euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Oporretatik bueltan Argentinako euskara ikasleak euskal etxeetako ikasgeletara itzultzen ari dira

2010/03/16

Mendozako Denak Bat Euskal Etxeak euskara klaseak sustatzeko egin duen afixa Martxoan hasten da Hego Hemisferioan ikasturtea. Oporraldia bukatuta, eta lanera eta eskolara bueltarekin batera, euskal etxeek pixkanaka urteko aktibitateei berriro ekiten diete. Kasu batzuetan martxoan bertan irekitzen dizkiete ateak ikasleei, beste batzuetan eta ikasleriaren ordu-aukerari begira, apirilean. Irakasleei dagokienez, 'Argentinan Euskaraz'-en ikasle ohiak eta egun abian dagoen 'Euskara Munduan' programaren ikasleak dira. Klase hasierarekin urteetan zehar ikasitako guztia irakasteko aukera izango dute berriz ere Argentinako euskara irakasleek. Hizkuntza klaseez gain, euskal kulturaren arloko beste hainbat ekintzekin ere hasiko dira martxotik aurrera euskal etxeak.

Gehiago irakurri...


Mar del Platako Euskal Etxeak gaur hasiko du euskara ikasturtea; Buenos Airesko Laurak Batek apirilaren 6an

2010/03/16

Euskara eskola Mar del Platako 'Denak Bat' Euskal Etxean, artxiboko irudi batean (argazkia EuskalKultura.com) Egunotan ari dira hasten Hego Ameriketako hainbat euskal etxe euren 2010 ikasturtea. Halaxe adierazi zaigu, esaterako, Mar del Platako 'Denak Bat' Euskal Etxetik eta Burnos Airesko 'Laurak Bat'etik. Mar del Platan, bertako EEko Artaburu Euskaltzale Taldetik azaldu dute lehenengo eskolak gaur arratsaldez hasiko direla Erdiko A Mailari dagokionez, eta hortik aurrera egingo dutela gainerako maila guztiek. Buenos Airesko 'Laurak Bat'etik ere hasi dira iragartzen euren ikasturte hasiera, kasu honetan eskolak apirilaren 6ra arte hasiko ez badira ere. Izena emateko aukerak, beraz, zabalik ditu euskara ikasi edo maila hobetu nahi duenak.

Gehiago irakurri...


Londresko Euskal Etxeak agiria plazaratu du Garikoitz Ibarluzea bazkidearen atxiloketa dela eta

2010/03/16

Londres erdigunean ari omen zen lanean aspaldidanik Garikoitz Ibarluzea Londresko Basque Society-Euskal Elkarteak agiria plazaratu zuen atzo astelehena, poliziak bertako bazkide den Garikoitz Ibarluzearen atxiloketa dela-eta. Agiriak argitzen du igandean Londresen Garikoitz Ibarluzea atxiloketaren berri izan zutela, "indarkeria politikoko karguak leporatuta". "Argitu nahi dugu lehenik eta behin Garikoitz Euskal Elkartearen laguna eta bazkidea dela, baita London erdialdeko janari-denda bateko enplegatu urte luzez jardun duela ere, eta hori guztia aski ezaguna eta publikoa da pixka bat ezagutzen dugun edonorentzat", adierazten du Euskal Elkarteko Koordinazio Batzordeak sinatzen duen idazkiak.

Gehiago irakurri...


Datorren ostegunean abiatuko da 2010.eko Literaldia, euskal literatura Katalunian ezagutarazteko ekimena

2010/03/15

VI. Literaldia iragartzen duen egitarauko azala Datorren ostegunean abiatuko da Bartzelonan Literaldia, euskal literatura Katalunian ezagutarazteko ekimena. Bartzelonako Euskal Etxeak eta UAB (Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa), UB (Bartzelonako Unibertsitatea) eta HEOko (Hizkuntza Eskola Ofiziala) euskara sailek euskal literatura Katalunian ezagutzera emateko antolatzen duten VI. Literaldia iritsi da. Hilabete batez errezitaldiak, irakurketak, musika emanaldiak, lehiaketak eta abarrak publiko katalana euskal literaturzaletzen ahaleginduko dira. Aurtengoan gainera Ipar Euskal Herriko Euskal Kultur Erakundeak sorturiko “Batekmila, euskal munduak” erakusketarekin biribilduko da jaialdia. Literaldia’10, martxoaren 18an hasi eta apirilaren 23an amaituko da, Sant Jordi egunarekin. Hortxe gonbidapena zabalik!

Gehiago irakurri...


Ohorezko Doktoregoa emango dio Caraboboko Unibertsitateak Laurentzi Odriozola oposizioko kazetariari

2010/03/15

Laurentzi Odriozola Echegaray, errekonozimendua jasotzen Caracasen joan den azaroan. Oso haurra zela iritsi zen gaur egun Notitarde egunkariko zuzendari dena, gurasoekin, Venezuelara. Ekitaldia datorren asteko asteartean egingo da eta Laurentzi Odriozola Venezuelako Valencia hiriko Notitarde egunkariko zuzendaria dauka protagonista. Caraboboko Unibertsitateak, "profesionalki zein pertsona gisa" dituen ezaugarri eta tasunak azpimarratuz, Zuzenbideko Honoris Causa Doktoregoa emango dio Laurentzi Odriozola Echegaray-ri, omendua "gizon kuraiadun, objektibo, orekatu eta justu" legez definituz, egungoa bezalako testuinguruan, "Venezuelan, zailtasun, gatazka eta egoerak larriak bizi ditugunean, non zoritxarrez, ados ez gauden gauzak salatu eta esateko oso kuraiatsua behar den izan", adierazi du eskola nagusi horretako buruak. Laurentzi Odriozola 1939an Euskal Herritik Venezuelara erbesteratua iritsi zen belaunaldiko gazteenetakoa da, hilabeteak zituela heldu baitzen, gurasoekin, gerora bere egin duen herrialdera.

Gehiago irakurri...


Paraguain, Asuncion-go Jasone Euskal Etxeak gaur arratsaldez ekingo dio euskara eskolen ikasturte berriari

2010/03/15

Jesus Nazabal Jaka berastegiarra harbelean, Asuncion hiriburu paraguaitarreko 'Jasone' Euskal Etxean iaz eman zituen euskara eskoletako batean (EE argazkia) Gaur arratsaldean ekingo zaie 2010 ikasturte berriko euskara eskolei hiriburu paraguaitarrean. Abenduan bukatu zen ikasturteari amaiera polit eta ondorio positiboduna eman ondoren, Asunciongo Jasone Euskal Etxea irrikaz ari da eskola berriak noiz hasiko zain, euskara ikasten hasi den taldea gehienbat oinarrizkoa bada ere, gogo handiz eta iaz emandako urratsak berritu, areagotu eta sakontzeko asmo biziz baitator, euskal elkarteak buletin honi jakin arazi dionez. Eskolak Asunciongo leku berean gauzatuko dira, esan nahi baita Euskal Etxearen egoitzan, lehenengo hitzordua gaur iluntzeko zazpi t'erdietan izango delarik. Euskara eta euskal kultura ezagutzak eskuratu edo hobetu nahi dituzten jendeak oro daude gonbidatuta.

Gehiago irakurri...


Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxeko bazkideek elkartearen 133. urteurrena ospatuko bihar

2010/03/12

Laurak Bat Euskal Etxearen eraikina Buenos Airesen, Belgrano Hiribidearen 1144ean (argazkia EuskalKultura.com) Buenos Aires argentinar hiriburuko Laurak Bat Euskal Etxeak urtebetetze eguna dauka bihar, biharko egunez, baina 1877ko martxoaren 13an sortu baitzuen gaur egun lanean segitzen duen munduko euskal etxerik zaharrena den hau 13 gazte euskaltzalek osatutako talde batek. Hilabete batzuk lehenago, Montevideon, izen bereko elkarte bat sortua zuten Uruguaiko euskaldunek, baina euskal etxe harek ez zuen iraungo eta Buenos Aireskoak segitzen du indarrean, 1904tik hona gaur egungo orube berean eta 1939tik egungo eraikin berean. Aro modernoko euskal etxerik zaharrenaren 133 urteak ospatuko dituzte Laurak Bateko kideek, bihar arratsaldez gauzatuko den egitarau bati segituz.

Gehiago irakurri...


Lopez lehendakariaren kanpo politika eztabaidagai Legebiltzarrean eta interneteko zenbait forotan

2010/03/12

Artxiboko irudian, Euskadiren Argentinako Ordezkaritzak bere berri emanez egoitzaren ate ondoan daukan plaza (argazkia EuskalKultura.com) Euskadiren Kanpoko Ordezkaritzak eta Eusko Jaurlaritzak Kanpo Harremanen alorrean daraman jokabidea aztergai izan dira aste honetan Legebiltzarrean, batetik, eta prentsan, bestetik. Joan den asteartean, Facebook-en eta interneteko beste foro batzuetan oihartzuna izan duen artikulu bat plazaratu zuen Deia egunkari jeltzaleak, Jaurlaritzaren Argentinako ordezkariak FEVA hauteskundeetan eragin nahi izan duela salatuz. Bestalde, gaur bertan, galdera luzatu dio Legebiltzarrean Andoni Ortuzar-ek Patxi Lopezi Kanpo Harremanen alorrari buruz baita ere. Bi artikuluak ekarri ditugu orri honetara.

Gehiago irakurri...


Maialen Lujanbiok eta Andoni Egañak San Frantziskon kantatuko dute bihar, EEaren 50. urteurrena ospatzeko

2010/03/12

San Frantziskoko Euskal Etxearen 50. urteurreneko afixa eta logoa Euskal Herriko bertso txapeldunak, Maialen Lujanbiok, eta txapeldun ohiak, Andoni Egañak, San Frantziskon kantatuko dute bihar, hiri iparramerikar horretako Euskal Etxearen 50. urteurrena ospatzeko. Europatik propio ekarritako bi bertsolariokin batera, bertako lau bertsolari ere taularatuko dira: Johnny Kurutxet eta Gratien Alfaro (San Frantziskokoak), Martin Goikoetxea (Rock Springs, Wyoming) eta Jesus Goñi (Reno, Nevada). Ikusmin handia piztu du bertso saio honek eta alimaleko giroa espero da bihar San Frantziskoko 'Basque Cultural Center'en. Antolatzaileek ahalegin berezi bat egin dute, eta parte hartzaileetako asko euskaradunak izango badira ere, 'ingeleseratze' zerbitzu bat ere saiatu dira ipintzen. Lan horretan lau pertsona arituko dira, txandakatuz, aitzindaria izango den esperientzia batean.

Gehiago irakurri...


'Aiara' Dantza Talde arabarreko 16 dantzarik Argentina bisitatuko dute martxoaren 27tik apirilaren 10era arte

2010/03/12

Aiara Dantza Taldeko kideak Aiara Dantza Taldea 1984ean jaio zen Amurrion, Amurrio eta Aiara bailara osoko kideek sortuta. Euskal Herriko zazpi herrialdeetako dantzak egiten dituzte jarduera handiko dantzari hauek, kasu gehienetan haiek euren ikuskizunak sortuz. Joan den urtean, taldea Aiarako 24 herrietan aurkeztu zen konpainiaren 25. urtemuga ospatzeko. Aurten, berriz, urrunagora joatea erabaki dute eta datorren martxoaren 27an lurreratuko dira Argentinan. Hemen Aberri Eguneko hainbat ekitaldietan arituko dira, baita Llavallolgo Euskal Echea Institutuan, Euskaltzaleak-Eusketxe-Ekin erakundeen egoitzan eta Iparraldeko Euskal Etxean ere. Euskal Echea Institutukoa izan ezik, beste aurkezpen guztiak Buenos Airesko Ekin Dantzari Taldearekin batera egingo dituzte gazte arabarrek.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia