iluntzeko 8etan, Resistenciako Artxibo Historikoko ‘Dr. Eduardo Fracchia’ aretoan.

Gehiago irakurri...


Limako Arantzazuko Anaidiak artxibo historikoak berreskuratuz ospatu du bere IV. mendeurrena

2012/11/15

Limako Arantzazuko Amaren Anaidiaren 4. Mendeurreneko ekitaldien barruan, Gernikako Arbolaren kimu bat landatu zen San Martin Unibertsitatean (argazkia CVAL-EuskalKultura.com) Iragan ostegunean, azaroaren 6ean, Liman Arantzazuko Amaren Anaidiaren sorreraren IV. Mendeurrena ospatu zen. Peruko euskaltzale talde batek 2012an berreskuratu du azken urteetan ahantzita izan zen elkarte historikoa eta berriz ere jarri du abian. Elkartearen sorreraren laurehungarren urtebetetzea kari, Anaidiak nazioarteko mintegi bat egin du Liman eta artxibo eta dokumentu historikoak berreskuratzeko egiten ari den lana ezagutarazi du. Lan horren parte da fondoen digitalizazioa eta hainbat dokumenturen berrargitalpena, adibidez elkartearen estatutuak eta Limako Arantzazuko Amari errezatzen zitzaion bederatziurrena euskaraz.

Gehiago irakurri...


Heldu eta umeentzako narrazio saioak eskainiko ditu Itziar Rekalde kontalariak Chascomus eta La Platan

2012/11/15

Itziar Rekalde kontalaria Zenbait hiri eta euskal etxe bisitatuko ditu Itziar Rekalde Luzarraga ipuin kontalariak datozen egunotan, Argentinara egiten ari den bisitan. Gaurko hitzordua Chascomus hirian izango da eta euskal etxeak antolaturik hiru emanaldi eskainiko ditu: goizean, Bernardino Rivadavia Eskolan; arratsaldean, 3 zenbakidun Eskola Munizipalean; eta iluntzean, Zingirako Euskaldunak-en egoitzan. Gogora dezagun aditu euskaldunak La Platan jarraituko duela bere bira, azaroaren 21ean bertako Unibertsitatean, eta azaroaren 22an Udalaren Liburutegi Gunean.

Gehiago irakurri...


Euskal Zinea eta 'Jose Goñi' Esku Pilota Txapelketa Chivilcoy-ko Beti Aurrera Euskal Etxearen eskutik

2012/11/14

Zine emanaldia iragartzeko afixa Bi ekintza burutuko dira datozen asteburuetan Buenos Aires probintziako Chivilcoyko herrian bertoko Beti Aurrera Euskal Etxeak antolaturik. Alde batetik, Carlos Gabilondo zine adituak ‘Ama Lur’ filma aurkeztuko du ostiral honetan, erakundeko egoitzan. Bestetik, 'Jose Goñi' delako Esku Pilota Txapelketa gauzatuko da larunbat 24an, Chivilcoyko Racing Klub-eko instalazioetan. Lehiaketak Buenos Aires probintziako Pilota Federazioaren, Rancing Klubaren eta Chivilcoyko Udalaren babesa du, eta parte hartzeko deialdia irekita dago.

Gehiago irakurri...


Euskara eskolak abiatu dira Milanen, Erromako ACE elkarteak eta UPTER unibertsitateak antolatuta

2012/11/13

Lucia Ezker irakaslea euskara eskolak ematen Milanen. Italiako bigarren hiri populatuena da Lonbardiako hiriburua, Erromaren ondotik (argazkia LE) Iragan ostegunean Lucia Ezker iruindarrak lehendabiziko euskara eskola eman zuen Milanen, Erromako Associazione Culturale Euskara (ACE) eta UPTER unibertsitatearen lankidetzarekin antolatu den ikastaroan. Milango euskaldun talde batek aspalditik zuen horrelako ekimena abiarazteko gogoa, baina "utopikoa" iruditzen zitzaien. "Proposamena argitaratu genuenean eta hainbeste jendek informazioa eskatzen zuela ikustean, egin behar genuela erabaki genuen", adierazi dio Luciak EuskalKultura.com-i.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia