euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako eta Euskal Herriko dantzek bat egin zuten Ayacuchon Txahalaren 41. Festa Nazionalean

2013/03/12

Euskal Odola-ko dantzariak euskal etxeak antolatutako 'euskal peña-n' (argazkia EE) Tradizio handia dauka Buenos Aires probintzian Ayacuchoko Txahalaren Festak. Astebetez luzatzen den ekitaldi honek bi helburu ditu: alde batetik eta aspaldiko ohiturari jarraituz, animaliak xakitzea; bestetik, herriko elkarte eta artista anitzen partaidetza lagun, kultur jai handi bat proposatzea. Festaren baitan burutu zuten Euskal Odola Euskal Etxeko kideek euren lagun arteko topaketa. Sarmiento kaleko egoitzan Argentinako eta Euskal Herriko erritmoak nahastu ziren eta, herriko jai giroa euskal kutsuz bustiz, Pirinio magaletako dantzak oparitu zizkioten publikoari etxe anfitrioiko neskek.

Gehiago irakurri...


Bertsolaritza lantegia Liverpoolgo Unibertsitatean, gaur abiatuko den Iberian Week mintegiaren barruan

2013/03/11

Liverpooleko Unibertsitateak urtero egiten du Iberian Week mintegia Aurten ere Iberian Week mintegia egingo du Liverpoolgo unibertsitateak, gaur hasi eta ostirala bitartean, eta topaketa horren barruan euskal, kataluniar eta galiziar kulturen hainbat arlo aztertuko dira. Gaur asteleheneko ardatza bertsolaritza izango da, bi ekitaldirekin: "Bertsolari" filmaren emanaldia eta, jarraian, Itxaso Payak gidatuko duen inprobisazio tailerra. Asteazkenean espainiar transizioari buruzko hitzaldia emango du Juan Arana Cobos, unibertsitateko euskara irakurleak, eta ostegunean euskal fikzio garaikidea izango du hizpide Gorka Mercerok.

Gehiago irakurri...


Boiseko Korrika 18: Why do we speak euskara? Euskal hizkuntzaz gozatzen dugulako!

2013/03/11

Boiseko Korrikalariak Euskal Etxearen aurrean, lasterketa abiatu baino lehen (argazkia BoisekoIkastola) Korrika 18 larunbatean heldu zen Boisera, hiriko euskaltzale talde mardul batek antolatu zuen "Fun Run" izeneko ekitaldiari esker. Euskal Etxearen atarian bildu ziren goizean goiz Boiseko Ikastolako ikasleak eta gurasoak, hiriko euskara ikasleak eta irakasleak eta makina bat euskal-boisetar, korrika egiteko prest. Horien artean izan zen John Bieter historialaria, Idahoko euskal komunitateko kide ezaguna berau. Lasterketa abiatu aurretik Bieterrek euskararen aldeko hitz batzuk egin zituen, Oesteko euskaldunen gisara, euskara eta ingelesa aisa tartekatuz. "Euskara euskal kultura ezagutzeko giltza da", esan zuen, "so let's enjoy euskara!" (euskaraz goza dezagun!)

Gehiago irakurri...


Gaur hasiko dira Buenos Aireseko Euskaltzaleak Euskaltegian 2013ko euskara klase eta tailerrak

2013/03/11

Buenos Airesko Euskaltzaleak Euskaltegiaren kartel edo afixa. 1944tik euskara irakasten hiriburu argentinarrean. Udako oporraldia bukatuta, dena dago prest Euskaltzaleak-en egoitzan ikasturte berriko ikastaroekin hasteko. Urtero bezala, kurtso eskaintza oso zabala da bai mailei bai ordutegiei dagokienez. Baina euskara irakaskuntza helburu nagusia bada ere, Euskal Herriko beste kultur adierazpen batzuk ere landuko ditu hiriburuko euskaltegiak, tartean, kantua, musika eta dantza. EuskalKultura.com-en artikulu honetan, Euskaltzaleak-eko 2013ko zikloko eskolen egitaraua.

Gehiago irakurri...


Barilocheko Mendiko Euzko Etxea EEko kideak erakundearen egoitzaren berrikuntzan murgilduta

2013/03/11

Barilocheko Mendiko Euzko Etxea Euskal Etxeko lagunek itxura aldatuko diote erakundeko egoitzari (argazkiaEE) Bazkari bat egin zuten Barilocheko euskal etxeko lagunek euren obraren pauso berriak ospatzeko. Joan den abenduan hasitako berritze lanak bere fruituak ematen hasi dira eta Mendiko Euzko Etxea gero eta itxura hobea ari da hartzen. Lan handia egin dute azken aste hauetan instituzioko lagunek eta martxoaren 3an xoborrez egindako aparkalekua estreinatu zuten. Egiteke dauden konponketak ez dira gutxi, baina gogoz ari dira Barilocheko euskal lagunak euren ametsa bete nahian: “Mendiko Euzko Etxea berriro zutik ikustea”.

Gehiago irakurri...


'Euskaldun egiten gaituzten errito'ez tailerra Boisen asteburu honetan BSUn, John Ysursaren eskutik

2013/03/08

Asteburu honetako tailerra gidatuko duen John Ysursa historialaria artxiboko irudi batean (argazkia EuskalKultura.com) "Annul Rituals that Define Basques" (euskaldunak definitzen dituzten erritualak) izenburuko tailerra egingo dute asteburu honetan Idahoko hiriburuan bertako Boise State University-ko (BSU) Basque Studies Minor-ak antolaturik, Historian doktore den John Ysursaren ardurapean. Larunbat eta igandez egin ohi diren saio hauek zenbait euskal gai jorratzen dituzte urtean zehar, horietarik azkena joan den asteburuan, 'Women in Basque Culture' gaiaz Lisa Corcosteguiren eskutik, eta hurrengoa datorren asteburuan, 'Basque Stories: Fact of Fiction' gaiaz, Jacob Singer-en eskutik.

Gehiago irakurri...


Euskal Herria Mugaz Gaindi Mintegiak emigranteen itzulera aztertuko du ekainean

2013/03/08

Oscar Alvarez Gila historialaria (pantailan) Brno-tik, Txekiar Errepublikatik bideokonferentziaz parte hartzen 2009ko Euskal Herria Mugaz Gaindi Mintegian; mahaian, Jon Ander Ramos, Mintegiko koordinatzailea (argazkia EuskalKultura.com) Ekainaren 18an eta 19an egingo da Euskal Herria Mugaz Gaindi nazioarteko mintegiaren 9. edizioa, Deustuko Unibertsitatean, Bilbon. Aurreko edizioetan hainbat gai jorratu eta gero, oraingoan emigranteen itzuleraren fenomenoa izango dute hizpide mintegira biltzen diren nazioarteko adituek. Hala, honako galderak erantzuten saiatuko dira, besteak beste: Zer nolako aberria aurkitu zuten emigranteek itzuli zirenean? Nola hartu zituen euskal gizarteak? Ze ekarpen --hala materiala nola inmateriala-- egin zioten emigranteek Euskal Herriari? Ze eragin izan zuten familien eta herrien ekonomian?

Gehiago irakurri...


Abian da Pello Mari Otañoren omenezko bertsopaper lehiaketa, Diasporarentzako atal bereziarekin

2013/03/08

Pello Mari Otaño bertsolariaren irudia, Zizurkileko antzinako argazki baten gainean Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkarteak “Pello Mari Otaño bertsopaper lehiaketa” antolatzea erabaki du, Argentinan hainbeste urtez bizi izan zen bertsolari handiaren oroimenean. Hain zuzen ere, antolatzaileek Diasporarentzako atal berezia sortu dute, Otañok Argentinako euskaldunekin izan zuen harremana gogoan, eta kontuan izanik "bera izan zela Ameriketan aritu zen lehen euskara-irakaslea". Hortaz gain, gazteentzako eta helduentzako beste bi atal ditu lehiaketak. Irabazleek 250 eta 500 euro jasoko dituzte.

Gehiago irakurri...


Euskal partaidetza Las Floresko Azokan, Graciana Goicoechandiak berrituko ez duela lehendakari gisa

2013/03/08

Loretako Euskaldunak euskal etxeko kideak herriko Gizataldeen Azokan (argazkiaEE) Joan den asteburuan gauzatu zen Buenos Aires probintziako Las Flores herrian Gizataldeen Azokaren laugarren edizioa. Bertan izan ziren Loretako Euskaldunak euskal etxeko kideak euskal kultura eta euskal errezetak komunitate osoarekin partekatzen. Hau izan da Las Floresko euskal erakundearen urteko lehenengo ekintza. Hurrengoa, ordea, Urteroko Ohiko Biltzarra izango da agintari berriak hautatzeko. “Lau agintaldi egin ditut eta orain lehendakaritza uzteko momentua heldu da” adierazi du tristura apur batekin Graciana Goicoecheandiak. “Hala ere euskal etxeak epe honetan lortutako gauzen zerrenda ez da laburra eta hori pozik egoteko arrazoi bat da”, esan dio EuskalKultura.com-i.

Gehiago irakurri...


Diasporako Korrika 18 etzi hasiko da Boisen; handik Madril, Montevideo eta Brnora helduko da, besteak beste

2013/03/07

Korrika 17 Berlingo kaleetan barrena, 2011n (argazkia Berlin EE) Jatorrizko Korrika 18 datorren ostegunean abiatuko da, baina Diasporako euskaldunek aurrea hartu diote eta etzi hasiko dira Korrikaren aldeko ekitaldiekin. Aurrenekoak Boiseko euskaldunak izango dira, larunbatean egingo baita Idahoko hiriburuan Korrika Fun Run izeneko lasteketatxoa. Handik Diasporako hainbat lekuetara zabalduko da euskararen aldeko deiadarra: Madril, Bartzelona, Toulouse, Montevideo, Belfast, Brno, Geneva, Buenos Aires... eta hamaika gehiago. Honatx, orain arte jaso ditugun hitzorduak.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia