euskal diaspora eta kultura

2013/09/04
Gaztemundu programan parte hartzen ari diren euskal etxeetako 15 lagunek klaseetan eten bat egin zuten atzo arratsaldean eta Urkullu Lehendakariarekin bildu ziren Gasteizen. Harrera ekitaldia Lehendakaritzaren egoitzan egin zen eta bertan izan ziren ere Marian Elorza, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, eta Asier Vallejo, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria. Lehendakariak eskatu die euskal jatorriko gazte argentinarrei, txiletarrei eta iparramerikarrei aukera "bikain" hau aprobetxa dezatela, eta Euskadirentzat ere aukera aberasgarria dela gaineratu zuen.
2013/09/04
Camerata de la Luna koralaren ganbara kontzertua San Luis probintzia argentinarraren 419. urteurreneko ekitaldien barruan gauzatu zen, Villa Mercedeseko Musikaren Etxeko auditoriumean, hiriko euskal etxeak antolaturik. Musikari ugari bildu ziren León Benarós artistari omenaldia egiteko, tartean, Silvia Nasiff abeslaria eta Gustavo Gatica, Emanuel Fernandez eta Juan Vasallo piano jotzaileak. Gogora dezagun Leon Benarós villamercedestarra kultur arlo askotan nabarmendu zela eta kari horretara, eta hil zenetik urtebete betetzean, bere obrak jotzen gogoratu nahi izan duela herriak.
2013/09/03
Letretan doktorea den Nora Mugica familia euskal argentinar batean jaio zen. Buenos Aires probintziako Colon herriko bere etxean ohikoak ziren oso Euskal Herriko eta euskararen doinuak entzutea. Ohikoa ere urtero Idiazabalgo gazta eta kamamila jasotzea. Colondik, hamaika gutun joan-etortzen ziren Goierrira familien arteko harremanei eutsiz. Gaur egun, Rosarioko Unibertsitate Nazionaleko erreferente bihurtuta, Euskal Herriaren eta Argentinaren arteko loturak sendotzen jarraitzen duen Mugica doktoreak bere babesa eman zion Humanitate eta Arteen Fakultateak eta Zazpirak Bat Euskal Etxeak sinatutako akordioari. “Garrantzi handikoa da Unibertsitatean euskara irakastea, profil berrietako jendearengana iristea lortuko baita”.
2013/09/03
Iraila indartsu hasiko du Pariseko Eskual Etxeak, abuztuko oporrak baino lehen aukeratu zen zuzendaritza berriaren gidaritzapean. Euskal etxe paristarra elkarte desberdinek osatzen dute eta haietako kideen artean izan dira hautatuak zuzendaritza batzordeko ordezkariak. Presidente karguan da Sebastian Daguerre, eta presidenteorde lanetan Maryse Lartigue bazkidea. Datozen hilabeteotako erronken artean dute elkartearen Saint Ouen auzoko egoitzaren hamargarren urteurrenaren ospakizuna.
2013/09/02
Entre Rios probintzia argentinarreko 2013ko Immigrantearen Jaia atzo hasi eta irailaren 15era arte gauzatuko da bertako Concordia herrian. Festak hamasei kolektibitatetako lagunak bilduko ditu mota askotako ekintzak eskainiz, tartean musika eta dantza ikuskizunak, kultura standak eta probintziako erreginaren hautaketa. Maria Victoria Etcheverry Legarreta gaztea izango da Ibai'ko Izarra Euskal Etxearen hautagaia. Euskal dantza tradizionalak eta janari tipikoak ere osagai izango dira ekitaldiaren XX. edizioa honetan.
2013/09/02
Bogotako Merkataritza Ganberan, euskal-kolonbiar lankidetza eta nazioartetze egokia sustatzeko akordioa sinatu dute bertako lehendakari Monica de Greiff eta Jaime Mantillak, Emprebask Kolonbiako lehendakari Rodrigo Arizabaletak eta Bogotako Euskal Etxeko lehendakariorde Jose Vicente Katarain eta kudeatzaile Liliana Guzmanek. Izenpetzea iragan uztailaren 31ean gauzatu zen eta helburutzat Euskadiren eta Bogota eta Kolonbia Erdigunearen arteko merkataritza eta inbertsioaren areagotzea aitortzen du, Bogotako Euskal Etxetik adierazi digutenez.
2013/09/02
Irailarekin batera ikasturte berriari ekin dio Bartzelonako Euskal Etxeak eta ekitaldiz jositako egitaraua aurkeztu berri du hilabete honetarako. Hiru gai nagusi izango dituzte jarduerek, elkarteak aditzera eman duenez: politika, mendizaletasuna eta musika. Horien inguruan antolatuko dira makina bat ekitaldi, hala nola Juanito Oiarzabal mendizalearen hitzaldia, Onna eta Gari musikarien kontzertuak eta Euskal Herriko hainbat alderdietako politikariekin topaketak, besteak beste, Bilduko Maribi Ugarteburu eta Alderdi Popularreko Arantza Quiroga.
2013/09/02
Bi hilabete eskas baino ez dira falta Argentinako urteko euskal jai garrantzitsuenerako. Azpimarratzekoa, aurreko urteetan ez bezala, honakoan ostatua ez dagoela voucher-en prezio barnean eta ordezkaritza bakoitzak arduratu beharko duela bere hotela hartzeaz. Ekitaldiak azaroaren lehen astean hasiko dira Gernika 75. Urteurrenari buruzko erakusketarekin eta ekintza nagusiak hilaren 8tik aurrera burutuko dira, tartean Euskal Gizataldeen Hego Amerika eta Karibeko Eskualde Biltzarra. Ikuskizunen arloan, Baietz eta Maral musika taldeek baieztatu dute orain artean partaidetza.
2013/08/06
Amaitzen ari gara urtero sasoin honetan egiten dugun etena, epe honetan argitaratzen ez dugula buletina. Ohi bezala barne lanari, artxiboko lanei eta paperak egiteari eskaini diogu denbora hau; eta bereziki aurten, daramagun bitarteko murrizketarekin, ez dugu aspertzeko astirik izan. Buletina irailaren 2an, astelehena, itzuliko da bere ohiko bideetara. Ongi amaitu abuztua!
2013/08/05
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus