euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sandra Fonseca diputatua, General Acha-ko 'Pelotari' kirol Eskola ekimeneko 'amabitxia' izendatu dute

2009/08/10

Pelotari Eskola eta ekimeneko zenbait partaide, diputatu ere bertan dela General Achako Euskal Etxean

Gehiago irakurri...


Bihar egingo du bere urteroko Euskal Jaia Mountain Home-ko EEak; iragan astean Julian Celaya izan zuen bisitari

2009/08/07

Jaurlaritza ordezkaritza eta euskal komunitateko buruzagiak Mountain Home-ko 'Basque Park' edo euskal Parkean, atzean euskal murala eta eskuinean pilotalekuaren zatitxo bat ikusten dela (argazkia MountainHomeNews) Mountain Home-ko Euskal Etxeak --'Euskal Lagunak Elmore County Basque Association'-- bihar egingo du bere urteroko Euskal Jaia. Ohi bezala, herriko 'Basque Park' edo Euskal Parkean izango da, aire libreko eremu egokia baita, bere euskal pilotaleku historiko berritua, euskaldunek bertan utzitako markaren ohorezko monumentua, berdeguneak eta gainerako instalazioak tarteko; baita ere, ahaztu gabe, garai batean herriaren ikurra izan zen eta datorren urtean 100 urte beteko dituen Bengoechea Hotelaren eraikina. Herriak, bestalde, Julian Celaya Jaurlaritzako Diasporarako zuzendari berriaren bisita izan zuen joan den astean, bertako euskal komunitatearen harrera ekitaldia eta guzti.

Gehiago irakurri...


Idahoko zenbait tokitako euskara ikasleak bildu eta esperientzia amankomunak partekatuko dituzte

2009/08/07

Azkeneko ikasturtean eginiko elkarretaratean parte hartutako ikasleak, Boisekoak (Itxaso eta Izaskun irakasle) eta Homedale-koak (Gloria Garatea Lejardi irakasle) Joan den ikasturtean, Boise eta Homedale herri idahotarretako (AEB) euskara ikasleak lehenengo elkarretaratze bat egin zuten eta euskara klase bat eta afaria partekatu zuten. Ekitaldiak lortu zuen arrakastak bultzatuta, ikasturte berrian ekimena berriz ere planteatu da, eta baliteke aurreko Boise eta Homedale-ko ikasleez gain Gooding-ekoak ere emendatzea. Izaskun Kortazar NABOko Euskara koordinatzaileak animatu nahi ditu Estatu Batuetako gainerako euskara ikasle eta irakasleak molde honetako ekimenak gara ditzaten eta bil daitezen esperientziak eta eskarmentua partekatzeko ondoko edo ez-urruneko herri eta hirietako euskara eskolakideekin.

Gehiago irakurri...


Txinako Euskal Etxeak 2010ko Boiseko Jaialdi erraldoirako proposamena egin die bazkide eta lagunei

2009/08/06

Reno, Nevadako 'Zenbat Gara' Euskal Dantzari Taldea Boisen, Jaialdiko azkeneko edizioan, 2005ean (argazkia EuskalKultura.com) Urtebete falta da, baina planak behar bezala egin eta bidaia egoki antolatzeko, gauzak garaiz behar dira egin. Hori pentsatu dute, doaike, Txinako Euskal Etxeko lagunek, deia eta proposamena egin baitiete euren bazkide eta adiskideei, 2010eko uztail azkenean Boisen (AEB) egingo den euskal Jaialdi erraldoira joan eta Txinako Euskal Etxe gisa parte hartzeko. Euskal Herrian bertan eta Diasporako beste leku batzuetan hastekotan dira baita ere antzeko bidaiak antolatzen. Datorren udan, Boiseko Jaialdi, Euskal Herritik kanpo egingo den euskal jairik handiena izango da, kanpoko Euskal Herriaren bilgarri eta munduko euskal kulturaren hiriburu. Zalantzarik gabe, ahal baduzu, inguratu zaitez, ez zaizu damutuko.

Gehiago irakurri...


Chascomusko EEk bere zine-eztabaida ekimeneko hirugarren saioa egingo du larunbatean, 'Haize Gaztea'k eratuta

2009/08/06

Hitzaldi/zine/eztabaida saio hauetako aurreko aldi bat Chascomus herri argentinarreko Zingirako Euskaldunak Euskal Etxeak aditzera eman duenez, euskal etxe barneko Haize Gaztea eta Eusko Hazia-ko gazteek eraturik, datorren larunbatean bere hitzaldi/zine/eztabaida ekimeneko hirugarren emanaldia bat egingo da, elkartearen egoitzan eta kasu honetan 'Transizioa Euskal Herrian' gaiari lotua, horretarako sarrera eta testuingurua Cesar Arrondoren hitzek ipiniko dutela, ondoren Julio Medem zuzendari donostiarraren 'La pelota vasca' proiektatuz eztabaidari bide emateko.

Gehiago irakurri...


Bizkaiko Muruetatik Estatu Batuetara artzain joandako Mariano Araluzeak jarritako 'Bertxo berriak' (1909)

2009/08/06

Nevadako basamortua (argazkia EuskalKultura.com) Duela mende bat Ipar Ameriketako lurretara artzain joandako euskaldun baten lekukotasuna eskaintzen digute Bizkaiko Muruetako Mariano Araluzeak 1909an idatzitako bertso hauek. Jose Ariztimuño 'Aitzol'en familiako batek topatu zituen haren paperen artean. Baliteke hemen lehenengo aldiz argia ikusiak izatea. Guk hona, Serafin Basauriren eskutik ekarri ditugu, Eibar.org foro edo zerrenda bitartekari izan dugula. Serafinek pasatu bezala eman ere --"bere akats eta grafiakin", "erre gangordunak 'rr' bihurtuz halabe", pasatu dizkigu berak--, hainbat euskaldunek erbestean egin zuten bidea, gure historia hurbileko parte dena, gogoan izan dezagun.

Gehiago irakurri...


Valparaiso (Txile) eta Arrecifesko (Argentina) Euskal Etxeek datozen bi asteotan ospatuko dute San Ignazio

2009/08/05

Joan den urteko Iñaki Deunako festako irudiak Arrecifesko 'Euskaldunak Denak Bat' Euskal Etxean. Urteko festa garrantzitsuena dute bertan saindu azpeitiarrarena (argazkia EuskalKultura.com) Valparaisotik (Txilen) eta Arrecifestik (Argentinan) bertako bi euskal etxeok idatzi digute, adierazteko datorren iganderako, lehenengoak, eta datorren asteko iganderako, bigarrenak, atzeratu dutela batean zein bestean Iñaki Deuna edo San Ignazioko urteroko euren euskal festa. Batean zein bestean festa handia da santu azpeitiarrarena urteko egutegian eta dantzariak, euskal musika eta bazkari herrikoia izango dituzte. Arrecifesen, gainera, bertako Maral musika taldea arituko da, euskarazko errepertorioko kantuak Mariana Dominé Irigoyenen ahotsaren eztiaz gozatuz.

Gehiago irakurri...


Mariana Spallato Sáenz argentinarra irailean euskalerriratuko da bekadun, UPV-EHUn masterra egiteko

2009/08/05

Mariana Spallato Sáenz dantzariz jantzita Buenos Airesen (argazkia EuskalKultura.com) Krisi ekonomikoa askoren kezka da gaur egun, Europan nahiz Ameriketan eta Euskal Herria eta Argentina ez dira egoera horretatik kanpo geratu. Bi herrialdeon arteko zubiak indartsu mantentzeko, Eusko Jaurlaritzak Diasporari eskaintzen dion beka sistemak martxan jarraitzen du. Horri esker, Mariana Spallato Sáenz argentinarra euskalerriratuko da datorren irailean Euskal Herriko Unibertsitatean master bat egitera. 'Oso aukera ona da lan arlotik erreparatuz eta baita arlo pertsonaletik ere. Masterrak zerikusi handia du nire espezializazioarekin; bestalde, leku askotako jendearekin izateko aukera izango dut eta hori ere oso aberasgarria izango dela uste dut', esan dio EuskalKultura.com-i.

Gehiago irakurri...


Fandango eta Arin-Arina dantzatzen ikasi nahi duzu internetez ikus/jaitsi daitezkeen bideoen bidez?

2009/08/05

Josema Mendiola AEBtan emandako dantza ikastaroetako batean (argazkia nabasque.org) Beste aukerarik ez daukatenentzat, NABOren webguneak Fandangoa eta Arin-Arina pausoz pauso ikasteko bideoak eskaintzen ditu. Aurten dantza ikastaroak ematera Euskal Herritik Estatu Batuetara joan zen Josema Mendiola dantzari añorgatarrari ikastarook ematen hartutako irudiak dira oinarri. Webguneak ingelesez ematen ditu azalpenak, baina erraz jarrai daitezke, gehien axola duen zatia irudiak baitira. Dagoeneko dantzatzen ikasteko aitzakiarik ez dago, etxean bertan ahal denean trebatu gaitezkeelako bideo hauei esker. Ikus eta saia.

Gehiago irakurri...


Coronel Pringles-eko 'Eusko Biltzar' prestatzen ari Immigrantearen Festaren 30. edizioan parte hartzeko

2009/08/04

Eusko Biltzar-eko kide Soledad Pagalday izan zen Coronel Pringles-eko Gizataldeetako Erregina festa honen 2005eko edizioan (argazkia Croma Producciones) Coronel Pringles-eko 'Eusko Biltzar' Euskal Etxea, Argentinako Buenos Aires probintzia barnealdean, aurrera ari da hilabete barru bertan egingo den Immigrantearen Urteroko Festarako prestakizunekin, partaide eta antolatzaile gisa, hala baita Coronel Pringles-eko Rotary Club, Udaleko Kultura Institutua eta herrian presentzia daukaten gainerako gizataldeetako elkarte ordezkariekin batera.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia