2013/02/13

Garrantzi handiko bi urrats eman ditu Argentinako Corpus Christiko Eusko Etxeak urte berriari hasiera emateko, eta biak helburu argi eta sendoekin. Alde batetik, Chascomuseko Zingirako Euskaldunak euskal etxeak antolatutako Udalekun hartu zuten parte Misiones probintziako euskal etxe honetako bi neskak. Bestetik, eta lehen aldiz bere historian, Corpus Christiko euskal etxeko gazte bat euskara irakasle trebatuko da Euskara Munduan proiektuaren baitan. Bi esperientziak oso emankorrak izan dira eta animatu zuten erakundea bere proiektuekin inoiz baino bizkorrago jarraitzeko. Izan ere, honez gero euren Euskal Jaiaren data iragarri du Eusko Etxeak: uztailaren 13an izango da, hainbat lagun gonbidatu.
Gehiago irakurri...
2013/02/12

Bihar irekiko ditu berriz ere ateak Euskal Echea elkarteak sustatzen duen Udako Euskal Unibertsitateak. Aurtengo egitaraua aurreko urteetakoenak baino laburragoa izango da, otsailaren 13tik 22ra. Aldi berean, bi mintegi osagarri eta doako eskainiko ditu bosgarren edizio honek, euskal zineari eta euskal ekonomiari buruz hurrenez-hurren. Eskolak Euskal Echea Institutuaren Sarandi kaleko egoitzan izango dira eta parte hartzeko ez da beharrezkoa aurretik ezagutzak izatea.
Gehiago irakurri...
2013/02/12

Valentziako Unibertsitateko Filologia, Itzulpen eta Komunikazio Fakultateak eta Etxepare Euskal Institutuak antolatuta, euskal kulturari buruzko jardunaldiak hasiko dira gaur bertan. Topaketak otsaila eta maiatza bitartean egingo dira, eta hizkuntza, literatura, zinema eta musika izango dira saioen ardatza. Hizlariak Garikoitz Knör de Santiago, Mari Jose Olaziregi (Etxepare), Iban Zaldua idazlea, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiaren zuzendaria eta Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta musikariak izango dira.
Gehiago irakurri...
2013/02/12

Parisetik bueltan dira iragan astean Expolangues hizkuntz-azokan parte hartu zuen euskal ordezkaritzako kideak. Bertan izan ziren, besteak beste, Etxepare Euskal Institutua, Bizkaiko Foru Aldundia, Azkue Fundazioa eta Langune hizkuntza enpresen taldea. Azokako euskal standean euskarari buruzko informazioa zabaldu zuten, eta horrez gain, Mariasun Landa idazleak eta Argitxu Camus historialariak hitzaldiak eman zituzten azokan eta Sorbonne unibertsitatean.
Gehiago irakurri...
2013/02/12

Juan Carlos Etxegoien ‘Xamar’en ‘Euskara Jendea’ liburuak euskal hizkuntzak eta kulturak izan duten ibilbide historikoa eta munduan duten presentzia aztertu zuen era didaktiko, ulerterraz eta atseginean. Testuak arrakasta handia lortu zuen Euskal Herrian eta –gaztelaniara itzulitako bertsioari esker- baita Hego Ameriketako Diasporan ere. Hori dela eta, beste urrats bat ematea erabaki zuen liburuaren egileak: Ibaizabal Mendebalde Kultur elkartea ekoizle eta Zenbat Gara kultur elkartearen laguntzarekin, ‘Euskara Jendea’ dokumental bihurtzeko bidean dago. Proiektuaren arduradunen esanetan, lana “ikusentzunezko esparruan zegoen hutsunea betetzera dator, lengoaia honek duen zabalpenerako dohaina baliatuz”. Dokumental sortak hainbat hizkuntzatako azpitituluak izango ditu eta urtea bukatu aurretik egongo da ikusgai.
Gehiago irakurri...
2013/02/11

Argazki kameraren zozketaren azken txanpan sartu gara. Ostiralean, hilak 15, izango baita zure lanak aurkezteko azken eguna. Anima zaitez! Segi zure ordenagailuko disko gogorrera eta hasi bila, ziur baduzula euskal kultura, paisaia edo izaerari loturiko argazki ederrik. Bidalizkiguzu info@euskalkultura.com helbidera eta zozketan parte hartuko duzu, geroz eta argazki gehiago bidali, orduan eta aukera gehiago izango dituzu Canon PowertShot SX120 IS argazki kamera irabazteko (gehienez bost argazki pertsonako).
Gehiago irakurri...
2013/02/11

Bidaiaren azken zatian, baina aurrera darrai --Estatu Batuetan arras txarra suertatu den eguraldiak baldintzatuta-- Asier Vallejo Eusko Jaurlaritzako Kanpoko Euskal Gizataldeekiko zuzendaria, bere bulegoko Benan Oregi teknikaria lagun Ipar Ameriketako zenbait euskal etxe eta estatutara egiten ari den bidaia, kargua hartu zuenetik lehena. Vallejok zinez positibotzat jo du orain arteko ostera. Gaur gauean New Yorkera helduko dira Boisetik, asteazkenean Euskal Herrirako bidea hartzeko.
Gehiago irakurri...
2013/02/11

Rio Cuartoko eta Argentina osoko euskal gizataldearen ekintzen berri izan nahi duzu? Cordoba probintziako herri honetako euskal etxeko kideak datu-base berria egiten ari dira beren hileroko buletin digitala ahalik eta jende gehienari helarazteko. Ondorioz, helbide elektronikoa bidaltzera gonbidatzen dituzte informazioa jasotzeko interesa duten guztiak. Bide batez, eta 2013ko agenda antolatzen hasi ahal izateko, aurtengo ekintzen egitararua plazaratu dute. Lehenengo aktibitatea proiekzio bat izango da, martxoaren 14an.
Gehiago irakurri...
2013/02/11

VascosMexico posta zerrendako lagunei esker jakin dugu sarean eskuragarri dela Mexikora emigratu zuten euskaldunen zerrenda interesgarri hau. Josu Ruiz de Gordejuela historialariak bildutako datuak dira, "Guía de Vascos y Navarros en México. Siglo XIX" izenburupean. Instituto Nacional de Estudios Históricos de las Revoluciones de México delakoak sarean jarri ditu eta bertan XIX. mendean herrialde honetan lekutu ziren 4.700 immigrante euskaldunen datuak agertzen dira.
Gehiago irakurri...
2013/02/08

Boise State University-k euskal ikasleei zuzenduriko Basque PHD Scholarships izeneko beka deialdi berri bat egin du, unibertsitateko Euskal Ikasketa Programaren eta Idahoko euskal komunitatearen babesarekin. Bekak jasotzen dituztenek doktoretza egin ahal izango dute Boiseko Ingeniaritza eta Elektronika sail ospetsuan. Bekek matrikula osotasunean ordainduko dute eta, horrez gain, ikasleek 18.000 eta 24.000 dolar bitarteko diru-laguntza jasoko dute ostatu eta gastuetarako. Eskabideak martxoaren 15a baino lehen aurkeztu behar dira.
Gehiago irakurri...