euskal diaspora eta kultura

2014/07/10
Anabel Jaureguiberryk argi omen zeukan Neurologiara dedikatu nahi zuela. Tandilen jaioa, Buenos Aires probintzia argentinarraren bihotzean, Buenos Aires hiriburura aldatu zen duela hogei bat urte ikasketak burutzera eta denbora gutxiren buruan ohartu zen Neuroimmunologia zela gehien erakartzen zuena. Horretan urratsak eman eta iritsi da, dauzkan 37 urteekin, bere arloan prestigiozko profesionala izatera.
2014/07/10
Vanesa Arozamena euskal filologoa Valparaison izan da, bertako euskal komunitatearen historiari buruz ikertzen. Valparaisoko Euskal Etxea bisitatu zuen ikerlariak eta bertan Rubila Araya Ariztia kazetariarekin elkarrizketatu zen. Araya “Arrojos, dichas y nostalgias: Vascos en el Valparaíso del siglo XX” liburuaren egilea da, eta lan hori ikerketako inspirazio iturri izan du Arozamenak. Ikerlariak, gainera, elkarteko presidente Archibaldo Uriarte eta bertako zenbait bazkide gazte ere elkarrizketatu zituen bere lanerako. Ikerketaren helburua Txileko euskaldunen ondorengoek "euren oroimena eta tradizioak nola mantentzen dituzten" eta "Eusko Etxeak horretan duen eragina aztertzea" da, Arozamenaren esanetan.
2014/07/09
Euskal filologoa da Eztitxu Hariñordoki (Baigorri, 1990) eta euskara eta euskal kultura irakasten ibili da aurten Estatu Batuetan, Kaliforniako Bakersfielden. Otsailean hasi eta uztailean bukatu ditu egin beharrekoak. Euskal Etxeko haur eta helduei eta CSUB unibertsitateko ikasleei Euskal Herriaren puska bat erakutsi ostean, NABO Ipar Ameriketako euskal elkarteen federazioak bertako haur euskaldunei zuzendutako udalekuetan parte hartu du Elkon. “Gauza ederra izan da egunero altxatu eta haurrei eskolak ematera joatea”, aitortu dio Euskalkultura.com-i.
2014/07/09
Kalean da "Euskal News" albistari digitalaren azken zenbakia, ekainekoa, eta bertan AEBetako euskal komunitateari buruzko berri sorta zabala bildu du, ingelesez, AEBeko Euskadiren ordezkaritzak. Esaterako, Udaleku 2014, Amaia Arberas sopranoak New Yorken eman zuen azken kantaldia, Bakersfieldeko "Accordion Festival "musika jaialdia edo "Badassque" kamiseten proiektu euskaltzalea (irabazien zati bat euskal etxeetako euskara klaseak laguntzeko izango da). Buletina berritu egin dute aurten eta harpideek doan jasotzen dute e-mail bidez. Izena eman nahi duzu? Jarraian esango dizugu nola.
2014/07/09
Ekitaldia abuztuaren 7an hasiko da Mozarten Don Giovanni-rekin eta azaroaren 27an bukatuko Verdiren La Traviatarekin. Ostegunero gauzatuko da, lau hilabetez, azaroaren amaierara arte. Proposamenari esker DVD formatuan dauden jatorri ezberdinetako operak proiektatuko ditu euskal etxeak. Sarrera libre eta doakoa izango da baina elikagai ez galkorrak eskatuko zaizkio publikoari, hiriko gune komunitarioetara dohaintzan emateko.
2014/07/08
Euskal Telebistak, ETB K bere kanalaren bidez, “Aita” filma emango du gaur gauean. Filma Txema Salcedoren emaitza da eta Perun hazi zen Salcedo beraren aitaren istorioa kontatzen du, Franco generalaren kontra gudari borrokatu ondoren, emaztea eta haurrekin batera Perura erbesteraturik, dagoeneko zahartzaroan semearekin Euskal Herrrira etorri eta gerra garaiko garaia eta bizikizunak honi lekukotasun hori pasatu ondoren. Gaueko 10etan emango du ETB k kanalak. Telebistak adierazi du, bestalde, aurrerago ETB Sat-en emango duela eta 'ETB Nahieran'-en ere ipiniko duela aurki dokumentala.
2014/07/08
Apurka apurka bildutako argazkiekin osatu du erakusketa Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak, eta abuztuaren 31 arte izango da ikusgai Bertizko Natur Parkean. Artzainek euren bildumetatik aukeratutako eta utzitako irudiotan Oesteko mendi eta larretako bizimodu latza ikus daiteke. Elkarteko Laura Igantzi pozik agertu da erakusketak artzainen esperientziaren berri eman eta zabaltzen lagunduko duelako. Ildo beretik, datorren uztailaren 13 omenaldi oso berezia jasoko dute artzainek Iruñeko San Ferminetan, txistularien alardea eurei eskeinia izango baita.
2014/07/08
Uztail guztietan bezala, gorriz eta zuriz jantzi dira berriro ere Argentinako nafar eta euskal etxeak Sanferminak ospatzeko. Nafarroako ohiturari jarraituz, baina ozeanoaren alde honetan sortutakoari eusteari utzi gabe, txupinazoarekin eta kartoizko zezenekin jaso zuten argentinarrek nafarren jai ospetsuena. Hona hemen, joan den asteburuan gauzatutako ospakizunen isla eta adibidea.
2014/07/07
Atzo igandea, uztailaren 6an, abiatu zen Donostian Eusko Jaurlaritzak urtero euskal etxeetako gazteentzat antolatzen duen Gaztemundu programa, bere 2014ko edizioan. Euskal Etxeen Mundu-Batzarrean erabaki legez, Dantza da ikastaro/egonaldi honen aurtengo gaia, eta kari horretara adin aldeko muga jaso egin da eta 25 partaideak, Diasporako dantza taldeetako zuzendari eta dantza trebatzaileak dira, besterik gabe. Ikastaroa uztailaren 20ra arte izango da.
2014/07/07
Uruguaiko Fray Bentos herrian jaioa den Damian Ibargureren koadro eta muralak “Mundu zoriontsu bateko postalak” izenburuko serie bateko parte dira eta “ikusleari bere egunerokotasunean poz uneak oparitzea” daukate helburu. Asmo honekin eta bi herrien arteko loturak sustatzeko, Ibargurenek muralak pintatu nahi ditu Euskal Herrian eta Diasporan ere. Jardunbide handia du artista hegoamerikarrak arlo honetan: hogeita hamarretik gora mural margotu ditu Uruguain, bi Libanon eta bukatu berri du azkena, Costa Rican.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus