euskal diaspora eta kultura

2013/07/29
Euskal lekuak Estatu Batuetako herri eta hiri askotako parte dira, Mendebaldean bereziki, eta horixe gertatzen da San Frantziskok bezala euskal osagaia berezkoa duen hiri batean. San Frantziskon berean sortua, Matthew Iribarnek hiria duela urte batzuk nolakoa zen gogora ekarri du oraintsu argitara emaniko artikulu batean, eta hor aipatzen du Romolo kale labur eta malkartsuko 'Basque Hotel' xaharra, North Beach-en, egun, nahiz eta jabeak eta izaera aldatua, zabalik segitzen duen lekua.
2013/07/29
Iñigo Urkullu Estatu Batuetara joango da urrian, Europar Batasunetik kanpo lehendakari gisa egiten duen lehenengo bidaia ofizialean. Lehendakariak New York, Washington DC eta Milwaukee hiriak bisitatuko ditu urriaren 8tik 13ra bitartean, azken xehetasunak finkatzeke, eta, Diasporari dagokionez, New Yorkeko Eusko Etxea-ren mendeurreneko ekitaldietan hartuko du parte eta Estatu Batuetako euskal komunitateko ordezkariekin bilduko da Etxeorratzen Hirian zein Washington hiriburuan.
2013/07/29
Sarean da euskal aldizkari berri bat: Basque Tribune izena du eta ingelesez hutsean egina da. Arduradunen esanetan, abentura digital berri honen helburua Euskal Herriari buruz jakinmina duten ingeles hiztunengana zuzenean iristea da, atzerriko komunikabideen bitartekaritzarik gabe. Albistariak ez ditu eguneroko berriak argitaratzen; aldiz, politika, gizartea, kultura, kirola, euskera eta ekonomia arloko gaiak sakon eta zabal jorratzen ditu. Iñaki Galdos politikari ohia da komunikabide berriaren sustatzaile eta editorea, euskal gizarteko hainbat arloetako adituen kolaborazioarekin eta kazetari talde gazte baten buru.
2013/07/26
Argentina barnealdeko Cordoba probintziako Rio Cuarto herriko Gure Ametza euskal etxetik, honako irudia helarazi digute, erakutsiz zein harro dabiltzan Euskal Herrian Bizkaiko Txorierriko Herri Kirol Taldeko partaideak Gure Ametzako elastikoak soinean. Adiskidetasun eta elkarri laguntze harremana dute eurena, eta aurretik ere emana dugu EuskalKultura.com-en horren berri. Egia esan, beti da gauza on eta interesgarria euskal etxeen arloan, Euskal Herrian kultura, kirol eta beste zenbait arlotan dabiltzan taldeekin harremanak sakontzea, elkarren bultzagarri eta eragingarri.
2013/07/26
Urtea joan da eta berriz ere iritsi da uztail-hondar, abuztu-hasiera garaia eta horrek esan nahi du, AEBetan, Idahoko Boisen, bertako San Inazioko jaiak. Gogoratu behar da uztailaren 31a hemen jai ez denez, ospakizunak aurreko edo ondoko asteburura pasatzen direla, eta aurtengoan aurrekoari egokitu zaio. Gaur arratsaldez, Euskal Etxean egingo den pintxo dastaketa batek eta Basque Block-eko Anduiza hoteleko frontoian Boise eta San Frantziskoko pilotarien artean jokatuko diren partidek emango diote hasiera jai egitarauari. Hiru egunez, Boise erdiguneko Grove kale inguruak dirdira berezia hartuko du, euskal musika, dantza, janaria, oroigarri eta elastikoak nagusituko baitzaizkie bertaratzen diren guztiei. Igandean, revival, Ordago taldearen itzulera, Basque Block-eko berbenan.
2013/07/25
Hiriburu paraguaitarreko Sheraton hotelak Euskal Sukaldaritza Jaialdi bat baitaratuko du gaurtik aurrera eta abuztuaren 3a bitartean, bigarrez urtez segidan berau antolatzeko gonbidatu dutrelarik Iker Gonzalez Ayerbe chef donostiarra, iaz Asuncionen euskal sukalde moldeen aurkezpen orokorra eginez aurkeztu zuen jaiak lortu zuen arrakasta kari. Euskal sukaldaritza tradizionala lantzen duen Iker Gonzalez chefa Donostiako Maria Cristina hoteleko sukaldeburua da eta EuskalKultura.com-i azaldu dionez, pintxo barra itzelarekin batera honako platerak prestatuko ditu, besteak beste: Marmitako, Porrusalda, Zurrukutuna, Bakailaoa Pil-pil erara, Legatza saltsan, Arrainzopa, Txipiroiak Pelaio erara, Pantxineta, Intxaursaltsa... Asunciongo Euskal Etxeak gaurko eguna ezarri du euren kide eta lagunen bilgarri.
2013/07/24
Macachingo (Argentina) Euzko Alkartasuna hoteleko egonaldiaren zozketako sariduna Montevideoko Andrea Bella suertatu da. Andreak parte hartzeko bidali digun emailean Balmaseda hautatu du Euskal Herriko bere herri gustukoen. Zorionak berari! Bi pertsonarentzako luxuzko bi gau irabazi ditu, gosariak eta afari bat barne, aurten nahi duenean erabiltzeko. Egon hadi, berehala deituko baitugu hurrengo zozketa!
2013/07/24
Bizi-bizi eta osasuntsu dabil Boisen, bertako Boise State University (BSU) unibertsitateko 'Basque Studies Minor' delakoa. Izan ere, unibertsitatetik heldu zaizkigun datuek diotenez, 611 ikasle izan dira 2012-2013 ikasturtean 'Basque Studies Minor'ek eskaintzen dituen euskal ikastaroetara hurbildu direnak; eta azpimarratzekoa, BSUko euskal adar honek unibertsitateko hamalau departamenturekin lankide eskaini dituela ikastarook, bertako zuzendari Nere Lete irakasleak EuskalKultura.com-i adierazi dionez.
2013/07/24
Necocheako Euskal Etxeko Gazte Alai dantza taldea Euskal Herrian da hil honetan, Hator Hona kultur trukearen aurtengo edizioaren baitan. Euskal etxeak sustatzen du egitasmoa eta horri esker azken urteotan 60 bat euskal gazte izan dira Necochean euskal kultura irakasten. Orain, hango gazteen txanda heldu da eta hona etorri dira bisitari. "Hogei neska-mutil etorri gara, bi urtez bidaia honetarako aurreztu eta gero", azaldu dio EuskalKultura.com-i taldeko Marcial Agostini Zubillagak.
2013/07/23
Aurten ere Bordeleko Euskal Etxeak Place des Basques-en egin zuen Musikaren Festa jaia eta giro bikaina izan zen bertan, aurrekoetan bezala. Elkarteko koruek euskal musika jarri zuten eta Iparraldeko Mizpirarrak taldeak eta Alain Selvaren bandak goizaldera arte luzatu zuen dantzaldia. Azken orduan musika entzun eta euskal etxera inguratu ziren musikari batzuk ere bildu ziren festara: Bretainiako hiru neska musikari eta Afrikako djembe perkusioa jotzen zuen lagun bat. "Zinez entzutekoak ziren euskal kantuak djembea lagun!", esan dio EuskalKultura.com-i Euskal Etxeko presidente David Mugicak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus